2023/01/19

Baliatzeko ditugun bideak



Hasteko, aipatuko nuke asko gustatu zaizkidala irakurgaian bildutako materialetako batzuk. Adibidez, “Hezkidetza egoerari buruzko diagnosi azterlana Gasteizko Ikastetxeetan (0 eta 18 urte)” edo Amelia Barquinen "ESKOLA FEMINISTARANTZ. Generoaren motxila husten". Azken honetako aipu labur bat besterik ez dizuet ekarriko, niretzat gai honen sintesi itzena dena: "Barquinentzat eskola parekidetasuna lantzeko “leku pribilegiatua” da. “Baina ez da erraza, hori argi eduki behar dugu. Beraz, eskolari ematen zaion berdintasunerako enkargua bete nahi bada, baliabideak ere eman behar zaizkio. Eskolak aukera asko dauzka gai batzuk aurrera eramateko, eta horietako bat da hezkidetza, baina eskolak bakarrik ezin du. Hori da daukagun erronka, eta horretaz kontziente izan behar dugu". Dena den, badira hain erabilgarriak suertatu ez zaizkidanak ere. Esate baterako, “Ikastetxearen hezkidetza-eredua egiteko gida” zaharkituta dagoela uste dut (1997 urtekoa da), baita “Eskola hezkidetzailearen azterketa eta ebaluaziorako jarraibeak” argitalpena ere. Emandakoak osatzeko, oso interesgarria iruditu zait euskal kulturaren inguruko diagnostiko labur eta zehatz hau, baliabide bilduma ere barne hartzen duena: "Genero ikuspegia (gure) kulturan".

Galdetzen ziguten curriculum eta baliabide didaktiko hezkidetzailea txertatzeko zailtasunik handiena zein den eta, nire ustez, formazioa eta denbora dira gakoak. Eraldaketa bat den heinean, hezkidetza prozesu bat da, eta horretan epe ertaineko begirada aktibatu behar dugu. Nire inguruan, gutxienez, asmo on ugari dago, baina formazioa edo ez dago edo ez da kalitatezkoa edo oso puntuala da. Beraz, ez du aukerarik ematen sakoneko eraldaketarik martxan jartzeko. Aldi berean, formazioaz gain hezkidetza prozesuari berari denbora eskaintzea eta prozesuan heldulekuak eskaintzea oinarrizkoa dela iruditzen zait.

Eremu hezitzaileetan/jendartean baliabideetan hezkidetzan oinarrituriko begirada sustatzeko estrategia “erabilgarri” bat aipatzeko, ikasleekin erabili ohi dudan ariketa bat ekarriko dizuet. Behin, kasualitatez, generoa eta diseinua ardatz zituen erakusketa batean egon nintzen eta bertako katalogoko irudiak erabiltzen ditut hausnarketa bultzatzeko. Lehenengo, irudi hau erakusten diet: 



Gero, galdetzen diet: etxean duzun zulagailuaren/irabiagailuaren antzekoa da? Badago alderik? Eta hortik hasten gara eztabaidan, hizketan. 

Diseinuak sekulako garrantzia du gaur egun eta ez dakit kontziente garen zenbateraino indartzen dituen (hala nahi bada) genero-rolak. Askotan hitz egin da publizitatearen inguruan, baina hain ohiko ditugun etxetresnei ez diegu hainbeste erreparatzen, adibidez. Gainera, oso interesgarria da aldea, fisikoki, ikusi ahal izatea. Esan nahi dut, intuizioz pentsatu dezakegula diseinuak baietz, baldintzatzen gaituela, baina agian ez dakigu neurtzen zenbateraino. Kasu honetan, egin dute esperimentua: diseinuari ezaugarri femeninoak jarri dizkiote normalean ezaugarri maskulinoak izaten dituen etxetresnari, alegia zulagailuari, eta alderantziz egin dute irabiagailuarekin. Hala, bi objektuak parez-pare izateko aukera dugu, eta orduan bai, etxean izan ohi ditugun tresnen eta argazkian agertzen zaizkigunen arteko ezberdintasunak neurgarriagoak dira. Hots, hasieran intuizioa zen hori ezaugarri zehatzetara ekar dezakegu, neurtu, zerrendatu.

Aurreko edizioetako ikaskideek egindako sarreren artean, "Ba gera... gu ere bai..." izenburua duena aukeratu dut. Ez soilik gaur Donostian danborrak jotzen hasiko direlako, baizik eta nagusiki, "Euskal curriculuma genero ikuspegitik" dokumentua duelako ardatz. 

Bukatzeko, Ondarrun hezkidetzan egindako bidea eta aurrera begirako asmoak biltzen dituen bideo bat utziko dizuet (agian zuetakoren bat agertuko da bideoan?):



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina