2019/12/23

Denbora eta espazioa… non dago errepresentazioa?


Askatasuna mugatua duenarentzat egunak eta gauak lau ertz ditu. Ertz itxiak, mugatuak. Espazio irekian ez luke horrela izan behar, eta ertzak eta mugak nonahi aurki daitezke. Bereziki genero ikuspegitik jarrita. Gizonezkoentzat, oro har, espazio oro librea da. Emakumezkoentzat, hainbat kasutan, gune, toki eta espazio ugari ilunak, beltzak dira. Eta beste hainbat kasutan espazio egokirik ez dago emakumeentzat. Errepresentaziorik ez, eta beraz, “aipatzen ez dena ez da existitzen, ez da errekonozitzen”. Bazterreko espazio horiek eta irabazi beharreko beste espazio horiek aztertu eta eraldatzea litzateke egungo jendartearen helburu nagusietakoa.





Aurreko edizioetako lanen artean “Espazio publikoa berreskuratuz” post-a nabarmendu nahiko nuke, gaiari lotutako azalpenak oso ondo islatuta daudelako.

Espazio fisikoaren alderdietako bat segurtasunaren pertzepzioa da. Hiriko Kolektiboaren hitzetan, “sentsazio eta esperientziaren araberakoa izaten da lekuei ematen diegun erabilera. Hori dela eta, gurekin zerikusirik ez duten espazioak ditugun neurrian, ez dugu leku atseginik izango eguneroko bizitzan behar sozialak garatzeko, sozializaziorako eta elkarbizitzarako”.

Hori ekiditeko hiri debekatuen mapak egin beharko lirateke herri guztietan, helburu bezala emakumeek beraiek haientzako irisgarritasun eta segurtasun eskasa duten gune ilunak identifikatzeko, hobekuntza proposamenak egiteko eta ahal den neurrian martxan jartzeko.

Emakundek honi buruzko aurkezpen landua eskaini zuen, bideoan ikus daitekenez.

Garazi Lizasok dioenez, “arkitektura tresna bat da, eta ez soilik artea edo zientzia objektiboa. Jendarte jakin bateko baloreak materializatzen dituen tresna da”. Azalpen honekin erabat lotzen da Architectural Digest aldizkarian aurki daitekeen artikuluan, zeinean emakumeek abiatutako arkitekturan jartzen den azpimarra.


Espazioaren eraldaketa erronka nagusietakoa da, gaur egungo jendartean. Ez soilik puntu ilun eta beltzen eraldaketa lortzeko. Baizik eta kasu askotan emakumeari dagokion tokia ere eskaintzeko.

Hezkidetza Planaren “ESPAZIOAK IKASTETXEAN, ESKOLAZ KANPOKO JARDUERAK ETA JARDUERA OSAGARRIAK” seigarren zutabean hainbat aipamen baliagarri aurki daitezke:

Ikastetxeei dagokionez, joera aldaketa bat badago. Jolastokietan jarduerak eta espazioaren banaketa harreman berdinzaleagoak eta erabilera bidezkoagoa bultzatzeko diseinatzeko ahalegin bat antzematen da.

Era berean, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak mutil eta neskek modu berdinzalean partekatzeko proposatu behar dira: Tradizioarekin lotutako ospakizunek, kirolarekin eta aisialdiarekin lotutako jarduerek…. berdintasunerako eta estereotipoekin hausteko ekimenak bideratzera eraman behar gaitu.
  • Lehia-jolasak ezabatzea eta lankidetza-jolasak egitea.
  • Kantxaren erabilera orokorra proposatzea, neskek zein mutilek jolas-garaian jarduerak egin ahal izan ditzaten.
  • Solaserako zonak planifikatzea; taldean atseden hartzekoak; lasaitasunez paseatzeko lekuak; harremanetarako lekuak; mahai-jokoetan aritzeko lekuak.

Ikastetxez kanpoko espazio publikoan, emakume arrunten edo nabarmendu direnen lanari eta bizitzari buruzko erreferenteak azaleratu beharko lirateke. Zeregin handia dago kale izendegietan, kaleak sinbolismo handiko erreferentziak diren aldetik. Eta baita memoriaren bidetik ere, garai bateko langintzak balioan jarriz.

Denboraren erabileraren kudeaketari dagokionez, emakumeek eta gizonek etxeko lanetan eta zaintza kontuetan bizi duten desoreka zuzentzeko neurriak hartu beharko lirateke.

Hezkuntza sisteman ikasleen garapen berdinkiderako elkarbizitza espazioa eta denborak aztertzea, eta sexismoa edo androzentrismoa antzematen denean birdefinitzea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina