2018/12/14

HIZKUNTZA EZ SEXISTA ETA INKLUSIBOA


Hizkuntza, errealitatea nola ulertzen dugun adierazteko modua da, edota errealitatearen inguruan dugun ikuspegia antolatzearekin batera, bakoitzaren interpretazioa gizarteratzeko baliabidea da. Hizkuntzaren bidez pentsatu, informazioa zabaldu, ezagutza hedatu eta gizartea sortu eta antolatzen dugu. Baina, nola erabiltzen dugu hizkuntza hori? Zer helarazten eta ulertzen dugu gure hitzekin?

Egunerokotasunean erabiltzen dugun hizkuntzan, estereotipo sexistak agerian gelditzen dira. Askotan ez gara horretaz ohartzen, gure pentsamenduan ideiak barneratuta ditugulako. Alvaro Garcia Meseguerren arabera, euskaren zama sexista %5 da, ingelesarena %15, frantsesarena %40 eta gaztelaniarena %80. Ikus daitekeen bezala, euskararena portzentajea txikiena da. Hala ere, horrek ez du esan nahi bere erabileran sexismoak agerian gelditzen ez direnik. Begoña Muruaga filologo eta Emakunde aldizkariko kazetariaren ustez, "euskara ez da sexista, hitz egiteko modua da sexista". Hori honela izanik, ezinbestekoa izango da, egunerokotasunean gure jardunean erabiltzen dugun hizkuntzari erreparatzea eta hau hezkidetzaileagoa egitea, guztion aukera berdintasunera heldu ahal izateko.

Ezin ahaztu hizkuntza ikonografikoa. Suposatzen da irudiak testua era neutral batean ulertuak izateko eginda daudela, baina ez da horrela izaten. Beraz, adi egon!




Beste hainbat alorren artean umorearekin egiten dugun arduragabeko tratamendua ere aipagarria da. Horren harira, Kike Amonarrizek Uxue Alberdi bertsolari eta idazleari Tribuaren berbak saioan egindako elkarrizketa entzutea merezi du. Elkarrizketa horrek umoreak duen garrantziaz jabetzea eta duen inzidentziaz ohartzea du helburu: 'Publikoki egiten den umorea ez da neutroa”.


“Ondorioz, publikoki emakumearen sexualitatearen inguruan plazetan hitz egitean, jendeak ez daki nola erreakzionatu, ez dagoelako eraikita”.



Gai honen inguruan sortutako gida ezberdinak aztertu eta gero, esan beharra daukat guztiak interesgarriak iruditu zaizkidala. Bi aipatuko nituzke: Gipuzkoako Foru Aldundiarena “Hizkuntzaren erabilera ez sexistarako jarraibideak”  eta Errenteria Udalarena. Azken hau ez dago interneten eskura baina hau nire driverekiko lotura da. Aproposak iruditzen zaizkit lankidekin lantzeko orientabide erabilgarriak ematen direlako, modu laburrean azalduz.

Komunikazio eta hizkuntzaren erabilera ez sexista ikastetxean naiz jendartean lantzeko ondorengo erronkak azpimarratzen ditut:
  • Komunikazio eta hizkuntzaren erabileraren inguruan hausnarketa bultzatzea eta formazioa jasotzea.
  • Hizkuntzaren erabilera ez sexistaren inguruan sortuta dauden gidak aztertzea eta ikastetxerako honelako gida bat proposatzea eskola komunitate guztiari zabaltzeko.
  • Egunerokotasunean erabiltzen diren material eta baliabideetan helarazten diren mezuak aztertzea eta behar izanez gero horiek aldatzea, mezu hezkidetzaileagoen alde eginez.
  • Hizkuntza hezkidetzailea erabiltzearen alde egitea, erabiltzen ditugun txiste, umore eta brometan arreta jarriz.
  • Genero kutsadura saihestea, batez ere lanbideen inguruan barneratuta ditugun ideiak alde batera utziz.
Aurreko edizioetako ikastarokideen arteko posta aukeratzerakoan, Amaia Chuecaren "Esaten ez dena, ez da" aukeratuko nuke, hausnarketa sakona egiten duelako eta gainera, hainbat argazki eta bideo interesgarri aurkezten dituelako.


Aipamen bat egin nahi dut EHUko Berdintasun Masterrak 2017 Berdintasunerako Emakunde Saria irabazi duelako. Sortzaile guztioi NIRE ZORIONAK!!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina