Sexista, matxista,
patriarkala, emakumeen aurkakoa… abizen ezberdinak (ñabardura ezberdinekin)
menderakuntza-egitura patriarkal eta androzentrikoetan jatorria duen[1]
indarkeria izendatzeko. “Hezkidetza eta genero-indarkeria” izan da aste
honetako gaia, eta arazo sistemiko horren dimentsioaz kontzienteago bihurtzeko
balio izan dit.
Nahikoa da genero-indakeriari
buruzko txosten eta datu gutxi batzuk errebisatzea, panorama kezkagarri bezain
onartezina dela ohartzeko, bai mundu maila eta baita gurean ere:
·
SETEM GGKEak 2016an argitaratutako Indarkeria
matxistarik gabeko kontsumorako hausnarketa-gidan
aipatzen denez (39. orrian): “Mundu-mailan,
emakumeen heren batek tratu txarrak edo gehiegikeriak jasaten dituzte, eta 15
eta 44 urte bitarteko kolektiboan, indarkeriak minbiziak, malariak,
trafiko-istripuek eta gerrek baino heriotza eta minusbaliotasun handiagoak
eragiten ditu. Gainera, Europan, 18 eta 74 urte arteko emakumeen herenak
nolabaiteko gehiegikeria fisikoak jasan dituzte eta hogeien bat bortxatu egin
dituzte noizbait”.
·
EAEn, EMAKUNDEk
bildutako azken datuen arabera, 2018an 4.244 emakumek pairatu zuten genero-indarkeria
(aurreko urtean baino 224 emakume gehiago, %5,7).
·
Maite Garaigardobil EHUko Psikologia
katedradunak ohartarazi du Hik Hasin egindako elkarrizketa
honetan gaztetatik datorrela
bortizkeria:“[mutilen] % 45ek onartu du
noizbait jarrera jazartzailerik izan duenik eta [nesken] % 80k onartu du noizbait jarrera agresiboa
pairatu izana”.
Emakumeen aurkako indarkeria material edo zuzeneko indarkeriak adierazpen ugari ditu (indarkeria fisikoa, psikologikoa, sexuala, digitala, ekonomikoa, mikromatxismoak) eta bere oinarrian dauden indarkeriaren beste bi maila edo geruzarekin katramilatzen da (indarkeria kultural edo sinbolikoa eta egiturazko indarkeria), continuum bat osatuz.
Galtung-en indarkeriaren triangelua , Iturria: Indarkeria
matxistarik gabeko kontsumorako hausnarketa-gida
Zuzeneko indarkeriaren zati handi
bat ikusgai dago eta horri zuzentzen diogu fokua maiz, baina hori ahalbidetzen
eta sostengatzen duten beste bi indarkeria mailak ikusgaitzago zaizkigu eta oso
erro sakonak dituzte. Konplexutasun handiko fenomenoa da, eta alde askotatik
begiratu dakioke, kontuan izanik emakumeen aurkako indarkeriaz gain, indarkeria
matxistaren beste molde batzuk ere badirela (transfobia, lesbofobia, homofobia).
Fronte askotatik heldu daitekeen
gaia izanik, ezbairik gabe, gizonongan eragitea beharrezkoa da genero-indarkeriari
aurre egingo badiogu. Indarkeria ikasia da, pertsona guztiok bizitzan zehar
kulturatik eta egituretatik datozkigun input ezberdinen bitartez oharkabean asimilatzen
goaz indarkeria, eta gizon askok, sozializazio prozesuan zehar, indarkeria
gatazkak konpontzeko modua dela eta horretarako erabili dezaketela ikasten dute.
Rita Segato argentinar
antropologoaren aburuz “gizonei erakutsi behar
zaie beren potentzia adierazteko indarkeria erabiltzea ahultasun-seinalea dela.
Indarkeria darabilen gizona gizon ahula da. Potentzia gisa erakutsi nahi duen hori
da, hain zuzen ere, inpotentzia” (hitzak elkarrizketa honetatik
atera ditut eta neronek euskaratu).
Aurreko edizioetako ikaskideek egindako post batzuk
irakurri ostean, 2016an Anduk idatzitako hau aukeratu dut, hain zuzen ere, arreta
gizonengan ere ipintzen duelako eta hainbat bideo eta baliabide interesgarri partekatzen
dituelako.
Gaiaren lanketari dagokionez, nire
inguruan azkenaldian ikusten ari naizt genero-indarkeria salatzeko eta biktimak
babesteko geroz eta ekimen gehiago (horietako bat, pasa den ikasturtean martxan
jarritako Genero
indarkerien aurkako EHUren protokoloa), baina oraindik gutxi indarkeria
horren jatorrian eragitera bideratuak.
Hau guztia lantzeko hezkidetzaren erronkak dira,
nire ustez (labur-labur idatziko ditudan arren, badakit potolo-potoloak direla
eta ez daudela hezkuntzaren esku, haratago baitoaz):
·
Indarkeria oro desagerraraztea hezkuntzan (zuzeneko
indarkeria deuseztatzeko mekanismo eta protokoloak martxan jartzea, baina baita
ere indarkeria sinbolikoa eta egiturazkoa errebisatzeko neurriak hartzea).
·
Bortizkeriarik gabeko gune bihurtzea eskolak,
txiki-txikitatik hasita eta komunikazio
ez bortitza praktikatuz etapa guztietan.
· Neskekin autodefentsa feminista lantzea eta mutilekin lanketa berezia egitea, Irantzu Varelak ondoko
bideo honetan azaldu bezala, indarkeriak generoa baitu:
[1] Hala azaltzen dute Indarkeria matxistarik gabeko kontsumorako hausnarketa-gidan (45. orrian)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina