2017/11/20

Tradizioa... iraungi daiteke?


Euskal Herriko jaiek, Euskal Herrian ospatzen diren jaiak izateaz gainera, ezaugarri bereziak dituzte wikipediaren arabera. Euskal kultura modu nabarmen batez islatzean, beste herri batzuetako herrien aldean bereziki identitatea indartu egiten duten jaiak direla aipatu da antropologiatik. Horrela, azal daiteke gainera Euskal Herriko jaiek denboran nahiz espazioan zehar duten ugaritasuna eta trinkotasuna. Ildo horretatik, Voltairek XVIII. mendean euskaldunak "Pirinioetako bi aldeetara kantu eta dantza egiten duen herria"bezala definitzen zituen.


Baina tradizioak eta ohiturak aldagarriak ote dira? Galdera honen inguruko hausnarketatxoa planteatzen digu HAMAIKA TB kateko Aizank programak. Gazteei zuzenduta badago ere, ez dut uste belaunaldi berriei soilik dagokion afera denik. Izan ere, hamarnaka lagunek bizi izan dugu ohitura eta tradizioaren lemapean gidatutako jaien eta ospakizunen  alde argi eta iluna. Belaunaldiz belaunaldi mantendutako ohitura izateak, beti ez baitu esan nahi jendartearen gehiengoarentzat onuragarria den zerbait denik.

Gainontzeko kideek idatzitako postetan ere aurkitu ditugu gogoeta ezberdinak aste santuetako prozesioei buruz, alardeak, santa ageda....  eta bestelako jai erlijioso eta ez hain erlijiosoen inguruan. Horiek guztiek ere markatzen dute gure eguneroko agenda, eta batez ere, urtez urte ziklikoki errepikatzen diren ustezko ekintza dibertigarri eta positiboak.
Zer dute jaiek eta ospakizunek, halako tradizio pisutsuarekin eta belaunez belaun errepikatzen eta erreproduzitzen jarraitzeko? Zergatik kostatzen zaigu horrenbeste euren baliozkotasuna kolokan eta zalantzan jartzea? Zer ezkutatzen da ustezko ohitura abegikor, sozializatzaile eta aglutinatzaileen atzean?

Euskal Herrian alor ezberdin ugaritan topatu ditugu gelditu edota aldatu beharreko tradizioak. Horri eskerrak garai bateko mutildantzak mutilenak soilik izateari utzi diete; ezpatadantzak ez dira gizonezkoenak, eta sokadantzan ez dira soilik emakumeak geratzen zein mutilek gonbidatuko dituen, zain, zokoraturik... Dantza tradizionalen munduan, beraz, badira analizatzeko kontu asko. Jantzietatik hasi, pausuetatik jarraitu eta atzean duten mezu subliminala zein agerikoa salatzerainokoa.  

Zorionez, lehengo eta gaurko erromeriek ez dute zerikusi handirik, eta pixkanaka, espazio publiko batzuk geureganatu ditugu emakumeok... baina edozelan, Euskal Herrian ere, sistema patriarkalak erroak ongi lotuta dituela onartu beharko dugu. Eta urteetako lana dugu aurretik, gauden tokian gaudela, gure jai molde eta ekintzen nolakotasunari buelta ematen hasteko.

Aurten, urrutira joan gabe, Otsemeak Amurrioko talde feministak pausarazi zuen San Juan gaueko  sorginaren erreketa. Sekulako iskanbila sortu zuen ekintza hark: sorgin-panpina bahitu zuten, eta  urteko gaurik laburrenaren festa kolokan jartzea lortu zuten. Batez ere, interesgarriena zera izan zen: eztabaida potoloa jarri zutela herritar ororen ahotan. Herrian bolo bolo zebilen gertakaria izan zen. Ordura arte inork publikoki zalantzan jarri ez zuena. Otsemeak taldeak mezua zabaldu zuen biharamunean bizilagunei adierazteko eurak izan zirela Amurrioko Udaleko sorgina kendu zutenak, “ez dugulako onartuko beste urte batez ere sorginak, emakumeak, herritarron aurrean inkisizioaren garaietan bezala plaza erdian erretzea. Nazkatuta gaude udalaren promesa faltsuez eta uste dugu bazela garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko".
 
Laudion ere, San Roke Kofradiarekin izan dira urteetan zehar tirabirak. Herriko gizaseme eta generazio askok parte hartzen duen tradiziozko anaitasuna osatzen dute; duela gutxira arte, emakumerik gabeko elkartea, noski. Parekidetasun legea eta herri presioak bultzatuta, barne araudia aldatu eta egun, emakumezkoa izanik ere partaide izan daitekeen erakundea da Kofradia (eskertuta egon beharko bagina bezala!). Ezin ahaztu, herriko jauntxo eta tituludunen omenez mantendu eta goratutako elkartea izan dela. Egun ere, balore eta sentimendu beraren aitzakiapean mantentzen da bizirik. Eta ez hori bakarrik, euren jai pribatu eta patriarkalaren inposaketa medio, herriko jai nagusien datak ere baldintzatuta daude XXI.mendean. 

Nola liteke baina, halako proiektu baten sustengupean, kolore ezberdinetako eta sentsibilizazio politiko horren muturrekoak elkarrekin egotea? Nola lor dezake sistema heteropatriarkalak, gaur egun ere, TRADIZIO ETA OHITURAren argudio soilarekin, horrenbeste gizon laudioar txapel beraren azpian elkartzea?

Tradizioak noizbait HASI diren bezala, noizbait BUKATU daitezkeela sinisten duen horietako bat naiz ni. Hortaz, ikastetxeetan ere egiteko asko dugu bataurreko moreak jantzi eta lupa ondo garbituta gure jai eta ohituretako bakoitza ondo analizatzeko.


1.- Jaien analisia eskola barruan: mezua eta ekintzen nolakotasuna aztertu, kritikotasunez hausnartu eta buelta emateko estrategiak abiarazi ikastetxe barruan.
2.- Jendarteko eztabaidak ikastetxe barrura trasladatu, eta alderantziz. Herriarekiko lotura zuzena izatea oso garrantzizkoa da, eta inguruan dauden mugimendu feministekin harremana izan eta elkarlana bideratzen saiatzea, jendartean elkarrekin eragiteko apustua  guregain hartzea ere izan daiteke. Batera aurrerapauso handiagoak eman ditzakegu eta.
3.- Erabateko aldaketa bermatzeko baliabideen berrikuspena, beharrezko diren materialen  SORKUNTZA eta moldaketak kudeatzea.
4.- Irakasleen artean ematen diren hausnarketak eta erabakiak, helduenak diren ikasleekin batera lantzeko eztabaida eta solasaldiak antolatu eta bideratzea. KOMUNIKAZIOA ETA TRANSMISIOA. Kontzientziari astindua eman. Norbanakoaren sentsibilizazioa modu kolektiboan bideratzeko lan egitea.
5.- Tradizioek duten INPUNITATEAREKIN APURTU, gure hezitzaileon kosmobisiotik hasi eta ikasleen pentsamendu kritikoa garatzen laguntzera iristeko.


Baliabide interesgarrien artean Klitto atari digitalean topatu dut 10 puntutan laburbildutako orientabide bat. Hezkidetzan aintzat hartzeko gako nagusi batzuk markatzen dituela iruditzen zait.


Jaiak guztionak eta guztiontzako direla gogoratzen zigun post batek arreta deitu dit niri ere. Bertan azaldutako hainbat datuz gain, gogora ekarri dit FESTA DEZAGUN GAURDANIK GEROA dokumenta egin zenekoa. Bertan egiten den analisi esanguratsuak gai honekin bete betean egiten du bat. Horren zabalpen handia egin zuen Euskal Herriko Bilgune Feministak 2014ko uztailean. Eta tradizioaren eta ohituren ingurunean zernolako eraso ezkutuak topatzen ditugun azaleratzen da egindako diskurtso eta elkarrizketetan. 




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina