Egia esan ni ez
naizela oso trebea sare sozialen erabileran. Atera diren heinean ezagutu ditut eta garai batean Facebook-ko profila egin nuen, baina ez dut
inoiz erabili. Orain, noski, erabat
hedatuta dagoena erabiltzen dut, whatsapp, lagunen arteko harremanak errazten
duelako. Argi daukat tresna horien erabilerak zenbait abantaila dakarrela, besteak
beste, komunikazioa bultzatzea, ideiak eta iritziak konpartitzea, irakaskuntza-ikaskuntza
prozesuari lagungarria izatea… Halere, arlo ilunak ere azpimarra daitezke:
negozio itzela direla, gutxiengo baten kontrako kanpainak egiteko tresna bihur
daitezkeela, protestatzeko esparru bat besterik ez dela pentsa daitekeela…
Sare sozialei
buruzko hausnarketa ezezkor hori emakumeen egoerara eramatean hainbat arrisku esanguratsurekin egiten da topo.
Hasteko, gogora ekarriko
nuke Azkue Fundazioaren[1] Emakumea
ingurune digitalean artikuluan aipatutako arriskua, hots, emakumeek arrakala
digitala pairatu dezakete. Arrakala digitala, baliabide teknologiko berriak
lortzeko talde sozialen artean sortutako abantaila eta desabantaila egoerari
esaten zaio. Ikus ditzagun datu batzuk egoera hori baieztatzeko: .EUS domeinua
erregistratzen dutenen %25 baino ez izatea emakumeak, IKT alorrean lan egiten
duten 7 milioi pertsonen artean %30 baino ez dira emakumezkoak, Euskal txiolarien
artean %33 dira emakumeak…
Bigarrenik, Irantzu Varelak[2], kazetari eta militante feministak, ondorioztatu
du sare sozialek indarkeria matxista erraztu eta horren
ondorioak handitu egin ahal dituztela; izan ere, sare sozialek ezaugarri
bereziak dituzte: hedatzeko gaitasuna (“txio bat ekaitz digital perfektua
bilaka daiteke ordu gutxian”, mundu digitalaren iraunkortasuna (“eguneko 24
orduetan egon gaitezke konektatuta”), parte-hartzaile gaiztoak anonimoak ohi
dira (“erasotzaileek sasi-izenak darabiltzate nahi bezala jarduteko”) eta sistemaren
memoria (“bilatzaileetatik eduki iraingarriak kentzea prozesu nekeza, luzea eta
garestia”).
Bukatzeko Lucia Lijtmaerrek[3], Ofendiditos liburuaren egileak, bi kritika sakon egin dizkio sare sozialen
erabilerari. Alde batetik, gizonezkoek aurpegia zuritzeko erabili lezaketelako:
“maskulinitate berriekin lotuta dago, baina pose hutsa da, ondo geratzeko baino
ez du egiten, ez benetako hausnarketarik egin duelako bere genero pribilegioen
inguruan”. Eta beste alde batetik, argudiatzeari etengabe posizionatu beharrari
baino indar gutxiago ematen zaiolako: “Erantzuteko espazioak behar dira,
jakina, eta jendea informatu behar da. Oso zurrunbilo konplikatua da, eta nire
ustez sare sozialek zerikusi handia dute. Sare sozialetan etengabe ari zara
edukia sartzen, zure buruari buruzko formularioak betetzen. Egunero-egunero
adierazten dugu zer pentsatzen dugun gauza bakoitzari buruz. Hausnartu ordez,
etengabe posizionatu beharra dago, eta hori ez da batere interesgarria. Ez dago
tokirik argudio edo arrazoiketa solidoagoak egiteko.”
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina