2020/10/30

HEZKIDETZA.... UMMMM

 

Argi dago, tamalez, nire ingurunean Hezkidetza ez dela oso ezaguna… Hasieran, nahita galdetu nien Hezkuntzarekin zerikusirik ez dutenei ez zer den hezkidetza. Agian, nire errua izan zen, baina “hezkidetza/coeducación” esan nienez, denek jo zuten “kooperatiboa” zen zerbait esatera (gaztelaniazko “co-“ horren eraginez, imajinatzen dut). Askoren artean erabakitako hezkuntza, eskolaren eta etxekoen artean gauzatzen den hezkuntza, ikasgaien arteko “nahasketa”n oinarritzen den hezkuntza… Bakar batek jakin zuen zer den! Eta gizonezkoa izan zen! Hura sorpresa!

Gauzak horrela, neure buruari galdetu nion ea nik noiz entzun nuen lehenengoz eta zer ulertzen nuen hitza aipatutakoan. Duela 4 urte institutuan lanean egon nintzenean izan zen, eta gogoratzen dut eskatu zitzaigula martxoaren 8aren inguruko zerbait egitea gure ikasgaietan. Hori egin nuen, baina klaseko azken 5 minutuetan (frantses-klasean) Chloé Fontaineren “Je suis ordinaire” ere jarri nien. Seguru ezaguna duzuela, baina hona hemen badaezpada.

 


 

 

Uste dut hori izan zela desikasten ikasten hasteko nire lehenengo pausua. Hala ere, ikasgaiaren hasi baino lehen, ezinezkoa egingo zitzaidan definizio osoa ematea. Orain, aste honetakoa landu ostean, honako lelo hau azpimarratu nahiko nuke.

 


Argi geratu da nire ingurunean (galdetutako guztiak aita-amak dira) kontzeptua arrotza egiten zaigula. Ez, ordea, kontzeptuarekin lotutako jarrera. Hala ere, II. Hezkidetza Planak dioen moduan, asko dago oraindik egiteko. Eta nik Hezkidetza lantzeko hiru arrazoi nagusi emango ditut:

  • Hezkidetza lantzen ez badugu, orain arteko kultura eta ideologia nagusiak betikotzen ari gara.
  • Jakin badakit nire inguruko mutil/gizon asko ere ez daudela eroso tradizioak eman dizkien rol eta estereotipoekin. Beraz, estereotipoekin apurtzeak guztioi egiten digu mesede, generoa gorabehera.
  • Pertsonen indibidualtasuna sustatu behar dugu, norberaren garapen integrala, askatasunean oinarrituta (ume bikien ama izateak izango du honetan eragina…). Eta horretan Hezkidetzak ere zeresan handia du.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina