Hona hemen asmakizun bat, gure garuna desblokeatzen hasteko ariketa gisa:
Aita-semeak kotxean zihoazen etxerako bidean eta
bat-batean istripua izan zuten. Anbulantzia banatan sartu zituzten biak
elkarrengandik banatuz, semea lehenengoan joan zen larriago zegoelako.
Ospitalean semeari premiazko ebakuntza egin behar ziotela
erabaki zuten eta kirofanora eraman zuten ziztu bizian. Zirujaua bertan sartu
eta ohean zegoena ikustean esan zuen: “Ezin diot ebakuntza egin. Hor etzanda
dagoena nire semea da!”.
Zer gertatzen da hemen?
Kike Amonarrizek sexismoaren
zalantza argitzeko asmoarekin 2013. urtean Zarautzen asmakizun hau erabili zuen.
Bideo honetan ikus
dezakezue jendearen erreakzioa zein izan zen erantzuna jakiterakoan.
Hizkuntza gure
artean komunikatzeko erabiltzen dugun tresna da. Baina erabiltzen ditugun
hitzen, soinuen edota irudien arabera, heltzen zaigun informazioa
distortsionatuta egon daiteke. Izan ere, erabiltzaileok ideologia bat dugu eta
sistema heteropatriarkal batean bizi gara. Horregatik, bai androzentrismoa eta baita sexismoa
ere gure komunikatzeko eran ageri dira. Gizonek egin, bizi edo sentitu izan
dutena orokortzat hartzen da. Emakumeoi adingabekoen modura tratatzen gaituzte;
tabernako barran lan egiten dugunean eta baita eraso sexista bat jasan ondoren
izandako epaiketan ere.
Pertsonen sexu
edota generoaren arabera, estereotipoak erreproduzitzen dituzten ezaugarri eta
balorazio ezberdinak erabiltzen ditugu. Honetaz gain, “genero kutsaduragatik” itxuraz “neutro” diren esaldi edo hitz
batzuen atzean emakume edo gizon bati asoziatutako irudi bat agertzen zaigu, nahiz
eta mezuan esplizituki ez adierazi.
Zer esanik ez txiste,
broma edo, orokorrean, umoreari buruz… Sexismo, matxismo eta misoginiaren
manifestazio hutsak dira. Egia da gehienetan kontzientziarik gabe erabiltzen
direla, baina erreproduzitzen dutena salatzen dugunean honako hauek
entzun behar izaten ditugu: “benga, broma bat da”, “ez duzu umore-senarik”, “jesous
zelan jartzen zaren”, e.a., e.a., e.a. Ez dira konturatzen denok ez badugula
barre egiten, agian ez dela txiste bat… Eta hau guztia, genero gramatikala
duten hizkuntzetan eta ez dutenetan gertatzen da.
Hona hemen Uxue Alberdi bertsolariari egindako elkarrizketa oso interesgarri bat hizkuntza (ez) sexistaren inguruan.
Euskara Hiztegia
publikatu zuen Ibon Sarasolak
dioen moduan, “gizartea matxista bada, hizkuntza matxista izango da eta gizartea
aldatzen den neurrian, hizkuntzaren erabilera ere aldatzen joango da”.
Hauxe da hizkuntza hezkidetzaile
edo ez sexistaren inguruan egindako posterra:
Aurreko edizioetako ikastarokideek
egindako post bat aukeratu beharko banu, Amaia Chuecarena izango litzateke. Ematen dituen adibide ugarien artean, “Yes we fuck!” dokumentalaren inguruan
hausnartzen duenarekin geratzen naiz, askotan entzun behar izaten dugun “ezgaitasun”
hori zeri egiten dion erreferentzia birpentsatu beharko genukeelako…
Hizkuntza ez sexista gida bat
aukeratzekotan, Mugarik gaberen "Nola diozu? Genero-ekitatean oinarritutako komunikaziorako gida" izango litzateke, irudiei, edukiei eta metodologiei erreparatzen diotelako. Adibide ugariz, Zergatik?, Zertarako? eta Nola? galderei erantzun bat ematen diete, eta eranskinetan parte-hartze teknikak jasotzen dituzte. Eremu hezitzailean, irudiek sekulako garrantzia dute. Izan ere, "begietatik sartzen diren lehen datuak dira" eta kolektibo ezberdin askorekin lan egiteko baliabide oso aproposak dira. Beraz, erabili beharreko irudiek sexu, herri, adin, famili-eredu edo gaitasun
desberdinak dituzten pertsonen adierazle bilakatu behar dira. Bestalde, pasa den asteko gaiari lotuta, emakumezkoak* subjetu aktibo
bezala aurkeztea ezinbestekoa da.
Nire ustez hau guztia
ikastetxean/jendartean lantzeko erronka nagusia edo gakoa mentalitate aldaketa da, garrantzia eman behar diogu hizkuntzari eta beraren erabilerari, jakin behar dugu zer errepresentatzen duen eta zelan eragiten digun... Hortik abiatuta, bide luzetxo bat daukagu oraindik...
Nahiz eta hausnarketan ez aipatu, eta Amaia Chuecak dioen moduan, kontuan hartu bear da hedabideek duten ardura. Gai honen inguruan, baliabide bat gomendatu nahiko nuke; Euskal Herriko Bilgune Feministaren "Estilo liburua". Bertan, indarkeria kasuak komunikabideetan nola landu gomendatzen duten puntuak jasotzen dituzte.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina