2022/01/31

ASKE ERABAKI ASKE BIZITZEKO

 

Orientazioa eta aukera akademikoak aztergai ditugun honetan, argi gelditu zaigu pisuegia dela oraindik buruan dugun heteropatriarkatuak elikatutako sexu-banaketaren zama. Izan ere, ezbairik gabe, datuek horixe erakusten dute.

Pertsona bakoitzak nahi duena izan eta nahi duena egin ahal izateko askatasuna izatea ezinbestekoa da; eta horretarako, kanpoko mugak desagerrarazi behar dira nahitaez. Bide horretan, hezkuntza-esparruan, orientazioak (entzuteko, informazioa emateko, laguntzeko, aske aukeratzeko espazioak eskaintzea esan nahi du), Subiratsek dioen moduan, eskola mistoak harago joan behar du, eta balio eta praktikak sexu-banaketatik at transmititu behar dizkiegu ikasleei; etengabe eta irmo, gainera.

Hain zuzen ere, ildo horretatiko iazko blog-sarrera hau aukeratu dut. Ondo baino hobeto azaltzen baitu —argi, gainera—, gizarte parekidea jomuga izanik orientazioak esku-hartze kontzientea eta etengabekoa behar duela izan. Horrekin batera, Marian Marenok Queremos coeducar liburuan azaltzen dituen orientazio eta tutoretza hezkidetzailerako hainbat gako aipatzen ditu, zein baino zein garrantzitsuagoak; hona hemen gakook:

  • Emakume izateko eta emakumeen egoteko erak baloratzea.
  • Generoarekin erlazionaturiko aurreiritzien inguruko kritika egitea.
  • Berdintasunezko hezkuntza afektiboa garatzea.
  • Elkar ardura eta zaintza tutoretzan sartzea.
  • Parte-hartze parekidea sustatzea.
  • Lanbidea izatearen garrantzia azpimarratzea.
  • Askotariko bizitza eta lanbide moten eredu ez-estereotipatuak aurkeztea.

Asteon irakurri ditudan datuei so, ezin laga ditzaket aipatzeke EHUko 2019ko txostenari dagozkionak: gizonezkoak dira nagusi balioetsiak diren karguetan.

 

 



 

Bide luzea dugu aurretik, zalantzarik gabe; orientazio akademikoan, geroz eta baliabide gehiago ditugu, ordea, mugak hautsiko dituzten ikasleei zer ikasi nahi duten aske erabakitzen laguntzeko.

Hona hemen duela urte mordoxka bat Maixa eta Ixiar taldeak kaleratu zuen abesti aldarrikatzaile eder askoa: “Emakume jaio nintzen” .

Gaurkotasun handiagoa duen Izaroren Libre ere emakumeak bistaratzearen garrantzia azpimarratzera dator.

Amaitzeko, hona hemen esandakoa laburbiltzeko sortu dudan posterra:


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina