Iazko post bat aukeratzerakoan
Irati Mendiguren Cosgayan “Gu
geu zutabe, horma eta teilatu” hautatu dut. Bere lelo ederretik hasita,
hainbat baliabide eskaintzen dizkigu eta nik ere konpartitzen dudan zalantza
bat aipatzen du. Emakumeen presentziak ez duela bermatzen, genero ikuspegia izango
denik partaidetza horretan.
Bestalde, “publikoki
genero banaketak eta oreka kuotak arretaz begiratzen badira ere, tamalez,
gehiegitan gertatzen da barne-antolaketa eta erabakitze guneetan dauden lagunak
eta aurpegia ematen duten horiek ez direla berdinak izaten. Alegia, kanpora
begira badirudiela genero errepresentazioari garrantzia ematen zaiola, baina,
itxurakerian besterik ez dela geratzen errepresentazio hori”. Alderdi politiko
askoren kasuan, are nabarmenagoa da; legez instituziotarako zerrendetan kuota batzuk
errespetatzera derrigortuta daude, baina gero zuzendaritzetan eta erabaki
guneetan ez dago emakumeen presentzia nahikorik eta ezta genero ikuspegirik ere.
Honekin ez ditut kuotak kritikatu edo beharrezkoak ez direnik adierazi nahi,
agian egunen baten emakume horiek ahalduntzen badira, ikastaro hau egin edo eta
betaurreko moreak jartzen badituzte, emango litzatekeen eraldaketa erabatekoa
izango litzateke.
Lehengo ideiarekin
lotuta, oso esanguratsua da N.B.E. 2017ean mundu mailan emakumeen parte hartze
eta lidergoari buruz egindako txostena:
Emakumeen partaidetza
soziopolitikoa dela eta 2013an Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu berri zen
Emakumeen Kontseilu politikoan parte hartzearen inguruan ondorengo bideoa argitaratu
zuen. Zailtasunak eta argiuneak ageri dira eta horrelako prozesu batean ematen
den, norbanako eta kolektiboaren ahalduntzea azpimarratu nahiko nuke.
Baina ahalduntze hori
eman dadin, duela bi urte Leiren Garrok aipatzen zuen moduan hainbat baldintza
kontuan izan behar ditugu:
“Edozein parte hartze dinamikak antolatzerakoan, neskek eta mutilek
beren ikaskuntza prozesuan izan duten genero-sozializazioa kontutan
hartu behar dugu, hori kontutan hartzen ez badugu, jendartean inposatzen diren genero-rolak,
jarrerak, egiteko moduak eta botere harremanak parte hartze horretan
erreproduzituko dira eta norbanako eta taldeko garapena mugatuz. Guzti
horregatik, partaidetza parekidea bermatzeko estrategiak, ikaskuntza eta
gaitasun batzuk garatzea ezinbestekoa da.”
Beraz, parte hartze
arrakastatsua lortzeko, pertsonak konpartitzen
duten ideiengatik mugitzen direla, gustura
sentitzen diren pertsonen ondoan eta eroso
egoteaz gain, erasotuak izango ez diren espazioak behar dituztela hartu behar
da kontuan.
Parte hartzearen hiru oinak:
Asturiaseko hezkuntza sailan, Educastur gida. 13.-21. orrira oinarrizkokontzeptuak biltzen dira. |
Eta gure eskoletan zer?
- Eskola komunitatea osatzen duten subjektu guztientzako parte hartze guneak sortu. Guztien interesak, kezkak, proposamenak.... jasotzeko eta bideragarri egiteko.
- Parte hartze parekidea lortzeko, plangintza egin eta sor daitezkeen erronkei erantzuteko estrategiak topatu.
- Nesken ahalduntzea sustatu eta beraien beharrak, iritziak, kezkak... kontutan hartu.
- Neska-mutil guztien ikaskuntza prozesuan, subjektu aktibo bilakatu eta beren parte hartzea bermatzeko estrategiak eta guneak garatu.
- Batzarretan emakumeen parte hartzea bermatzeko araudiak eta estrategiak adostu.
- Azken finean, bestelako partaidetza eredua eraiki, antolamendu horizontalagoarekin.
Badugu zeregina, eutsi goiari eta ez etsi!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina