FEMINISMOEI BURUZ HAUSNARTZEN
ESKOLA FEMINISTARUNTZ
Gai honen inguruan irakurri eta entzundakoa oso interesgarria iruditu zait eta, Celia Amorosek bere hitzaldian zioen bezala, guztiz EZJAKINA sentiarazi nau. Egindako ibilbideak, batetik gaur egun daukaguna eskertzera naramatza eta, bestetik, zein mantso eta gogor aurreratzen dugun pentsaraztera.
Lortutakoen artean (eta lotsa piskat ematen du hain oinarrizko gauzak lorpen bezala ikusteak) honako hauek nabarmenduko nituzke:
*Emakumeek kultura arloan parte hartzeko eskubidea. Emakumeak irakurri, idatzi, ikasi, beraien ekoizpenak argitaratu…eta beste hainbat kultur-jardueretan partaide eta sortzaile izateak, bai beraientzat eta bai gizarte osoarentzat izugarrizko ekarpena da.
*Emakumeek bozkatu ahal izatea. Lorpen honekin beraien iritziei garrantzi handiagoa ematen zaie eta, nahiz eta batzuetan manipulatzeko besterik ez izan, beraien arrazonamenduen eragina kontutan hartzen da.
*Emakumeek etxetik kanpo soldata baten truke lan egitea. Lorpen honek ekonomikoki askeago eta sozialki autonomoagoak izaten laguntzen die; bestalde, bere gaitasunak garatzeko aukerak ematen dizkie.
*Seme-alabak eduki edo ez aukeratu ahal izatea. Aukera honek emakume asko bizitzaren zati handiena umeen zaintzan egotetik askatu ditu, eta, bestalde, beraien gorputzaren kontrol handiagoa eman die.
*Erlijioak emandako agindu, dogma eta sineskeriez libre sentitzea. Jainko-traszendentzia-misterioa-magia-beldurra…emakumea kokilduta eta zapalduta eduki duten sinesmenez libratzeak, emakumeak beren balioaz jabetzera eta etorkizunaren aukeretan itxaropen izatera eraman ditzake.
Hala ere, badugu oraindik zeregina; besteak beste, honako alderdi hauek aipatuko nituzke:
*Lanpostuetarako aukera berdinak edukitzea haurdunaldiak oztopo izan gabe. Izugarrizko kontraesana da, batetik emakumeek, gizarteak behar dituela eta, umeak izan ditzaten jasaten duten presioa, eta, bestetik, hainbeste oztopo suposatzea berain lanbideak (eta bizitzako beste arlo batzuk) aurrera eraman ahal izateko.
*Soldaten desberdintasuna desagertzea. Gezurra badirudi ere, oraindik desberdintasun hau oso garrantzitsua da.
*Komunikabideetan emakumeen jarduera eta lorpenak oihartzuna edukitzea. gaur egun, bai kiroletan, bai kultura arloetan, bai sukaldaritzan…edozeinetan, gizonek hartzen dute espazio zabalena.
*Zaintza denon zeregina izan dadin. Familietan umeen, gaixoen edota adinakoen zaintzan emakumeek egiten dute zatirik handiena, ez soldata eta ez prestigiorik duen jardueran.
*Ikasketa-lanbide orientazioan berdintasuna egon dadin.
Aipaturiko gabezia hauek (eta beste batzuk) gainditzeko, hezkuntza alorrean gainditu beharreko oztopoen artean:
*Hezkuntzari dagozkion lege eta curriculumak zehazten dituzten erakundeek genero ikuspegia kontutan ez izatea.
*Hezkuntzan gabiltzan langileok sexu-genero sisteman murgilduta gaudela ez kontutan hartzea.
*Formakuntza eza.
*Gizarteak (familiek) azaltzen duten erresistentzia.
Alderdi positiboa eta itxaropentsua ikusteko asmoz, hona aurrera eraman daitezkeen ideia feminista batzuk:
*Eskola giroan mutil eta neskak besteak (mutilak eta neskak) zaintzera bultzatu (enpatia ez sexista).
*Ikasgai desberdinen materialetan falta den emakumeei buruzko informazioa bilatu eta osatu.
*Egiten diren jarduera desberdinetan adi egonarazi, “betaurreko moreak” jantzita (ipuinetan, abestietan, jokoetan…).
*Komunikabideetan agertzen diren albiste, publizitate, lan-eskaintzak,…era kritikoan aztertu.
* Neskak indartu beraien iritzi eta ekarpenak besteen aurrean azal ditzaten, esparru pribatutik publikora pasatzen lagundu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina