Aste honetan jorratu dugun gaia funtsezkoa iruditzen zait. Izan ere, nekez izanen gara libre ezin baldin badugu garena izan. Argi adierazten du Epsy Cambell-ek blokearen irakurgaian ematen zaizkigun hitzetan: “Uste dut identitatea garrantzitsua dela, nork bere burua baieztatzen ahalbideratzen duelako” (…).
Heziberri 2020 Planak ikasleen garapen integralaz hitz egiten du, eta etapa bakoitzeko curriculuma zehazten duten dekretuek hori nola egin aginduzko bihurtzen dute. Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko dekretuak bat datoz haien xede eta irizpide orokorretan funtsezko hainbat alderditan:
237/2015 Dekretua HAUR HEZKUNTZA (3. art) |
236/2015 Dekretua OINARRIZKO HEZKUNTZA (2. art.) |
127/2016 Dekretua BATXILERGOA (2. art.) |
a) Haurraren garapen osoa landu behar da, haurraren ongizate psikikoari eta fisikoari, sozializazioari eta heziketari erreparatuta. b) Desberdintasunak prebenitu eta gainditzeko heziketa sustatu behar da, eta ahalegin berezia egin behar da egoera sozial eta pertsonal ahulak bizi dituzten haurrei arreta emateko eta ekitatea bilatzeko. |
g) Oinarrizko Hezkuntzak pertsonaren garapen integralari laguntzen dio, alde batera utziz sexuaren araberako estereotipoak eta rolak, bai eta bereizkeria mota oro ere, generoaren eraginik gabeko orientazio akademikoa eta profesionala bermatuz. Horretarako, ikastetxeek emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko dute alor guztietan: curriculuma, antolaketa eta abar. i) Eskolako bizikidetza egokia izango bada, hezi beharra dago bake positiboan, giza eskubideetan, justizian, elkartasunean eta inklusioan. |
c) Batxilergoko eskola-bizikidetza egokia izango bada, hezi beharra dago bake positiboan, giza eskubideetan, justizian, elkartasunean eta inklusioan. d) Batxilergoko ikasleek konpromisozko sentsibilizazioa garatu behar dute; elkartasuna, enpatia eta hurbiltasuna izan behar dute indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen biktimekin eta sexu-ustiapen eta -abusuen arriskuekin; nork bere burua babesteko baliabideak ere garatu behar dituzte, |
Teoria argi dago, beraz. Badakigu zer egin behar dugun. Baina… eta curriculum ezkutua? Zein da bere eragina identitatearen garapenean? “Betaurreko moreak gida”-n hainbat pista ematen dira:
- Ikusezina da, zalantzan jartzeko aukerarik ez du ematen eta “naturala dena” berezkotzat hartzen du.
- Sozialki onartuak diren posizio edo jarreretara egokitzen den pertsonari esleitutako aitorpen sozial eta balorazio itxaropenetan ikusten da.
- Arrakasta/porrotaren aukera eta esfortzu pertsonal eta laboralaren errekonozimendua baldintzatzen du.
- Mikromatxismoetan argi ikusten dugu. Adibidez: mutilak bizkarrean kolpetxo bat emanez agurtu, eta neskak goxotasunez.
- Ikusezintasuna: ikusezina dena ez da ezkutukoa, ukatua baizik; eta honela indarkeria genero arteko harremanen eratzailea da.
Ziur gure ikasleek horrelako gauzak entzuten dituztela:
Hezitzaileen jarrera kritikoa izan ezean, haur eta nerabeek onartua denaren eredu ezarriak barneratu eta errepikatuko dituzte, batez ere garai pasibo eta harkorrenean. Hezitzaileak jabetu egin behar dira beren balioak, jarrerak, jokabideak eta trebetasunak errepikatzeko duten gaitasunaz, horiek haur eta nerabeengan ondorio zuzenak izango dituztelako. Horretarako, beharrezkoa da hezitzailea bere bizi-historiaz jabetzea, bere barnean aurkitu baitezake haur eta nerabeekin dituen harremanetan bere esperientziek eta ikasketa pertsonalek duten eragina.
Hori horrela baldin bada, curriculum ezkutua gainditzeko lan kontzientea egin behar dugula argi dago. Nola, ordea? Nire ustez, klaustroetan honi buruzko sentsibilizazioa landu beharko litzateke, eta berau gainditzeko prestakuntza garatu. Hortik aurrera, ikastaro honetan ikusten ari garen beste hainbat eta hainbat estrategia: emakumeen ekarpenak azaleratu, hizkuntzaren erabilera ez sexista, errepresentazioa, partaidetza, curriculum baliabideak, etab.
Uste dut ESKOLAK TRATU ONEN GUNE BIHURTU behar ditugula. Leku segurua, non ikasle bakoitza askea den nahi duena izateko. Elkarbizitza positiboa eta aniztasuna ikastetxeen erdigunera eraman behar ditugu. Ez dira gutxi dauzkagun jazarpen kasuak. Bakar bat ere asko da. Eta ez dira gutxi ere jazarpen kasu horietan kutsu sexista edo/eta homofobikoa dutenak. Horrek kalte larriak dauzka pertsonen garapenerako, eta indar guztia jarri behar dugu hori gainditzeko.
FELGTB-k (Federación Estatal de Lesbianas, Gais, Transexuales y Bisexuales) egindako “Acoso escolar (y riesgo de suicidio) por orientación sexual e identidad de género: Fracaso del Sistema Educativo” txostenean datu beldurgarriak ematen ditu. Irakurtzera gonbidatzen zaituztet.
Zorionez, badaude gaia lantzeko eskolarako materialak ere. Bi aipatuko ditut:
- Gehitu elkarteak ekintza eta programa ugari garatzen du. Hementxe hezkuntza programak.
- Rainbow proiektua
Bukatzeko, erreportaje pare bat. Ongi izan!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina