2017/11/16

GUZTIONTZAKO jai eta ospakizunen alde!

Ospakizun eta jaiak ondo pasatzeko momentuak dira; elkarrekin ekintza ezberdinetan parte hartuz, une atseginak bizitzeko denbora tarteak, hain zuzen ere. Baina, guztiok eroso egon ahal izateko, ezinbestekoa izango da horiek modu egokian antolatzea, denok parte hartzeko aukera berdinak izan ditzagun. Azken urteetan jada, hainbat festetan berdintasun hori aldarrikatzen saiatu diren arren, oraindik ere, nabarian gelditzen dira eredu patriarkalaren ideiak, modu honetara, gizonezkoen ekintzak nagusitzen direlarik. 

Gizon zein emakume, guztiok eskubide berdinak izan behar ditugu, gure herriko festez gozatzeko. Hori honela izanik, garrantzitsua izango da hauek antolatzerako orduan gizarteko partaide guztiekin pentsatzea, aniztasunez beteriko ekintzak proposatu ahal izateko. Izan ere, Emagin elkarteak aipatzen duen moduan, «Jaien parte sentitzen zaren momentutik plazererako bide gehiago egongo dira. Parte sentitzeak esan nahi du eroso zaudela, zuretzat espazio seguru bat direla, gozatzen duzula».


Hona hemen, aste honetan ikusitakoaren inguruan bildutako ideia nagusiekin jai eta ospakizunei buruz egindako kontzeptu mapa.

Aurreko urteetako sarrerei erreparatuz, Ainhoarena gomendatzen dut. Kontzeptu mapan gai honen inguruan bildu dudan ideia bat azpimarratzen baitu bertan, Margaret Bull antropologoak esandakoa: “jaietan gertatzen dena, gizartean gertatzen denaren isla da”. Esaldi horrekin bat nator neu ere. Gainera, jai parekideak hitzarekin akrostikoa egiteko erabili dituen hitzak, oso aproposak iruditu zaizkit eta asko gustatu zait baita ere, partekatu duen Mari Domingiren bideoa, eskoletara eramateko modukoa, Olentzeroren ideia androzentrikoarekin amaitu ahal izateko.

Jaiak eta ospakizunak hezkidetzaren ikuspuntutik antolatzen hastea ezinbestekoa da eta horretarako hainbat irizpide kontuan hartu beharko dira. Usurbilen esaterako, aurten jai parekideen alde hainbat irizpide finkatu dituzte eta horren alde lan egiteko prest agertu dira. Elorrion ere, jaiak parekidetasunean bizitzeko dekalogo bat sortu zuten. Beraz, baliabide hauei jarraituz, presta ditzagun guztiontzako jaiak!
Eremu hezitzailean ere, aintzat hartzeko gaia dela uste dut. Ikasturtean zehar jai egun ugari ospatu ohi dira, eta horiek behar bezala antolatu beharko dira; genero ikuspegia erabiliz eta guztiontzako jai eta ospakizunen alde eginez. Hona hemen, eremu honetan lantzeko zenbait erronka:
  • Jai egunetan tradizioz egiten diren ekintzetan arreta jartzea, horiek guztien parte hartzea ahalbidetzen duten aztertuz eta horrela ez bada, jarduera berriak proposatuz.
  • Egun moreak ospatzea, bakoitzaren inguruko informazio garbia modu erakargarrian helaraziz eta gai hauek lantzeko giro aproposa sortuz.
  • Jai parekideen alde egiteko aliatuak aurkitzea, denen artean parte hartze sexistarik gabeko jaiak aldarrikatu ahal izateko.
  • Gazteak jai eta ospakizunetan egiten diren ekintzen eta erabiltzen diren baliabideen (musika, umorea, janzkera) inguruan hausnartzera bultzatzea, genero ikuspegia erabiliz.
  • Egun berezi horiek ospatzeko, modu berriak eta alternatiboak sortzea, betaurreko moreak erabiliz eta tradizioak asmatuak direla kontuan hartuz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina