2015/10/17

SARE SOZIALAK


Sare sozialak harremantzeko eta informatuta egoteko tresna izateaz gain, baliabideak trukatzeko, mezuen eta ideien zabalpena egiteko, beste errealitate batzuk ezagutzeko.... baliagarriak dira. Gaur egun itzelezko abiaduran bizi gara eta jende askok ez ditu komunikabide arruntak (egunkaria, irratia...) informatuta mantentzeko erabiltzen, aldiz sare sozialak bai. Beraz, sare sozialek berebiziko garrantzia dute funtzio horretan.

Egun hauetan kuxkuxeatu dudanaren arabera, Twitter izan da eginkizun hori betetzeko baliagarriena iruditu zaidan sare soziala, izan ere,honek mezuak zabaltzeko duen arintasuna izugarrizkoa da. Mezuak motzak izateak jende gehiagok irakurtzea ahalbidetzen du. Nire kasuan, nahiz eta Twitterrak gizartean duen eraginaz kontziente izan, aste honetan izan dut lehenengo kontaktua sare sozial honekin. Oraindik ere horretan gehiago trebatu behar naizela uste dut, izan ere, oinarrizko gauzatxoak egiteko gai izan arren, ez dut sare sozial honen funtzionamendua guztiz kontrolatzen (adibidez; nik idatzitako tweterrek zelako zabalpena dute?).

Baliabideak trukatzeko sare sozial moduan Pinterest azpimarratuko nuke. Bertan baliabideak gordeta eta sailkatuta egoteaz gain, irakasleen eta ikasleen arteko elkarlana sustatzeko baliagarria izan daiteke, izan ere, baliabide ezberdinak eskura izateko eta konpartitzeko tresna paregabea da.

Hezkuntza alorrean sare sozialen erabilpena sustatzea ezinbestekotzat jotzen dut. Argi dago ikasleentzako erakargarriak direla eta kasu gehienetan horien erabiltzaileak direla. Beraz, beraientzako motibagarriak izanda, ikasleen gaitasun digitalak lantzeaz gain, ikasleak etengabe informatuta egoteko eraginkorra izan daiteke.

Sare sozialek feminismoari eta hezkidetzari ere mesede egin diezaiokete, gure mezua modu azkarrean zabaltzeko aukera ematen baitute. Sarean dauden heteropatriarkatuaren eraso eta produktuak identifikatu behar ditugu eta horiei aurre egin eta eskura ditugun tresna guztiak gure mezua, diskurtsoa, iruditegia... lau haizetara zabaltzeko baliatu behar ditugu. Feminismoak ahalik eta espazio gehienetan presentzia izan dezan lortu behar dugu eta are gehiago hain eraginkorrak diren sare sozialetan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina