2019/10/19

...aitzakiarik ez, hezkidetza!


“Ezaguna zaizu HEZKIDETZA? Zer da? Zein dira bere jarduera-ildoak?” galdera hirukoitza bota nien, asteartean, whatsappez, inolako itzulinguru eta azalpenik gabe, zortzi pertsonari (20 eta 39 urte bitarteko launa gizon eta emakume). Ez nien kasualitatez haiei bidali, berariaz alboratu nituen “Hezki...zer?” erantzungo zidatela ziur nekien beste pertsona asko, eta beraiek hautatu nituen talde heterogeneoa izanik, profil interesgarri eta osagarriak zituztelako: haur hezkuntzako irakasle bat, bigarren hezkuntzako bi irakasle, unibertsitateko irakasle bat (ekonomialaria ikasketaz), bi ikasle (bata irakasle-eskolakoa eta bestea ingeniaritzakoa), unibertsitateko administrazio eta zerbitzuen pertsonaleko langile bat (bere garaian irakasle-ikasketak egindakoa eta bi semeren guraso) eta admnistrazioko bi langile (hezkuntzarekin zerikusirik ez duten gaietan, bata biologia eta bestea arte ederrak ikasia).

Emaitzak argigarriak izan ziren (eta, aurreikustekoak izanagatik, baita apur bat etsigarriak ere): derrigorrezko hezkuntzako irakasleek eta irakasle-ikasketak egindakoek zekiten soilik zer zen hezkidetza.

Irakasle-ikasketak egiten ari den ikasleak speech hau  bidali zidan, haur hezkuntzako irakasleak aldarrikatu zuen hezkidetzaren bidez lortu behar dugula “gizon eta emakumeen rol historikoen birplanteamendua, hausnarketa eta birdefinizioa gaur egungo gizartea aldatzeko eta etorkizuneko jendartea eraikitzeko” eta bigarren hezkuntzako irakasleetako baten arabera “hezkidetza lortzeko gaur egungo hezkuntza sistemaren inguruko hausnarketa sakona egin behar dugu eta, gizartean bezala, oinarrietatik hasi berdintasun errealean errotutako sistema sortzen”.  Eta nik diot, aste honetako materialak ikusi eta foroko eztabaidetako ikaskideen argudioak irakurri eta gero:


Hamaika diren arren hezkidetzaren alde aipa daitezkeen arrazoiak (horietako batzuk aletzen dituzte Nagore Larrazabalek eta Ibai Fresnedok irakurtzea zinez merezi duen elkarrizketa honetan), bost aukeratzekotan hauek nabarmenduko nituzke:

·         Sexismoa deuseztatzeko eta androzentrismoa iraultzeko
·         Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko
·         Sexu-generoagatik ematen diren desberdinkeriak gainditzeko
·         LGTBIfobia, arrazismoa eta bestelako bazterkeriak errotik saihesteko 
·         Jende askez osatutako jendarte zoriontsua eraikitzeko

… horregatik guztiagatik, eta aldatu ezean, goazen bidetik pikutara goazelako: aitzakiarik ez, hezkidetza!

Aurreko edizioetako ikasleek ere hausnartu zuten gai beraren inguruan eta blog honetan bertan #Hezkidetza etiketapean beren iritziak partekatu. 2017ko Irati Gaztelurrutiaren hau gustatu zait bereziki, gaia familia-bazkari batean mahaigaineratu eta belaunaldiarteko elkarrizketa eragin zuelako.    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina