Eredu bitarra gainditzeko era da, sexua eta generoa lerro edo continuum gisa ulertzea. Muturren artean (gizona-emakumea), sexu eta genero identitate desberdinak sartzen dira lerroan zehar. Josebe Iturriozek bere artikuluan esaten duenez: “Gorputzak lerro horretan mugitzen dira, mutur batetik bestera. Dualismo horretatik atera behar dugu eta gorputzen konplexutasuna ulertu.”
Eredu bitarra gainditzea lortzen ari da, urteetako borrokaren bitartez. Genero-identitateagatiko diskriminazioaren eta eskubide-berdintasunaren aldarrikapenaren aurkako borroka, hain zuzen ere.
Eta Euskadin ere, oraindik ez du amaitu LGTBI pertsonen eskubideen aldeko borroka.
Deigarria egin zait Arartekoaren argitalpena. Hor azaltzen da Arartekoa lanean ari dela pertsona guztien giza
duintasunaren eta sexu-orientazio askerako eta genero-identitaterako giza eskubidearen
alde. Arartekok hiru helburu planteatzen ditu Euskadirako:
- Euskal herri-administrazioek beren jarduera osoan berdintasunarekiko erabateko errespetua eta sexu-orientazioagatiko eta genero-identitateagatiko diskriminaziorik eza txerta dezaten lortzea, eskubide horiek benetan eta eraginkortasunez gauzatzeko behar diren neurriak antolatuz.
- Diskriminaziorik ezaren eta aniztasun afektibo-sexualaren eta generoaren eskubideak erabat errespetatzearen kultura sustatzea euskal gizarte osoan.
- Edozein homofobia edo transfobia motari aurre egitea, Euskadiko LGTBI pertsonen egoerari buruzko ezagutza eta sentsibilizazioa zabalduz.
Bestalde, argitalpen horretan LGTBI pertsonen kexa hauek jasotzen dira:
- Identitate desberdina duten haurrei osasun-arreta emateari dagozkionez.
- Lege-arazoak lesbianen bikoteen seme-alaben erregistroan.
- Gizarte Segurantzako formularioak sexu bereko bikoteen errealitatera ez egokitzea.
Argitalpen horrek agerian uzten du oraindik ere Euskadin lan handia egin behar dela genero-identitateagatik diskriminaziorik egon
ez dadin.
Berdinduk Eusko Jaurlaritzaren gida horretan parte hartu du: "Transexualitate-egoeran daudenei arreta integrala emateko gida". Gida oso osatua da, eta ikasle transexualen hezkuntzari buruzko atal interesgarri bat du.
OihanaS-en ekarpena
gomendatu nahi dut, daukan "Pertsona bezainbeste gorputz eta identitate" izenburua asko gustatu zaidalako, eta hezkuntza arlotik egin beharreko
jardunaren deskribapen oso bat egin duelako. Gainera, izugarri gustatu zait bere esperientzia kontatzen duen neska transexualaren bideoa.
- Benetan inklusiboa izango den eskola sortzea, inor sexu-identitateagatik edo genero-identitateagatik baztertzen ez duena.
- Ikasle guztien genero-identitatea errespetatzea.
- Sailkapen bitarraren eredua eta sexu-estereotipoak gainditzea.
- Ikasleekin sexu- eta afektibitate-hezkuntza lantzea eta askotariko sexu- eta genero-identitateen ereduak eskaintzea.
- Ingurune segurua eta konfiantzazkoa eskaintzea ikasle guztiei, haien sexu- eta genero-egoera edozein dela ere.
- Genero edo sexu arrazoiengatik indarkeria eta bereizkeria kasuetan, aurreikustea eta azkar jokatzea.
- Sexu- eta genero-aniztasunari buruzko prestatutako irakasleak izatea.
Ezinbestekoa da genero-identitate guztiak errespetatuko dituen eredu inklusiboan heztea, pertsona guztien errespetua, tratu onak eta eskubide-berdintasuna lortzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina