Aste honetan kontzeptu asko landu ditugu. Hau da haiekin eraiki dudan hitz-hodeia
Bakerako Hezkuntzarako Euskal Liburuan datorrenarekin gelditzen naiz: “Bizitzak berezkoa du gatazka, elkarren arteko harremana bera da gatazka. Gizakiak behar-beharrezkoa du desberdintasuna, eta horretan berezkoa da gatazka. Alde horretatik, gatazka ez da ez negatiboa, ez positiboa. Positiboa edo negatiboa gatazka konpontzeko modua izango da; hau da, pertsonek, desberdinak izanik, elkarren artean duten harreman mota”.
Gatazka guztiak bizitzaren parte dira, kontzeptua positiboa edo negatiboa etiketatzea gure ikusmoldearen eta konpontzeko moduaren araberakoa da. Gure bizitzan zehar, haurtzarotik, ikasi behar dugun prozesua da. Zaintzaren etikaren teoria feministak (Gilligan) testuinguruan, beharretan eta elkar arduran jartzen du begirada, gatazken zergatiei ulertzera iristeko.
Aurreko edizioetako aukeratu dudan post-a hauxe da. ARAUTIK ATERATZEN DEN ORO GATAZKATSUA BADA, ZER DAKAR EMAKUMEEN SUMISIO EZAK? Oso interesgarria iruditu zait, femenismoaren ekarpenen errepasoa egiten duelako. Begoñak bere post-ean egiten duen gogoetetako bat zuekin partekatu nahi nuke: “Egunerokotasunean patriarkatuak zehaztu dituen “gatazka” eta “bake” kontzeptuen artean murgilduta bizi gara, genero analisiaren ikuspuntua ez izateak beste indarkeria mota bat suposatzen duela kontutan hartu gabe. Ezinbestekoa dugu femeninotzat jotzen diren ezaugarriak presente izatea gatazkei irtenbide positiboa bila doan bidea jorratu nahi badugu, androzentrismoak hierarkizatzen dituen sexu-generoak izkutatu egiten dituelako gatazken atzealdean topa daitezkeen hainbat interes, behar eta egoeren konplexutasuna.”
Bestalde, hemen uzten dizkizuet ikastetxeetan gai hau lantzeko oso interesgarriak iruditu zaizkidan baliabideak:
Komunikazioa ezinbestekoa da gatazkak kudeatzeko; gatazketan HITZA armarik onena da. Nerea Mendizabalek bideo honetan hainbat pista ematen dizkigu ulertzeko, bai gatazka, bai komunikazioaren papera nahi dugun jendartea eraikitzeko. “Nolako komunikazioa halako jendartea”. Benetan interesgarria.
Gizagune Fundazioak sortutako materialak, ikastetxeko Elkarbizitza Positiboa lantzeko oso egokiak iruditzen zaizkit.
Hezkuntzan gai honen inguruan ditugun erronkei dagokienez, hauek dira nire ustez nabarmenenak:
- Gatazken mitoak desmuntatzea.
- Gatazkari ikuspuntu positiboa ematea.
- Genero-ikuspegia sartzea gatazken azterketan eta konponketan.
- Tratu ona eta elkarren zaintza norberarengan eta besteengan sustatzea.
- Elkar entzuketa aktiboa bultzatzea.
- Harremanetarako estrategiak garatzen lagundu ikasleei, bereziki kalitatezko komunikazioa ahalbidetzeko baliagarriak izan daitezkeenak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina