2020/10/26

Bi motako pertsonak

 

Inguruan hezkidetzari buruz zer dakiten ikertzen ahalegindu naiz. Horretarako, hiru galdera egin ditut eta baldintza bakarra jarri dut: hezkuntza arlokoak ez izatea galderak erantzungo zutenak.

Baldintza hori ezarri dut, uste dudalako hezkuntzan lan egiten duen orok jakin beharko lukeela hezkidetza zer den. Beste oinarrizko ezagutza bat bezala. Aldi berean, ni hezkuntza mundukoa ez naizenez, interesgarria iruditu zait esparru honetan esku hartzen ez dugunon ezagutzak eta iritziak biltzea.

Honakoak izan dira egindako galderak:

  •        Badakizu zer den hezkidetza?
  •        Nola definituko zenuke?
  •        Garrantzitsua iruditzen zaizu?

Galderen erantzunak irakurtzean bi motatako pertsonak aurkitu ditut: alde batetik, hezkidetza zer den badakitenak, eta bestetik, hezkidetzari buruzko ezagutzarik ez dutenak. Zerk bereizten ditu bi pertsona horiek? Feminismoak.

Egindako ikerketaren arabera, feminista kontsideratzen direnek eta talde feministan militatzen dutenek ezagutzen dute hezkidetza, definitzeko gai dira eta garrantzitsua iruditzen zaie. Feminismoa distantziara bizi dutenen artean, berriz, hezkidetza hitza arrotza da.

Baina, bigarren pertsona mota hauei, hezkidetza nire ikuspegitik zer den azaldu eta #Igorertek eginiko argitalpeneko arrazoiak partekatu ditut eurekin: hezkidetza garrantzitsua da genero indarkeriak desagertzeko, generoek potererik ez izateko, sentimenduak lantzen ikasteko, pentsamendu kritikoa sustatzeko eta pertsonak pertsona sentitzeko.  Hauek, interesarekin entzun dute esandakoa eta beraiei ere garrantzizkoa iruditu zaie.

Eta bigarren pertsona mota hauek, agian, ez dira etorkizunean irakasleak izango baina bai (edo ez) guraso, izeba-osaba, lagun, tutore edota ume edo nerabe baten erreferente. Eta bigarren pertsona mota hauek izango dira noizbait norbaiten sozializazio prozesuaren parte. Beraz, zergatik ez dugu hezkidetza gizarteratzen? Zeragatik ez dugu hezkidetza hitza bera jende askoren ahotan jartzen?


 

 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina