2021/01/29

ESKOLAN, GENERO-IKUSPEGIA NONAHI!


Hezkidetzari buruzko ikastaro honetan, arreta gehien piztu didan alderdietako bat da, patriarkatuaren ereduak hainbeste urtetan bizirautea lortu duen modu misteriotsua. Eta lortu du, batez ere, ezkutuaren, sinbolikoaren eta inkontzientearen munduan mugitu delako.

Konturatu naiz hezkuntza-sistemek zeregin garrantzitsua izan dutela kulturaren eta gizartearen balioen transmisioan eta, ondorioz, gizonen nagusitasuna eta genero-desberdinkeriak betikotzearen erantzule ere izan direla. Ikastetxeetako tresna didaktikoak, materialak eta curriculum ezkutua, aurreiritziz eta genero-estereotipoz beteta egon dira, kolektibo batzuk gutxiagotasun-egoeran aurkeztu dituzte, adibidez, emakumeek kulturari, historiari, zientziari eta abarri egindako ekarpenak alde batera utziz.

Bideo honek oso ondo islatzen du nola eskolan estereotipo eta rol sexistak transmititzen diren, askotan, inkontzienteki edo konturatu gabe.


Bideoan, haurrek, beren mezuekin, ezkutuan dagoena argitara ateratzen dute eta inkontzientea dena kontziente bihurtzeko duten modua hautematen da.

Horixe da hezkuntza hezkidetzailera iristeko modua, lehenik eta behin, transmititzen ditugun ereduez eta balioez jabetzea, ikasitako eredu okerrak desikastea eta berriak eraikitzea.

Curriculum eta baliabide didaktiko hezkidetzailea txertatxeko zailtasunik handienak dira:

  • Konfort-espazioan geratzea.
  • Statu quo-a ezegonkortu nahi ez izatea.
  • Ezkutuan dagoenaz ez jabetzea.
  • Espiritu kritikorik ez izatea.
  • Irakasten dugun guztian genero-ikuspegia ez erabiltzea.
  • Irakasteko erabiltzen duguna genero-ikuspegiarekin ez aztertzea.





Txosten honetan oso ondo azaltzen da materialetan eta baliabideetan gertatu eta orain gertatzen ari dena: “Materialari eta baliabide didaktikoei dagokienez, testu–liburuetan osagai sexistak dituzten irudi, adibide eta komentarioak maiz aurkitu daitezke. Ipuinetako protagonistak kopuru handi batean gizonak direlarik, eta emakumea tradizioz kokatu zaion paperetan aurkitzen dugularik: gehienetan eremu pribatuan eta izaera dependente batekin.

Hezkuntza sozializaziorako oinarrizko bitartekoa da, horregatik, hezkuntzaren analisia egitean, alde batetik, emakumeen presentzia, kopurua eta kokapena aztertu beharko ditugu eta, bestetik, hezteko bitarteko honek sexuen arteko bereizkerian zer-nolako eragina duen ikusi beharko dugu, ziur baikara emakumeon askapen prozesuan bitartekorik garrantzitsuenetarikoa dugula hezkuntza, bai nortasun-garapenerako aukera berriak zabaltzeko, bai prestakuntza akademikoa hobetu eta baita lanerako bideak eskaintzeko ere.”

Gure ikastetxeek hezkidetzaileak izatea nahi badute, curriculumak eta tresna didaktikoek ere hala izan beharko dute.


Baina, neure buruari galdetzen diot: 

Nolakoak izan beharko lukete eguneroko zereginetan genero-ikuspegia barne hartzen duen ikastetxe hezkidetzaile baten curriculumak, tresnek, materialek eta baliabide didaktikoek?


Ikastetxe hezkidetzaile bateko curriculumak:

  • Ez ditu sexuaren araberako aurreiritziak eta rolak transmititzen.
  • Emakumeak eta beren ekarpen sozial, zientifiko, artistiko eta historikoa integratzen ditu.
  • Eguneroko bizitzaren, etxeko bizitzaren eta pertsonen zaintzaren ikaskuntzarekin lotutako helburuak      eta edukiak barne hartzen ditu.
  • Genero-oinarririk gabeko aukera akademikoak eta profesionalak askatasunez aukeratzera bideratzen    du.
  • Indarkeriarik eza hezten du.

Hezkidetzailea den ikastetxearen tresna eta baliabide didaktikoek:

  • Ez dituzte pertsonak gutxietsiak aurkezten sexuaren arabera.
  • Ez dituzte pertsonak objektu sexual huts gisa aurkezten.
  • Ez dute indarkeria bultzatzen
  • Hizkuntzaren erabilera ez sexista egin behar dute
  • Gizonen eta emakumeen presentzia orekatua eta ez-estereotipatua bermatzen dute, irudietan ez ezik, eduki osoan ere.

Eskola berri bat eraiki behar dugu, genero-ikuspegia kontuan hartuta!!!

Erabat ados nago Ander Alonsok idatzitakoarekin bere ekarpenean: “Gaur egungo hezkuntza sistema aztertuz gero, argi dago ezinbestekoa dela gure jarduera hezitzailean sistematikoki curriculuma eta baliabide didaktiko hezkidetzaileak erabili beharra dagoela. Izan ere, modu honetan ikasleek jasoko lituzkeen mezu, irudi, jakintza eta abarretan hainbat aurreiritzi eta estereotipo deuseztatzeaz gain, pertsona guztiak parekidetasunean eta diskriminazio ezan heziko lirateke sexu/genero araberako menperatze harremanak gaindituz eta desberdintasuna modu positiboan baloratuz.”




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina