2017/11/12

FEMINISMOA EZ DA MODA BAT


Feminismoa, zapalkuntza patriarkalari aurre egin asmoz, testuinguru desberdinetan emakumeek beren egoerari buruzko hausnarketatik abiatuz eratu dituzten askapenerako teorien multzoa dela esan daiteke. Jendartearen antolaketan gizonezkoek duten nagusitasuna eta emakumeek pairatzen duten mendekotasuna egoera aztertzeko, ulertzeko eta iraultzeko garatu diren kontzeptu eta tresna teorikoen, zein aldarrikapenen multzo koherentea da. Emakumeen interesak, eskubideak defendatzen dituen eta bigarren mailako ordena soziala kuestionatzen duten ideologia multzoak dira. Hainbat teoria sozial garatu dituzte eta praktika politiko ugari martxan jarri dituzte hauek, harreman sozialen kritikan oinarritzen direlarik.
 
 Historikoki emakumearen askapen borroka ardatz gisa hartu duen filosofia anitza da feminismoa. Teoria desberdin asko biltzen ditu bere baitan baina komunean honakoa du: emakumeen zapalkuntza egoera gainditu eta harreman parekideetan oinarrituko den jendartea eraikitzea. Feminismoa egiteko modu anitzak daude eta horregatik Feminismoetaz hitzegitea zuzenagoa litzateke.  Feminismo ugari baitaude, emakume unibertsala ez baita existitzen, emakume anitzak, errelitate ezberdinetan, kontextu ugaritan. Hortaz, anizkunak eta askotarikoak dira feminismoak eta ideología zein mugimendu politiko, kultural eta ekonomikoen multzo heterogeneoa osatzen dute, pertsonen arteko eskubide berdintasuna eta sistema patriarkal eta kapitalistak eragindako zapalkuntzatik jendarte osoa askatzea bilatzea helburu izanik

Orokorrean, feminismoek bereizkeria egoerak eta botere harremanak zalantzan jartzen dituzte. Teoria feministek, sexua, sexualitatea, botere sozial, politiko nahiz ekonomikoa ezbaian jartzen dute. Celia Amorós-ek bideo honetan Feminismoaren kontzeptuaren inguruan definizio labur baina aldi berean mamitsua egiten duela iruditzen zait.

 
 
 
Azkenealdian ikusi dugu nola Feminismoak indarra hartu duen jendartean. Aurrekoan lankide baten ahotik moda dela entzun nuen. Ideia hori bueltaka izan nuen egun batzuetan zehar eta holakoa nondik atera zuen pentsatzeari ekin nion. Akaso azkenaldian beraien burua feministatzat duten emakume ospetsu ugari hedabideetan agertu direlako, edo agian zenbait eragile politiko eta sindikalek beraien agendetan feminismoaren gaia barne hartu dutelako, beharbada feminismoa negozio bilakatu dutelako modaren industria eta enpresek… erantzun ugari burura etorri zitzaizkidan.  
Irantzu Varelaren aburuz ere, Feminismoa modan dago, izan ere hegemoniko bilakatzen ari da. Geroz eta presentzia handiagoa du herriaren kulturan, iritzi publikoan zein hedabideetan eta hortaz agendan indar handiagoa du eta oso positibotzat baloratu daiteke hori. Baina aldi berean Kapitalismoa, feminismoak duen karga politikoa husteko, beraien jabe egiten da ehunaren industriaren bidez, historikoki emakumeen esplotazio mekanismoa izan dena.




Bat nator bere hitzekin baina moda jendearen gustu orokorra garai eta leku jakin bati dagokion erabilera, ohitura eta joeren multzo bezala definitzen da. Feminismoa moda bat dela esanez gero, hasiera eta amaiera data duela adierazten da, gure historiaren garai baten menpeko legokeelako. Baina Feminismoak, mendeetan zehar eman den eta ematen jarraitzen duen borrokari eutsi egin dio eta hortaz ez da moda kontu huts bat. Hortaz,feminismoa jendartean sistema patriarkala suntsitzeko borrokatzen duten mugimendu sozial zein norbanakoak dira, edozein dela garaia eta edozein munduko txokotan ere. Zapaltzen gaituen patriarkatuaren kontra altxatu nahi dugun pertsonen proosamen politikoa eta soziala da, eguneroko borroka bat. Feminismoa iraultzailea da erabat baina ez da moda soil bat. Norbanakoen askatasuna bilatzen du bizitzaren eremu guztietan, alegia, sozialean, kulturalean, politikoan, ekonomikoa, sinbolikoan, pertsonalean...


Hortaz iruditzen zait, moda egon daitekeela baina ez dut uste moda bat denik. Moda bat dela aipatzeak, ezjakintasuna ezezik, mugimenduarekiko errespetu falta handia adierazten du, duen karga historiko garrantzitsu eta handia lapurtuz. Feminismoa kontrakulturala da, ezarritakoaren aurka doa eta horregatik estandarrak eman eta forma zein estiloak erabakiarazten dituen modara ezin daiteke murriztu. Historia handia du bere atzetik eta tamalez egiteko ugari geratzen zaizkio aurretik, beraz idazten jarraituko da, hortaz, ohar gaitezen duen garrantziaz. Iazko post-en artean historiak duen garrantziaz ere Maite mintzo da.
Horregatik eta hezitzailea naizen aldetik, garrantzitsua iruditzen zait feminismoaren kontzeptua bera lantzea eskoletan. Feminismoa zer den eta zein den bere historia ezagutzera ematea. Historikoki eskubideen lorpenean izan duen eta egun duen garrantzia errekonozituz eta azaleratuz. Horrekin lotuta, ezinbestekoa iruditzen zait ikaslegoari emakume feministak ezagutzera ematea, emakume eredugarriak curriculum-aren barruan txertatuz eta beraien lanari merezi duen lekua emanez.
Bestalde, lehentasun eta premiazkoa dela uste dut emakumeen kontrako indarkeriaren gaia lantzea. Erabat kezkagarriak diren datuak ditugu egun oraindik ere, eta hortaz gure eremu hurbilenean, eskoletan alegia, horren inguruko eskuhartzeak gauzatzea ezinbestekoa dela deritzot. Mikromatxismoetatik hasita, jendarte patriarkalaren atzean dagoen indarkeria estrukturalari mozorroa kentzeraino.
 



Errusiar iraultzaren 100 urteak bete diren aste honetan, Aleksandra Kollontai ekarri nahi izan dut gogora. Feminismo sozialista eta emakumeek Errusiar iraultzan izan zuten paperarena da bere istoria. Aleksandra Mijáilovna Kollontái 1872.urteko martxoaren 31an jaio zen San`Petersburgon.
1917an Alderdi Boltxebikeagatik aukeratutako lehenengo emakumea izan ostean, Zhenodtel izenez ezagututako Sobietar Emakumeen erakundeko lehendakaria izan zen 1920.urtean. Ideia Marxistak jarraituz, non familia burgesa egitura sozial zapaltzaile eta ezmoralen erdigunean kokatzen zituen, bere politika soziala eta feminista, familiaren erdigunetik urrun kokatzen zuen. Sozialista ugarirentzat bezala bererantzeko ere, familia patriarkal zapaltzailearen ideia deuseztatzea eta seme-alaben zein etxearen ardura gizarteratzea beharrezkoa zen. Horretarako, emakumea umeen eta etxearen zaintza lanetatik askatuko zituen instituzio publikoen sarea irudikatu zuen.   
Bere ideia sozialisten bidez emakumea askatuko zituen zenbait lege aldarrikatu zituen. Ezkontzari izaera zibil eta berdintasunezkoa eman zion, dibortzioa errezteko  bide eman ziona eta ama zein seme-alabentzako babes estatala lortu zuen, hospitaletan amatasun laguntza doan lortzen zuen aldi berean. Emakume errusiarren askatasunean aurrerapausu ugari eman zituen arren, etxeko lan zein zaintzatik urruntzeaz gain, emakumearen askatasun sexuala aldarrikatzen zuen. Baina bere ideia aurrerakoiak zirela eta, Lenin zein hainbat emakume sozialista tradizionalagoengatik baztertua izan zen.
Horregatik 1922.urterako indarra galdu zuen eta Lenin-ek bere kargutik baztertu zuen, lan diplomatikoetara bideratuz. Horren ondorioz, munduko lehen emakume enbaxadora bihurtu zen eta 20 urtez feminismo sozialistaren defendatzaile sutsu honek bere ideiak Europa zein Estatu Batuetatik zabaldu zituen.



 








 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina