2023/02/20

Anitz maite zaitut

Landutako kontzeptuen artean, nire ustez, asko dira hezkuntzarako aproposak. Izan ere, gai asko barne biltzen ditu aste honetako jardunak. Hori dela eta, lelo ahalik eta zabalena sortzen saiatu naiz. Gainera, maitasunetik (ez maitasun erromantikotik, baizik eta maitasun osasuntsutik) sortutako harremanak behar ditugu gizarte gisa eraldatu nahi badugu. Hortaz, "anitz maite zaitut" hitz jokoa da nire proposamena. 

Aurreko edizioetako ikastarokideek egindako post baten artean "Ez dut etiketarik nahi!" aukeratu dut. Izan ere, aspaldian ahotan darabilgun gaia da etiketena. Batetik, zapaldutako edo gutxietsitako kolektiboek etiketak behar ditugu gure burua definitzeko, hegemonikoa denetik ezberdintzeko eta sarea osatzeko. Bestetik, etiketa horiek momentu batean kartzela izan daitezke, definizioak beti egiten duelako orokortzearen alde eta gure kolektiboetan ere badaudelako mikro-hegemoniak eta definiziotik kanpo gelditzen diren ezaugarriak. Hortaz, uste dut nolabait beti mantendu behar dela "tentsio" sano bat etiketak sortu/berdefinitu eta etiketa horiek gainditu nahi izatearen artean, bai "emakume" edo "bollera" etiketarekin, baita "euskaldun" edo "beltz" etiketekin ere. 

Sentsibilizaziorako baliagarria izan daitezkeen baliabideen artean hiru aipatu nahiko nituzke. Batetik, Helena Sotoca arte dibulgatzaile feministak eskaintzen dizkigunak. “Ni musas ni sumisas” liburua idazteaz gain sare sozialetan egiten du lan artea ikuspegi feministatik zabaltzeko eta, hain zuzen ere, “La maja sesuda” podcastean feminitatearen inguruko hausnarketa egin zuen. Azaldu zuen nola artearen historian asko aldatu den, garaiaren arabera, femeninotzat hartzen zena. Dena den, beti gizonezkoen begiradak definitu du feminitatea, botere harremanetan begirada hori gailendu baita eta gizonek izan baitituzte artea egiteko baliabideak (denbora, dirua, formazioa...), artea erakusteko espazioak eta artea interpretatzeko zein zabaltzeko zirkuito ia guztiak duela gutxi arte (eta munduko zenbait tokitan oraindik ere hala da, tamalez). 

Sentsibilizaziorako baliagarria izan daitekeen bigarren baliabidea Miquel Missé-ren “A la conquista del cuerpo equivocado” liburua da, edo irakurri ordez ikus-entzunezkoak nahiago badituzu oso gomendagarria da eta Gasteizen eman zuen hitzaldi bat laburbiltzen duen 6 minutuko bideo hau edo 2021 urtean Alternatibak antolatutako solasaldi hau:


Hirugarrena baliabidea elkarrizketa bera da. Badakit ez dela originala, baina sexu-orientazioaren gaia lantzeko aukera izan dut munduko hainbat txokotako emakumeekin eta ez da harritzekoa (baina bai tristea) nola askotan ez dugun pentsatu ere egiten heterosexualitatetik harago. Gurean ere heteroaraua oso errotuta dago, nahiz eta azken urteotan sekulako lorpenak egin. Elkarrizketa horietan, nire ustez muturrekoak izan ziren adierazpenak ere entzun nituen, gerora zer hausnartua eman didatenak. Buruan iltzatuta dut nola esan zidan behin zazpi seme-alaba zituen emakume batek, normaltasun osoz, ez zuela inoiz plazerik sentitu sexuaren bidez, berak ez zituela inondik inora lotzen sexua eta plazera. Sexua seme-alabak ekartzeko zen, senarrak nahi zuenean egiten zena, gainera. Zur eta lur utzi ninduen eta mataza honetan nondik abiatzen garen berplanteatzeko aukera ematen du. Hori dela eta, oso garrantzitsua iruditzen zait gaia lantzerakoan, lehendabizi, maitasun eta konfiantzatik hastea elkarrizketa eta, gero, argitzen saiatzea nondik abiatzen den bakoitza. Gure aurreiritzi eta usteen erdiak, akaso, ustelak izango direlako.

Bukatzeko, hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko erronkak aipatu nahiko nituzte. Asko dira eta testuinguruak erabat baldintzatuta daude: ikasleen adina eta egoera, taldea, irakasleen formazioa eta sentsibilidadea... Dena den, aste honetako irakurgaian landutako Raquel Lucas Plateroren aipua nabarmendu nahiko nuke: “(Eskolan) ikasten duzu mundua bitarra dela, bi rol posible daudela, eta bien tarteko gunea, berriz, estua dela. Hezitzaile gisa, tarteko gune horiek zabaltzeko erronka dugu". Oso iradokitzailea iruditu zait "tarteko gune horiek zabaltzeko" proposamena eta gako handia da gure egunerokoari erreparatzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina