2020/11/30

Legeetatik egunerokora

 

Muriak, bere sarreran aipatzen duen moduan, legeak zilegitasun osoa duten erabakiak dira. Eskubideak bermatzea dute helburu, ardurak ezartzen ditu, prozesuak proposatzen ditu, babes-neurriak planteatzen ditu eta betebeharrak ere bai. Kultura baten adierazgarri da eta ordura arte dauden praktika egokiak ere jasotzen dute.

Legearen babesik gabe, gutxi dago egiteko. Genero arteko berdintasuna bermatuko duten neurri arautzaileak espazio guztietan egon behar dira eta Hezkuntza horietako bat dela uste dut. Hala ere, Hezkidetzaren II Plana irakurririk zerbaitek ñaah egin dit. Formalegia, zurrunegia, hotzegia akaso?

Eta orduan, Feminsimo hitza sartu dut Planeko bilatzailean eta konturatu naiz behin bakarrik azaltzen dela.


Iruditzen zait, marko legalari buruz hitz egiten dugunean, hezkidetzaren kontuan behintzat, formaltasunari buruz hitz egiten dugula. Horren adierazle da, orain arte osatu den legedia hezkuntza sistema formalean soilik egituratuta egotea. Baina zer gertatzen da hezkuntza ez formalarekin? Non dago arautua espazio horietan ematen den hezkidetza? Ematen al da?

Elkarte askok egin dute hezkidetzari buruz hausnartzeko lanketa ugari. Urtxintxa edo Alboan bezalako elkarteak etortzen zaizkit burura. Beraz, zer egin daiteke astialdiak ere babes juridikoa izateko? Zer egin daiteke, hezkuntza formalak eta ez formalak hezkidetzan elkarlanean jarduteko?

Uste dut, hezkidetzari dagokionean, hezkuntza formalak asko duela ikasteko astialdietako espazio ezberdinetatik. Batez ere Planak aipatzen dituen “zutabeak” errealitatera jaisteko eta praxia lortzeko.

Zer diote honi buruz hezkuntza ez formalekoek?







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina