2019/12/09

Kukuuu! Non zaudete?

Aste honetan, emakumeen presentzia eta ekarpenei buruz hitzegiten egon gara, eta hona hemen nere memea gaiari buruz:



Tristea bada ere, ikusi dugun bezala, gutxi dira orain arte testuliburuetan azaldutako erreferentziazko emakumeak. Batzuk diote,  emakumeak ez direla historian agertzen  hauek ezagutzari egindako ekarpenak edo gizartean eragina izan duten ekintza gutxi egin dituztelako.Hau arrazoitzeko, zaintza eta hazkuntzan zentratuagoak zeudela diote. Honi buelta bat eman diezaiokegu esanez, emakumeak eremu pribatuko ekintzetan kontrolatuak mantendu dituztela, hauek ezagutzatik aldenduz. Patriarkatuak biologia erabili izan du emakumeen gutxiagotasun fisikoa argudiatuz zapalkuntza justifikatu ahal izateko.
Historian jasotako gertakariak, gizonek (elizgizon, apaizak...edo potere sozial, politiko edo ekonomikoa zutenak) idatzitakoak ziren, eta beraientzako aipagarri zirenak jasotzen zituzten historia "unibertsala" sortuz, eta emakumeak kanpoan utziz.
Beraz historia berreraiki behar dugu eta erakutsi emakumeen papera ezinbestekoa izan dela historian zehar.
Hau guztia kontutan hartuta, baditugu erronka garrantzitsu batzuk. Alde batetik, emakumeen ekarpenak ikustarazi behar ditugu eta erabiltzen ditugun testuliburu edo materialetan emakumeen presentzia bermatu behar dugu. Horretarako, kurrikulumean txertatu behar ditugu eta bai kurrikulum formala zein ezkutukoa aztertu eta eraldatu.
Bestetik, Celia Amorosek zioen bezala, femeninotzat hartzen diren ekintzak balorizatu behar ditugu eta dagozkion garrantzia eman, orain arte maskulinotzat hartutakoak bakarrik izan baitute prestigioa.

Aurreko edizioetako   #ItsasoGOren post hau aukeratu dut:
Emakumeak protagonista!!!


Egia esan, egin duen memeak atentzioa deitu didalako aukeratu dut hasiera batean, oso barregarria baita! Eta horretaz aparte,Toti Martinez de Lezea idazlea aukeratu duelako. Oso garrantzitsua iruditzen zait umeei liburuen bitartez transmititzen dizkiegun mezuak. Hasiera batean,  Haur Hezkuntzan batez ere, aunitz dira ikasleei kontatutako ipuinak, eta hauek aukeratzean oso kritikoak izan behar dugula uste dut, eta genero-ikuspegia izatea nahitaezkoa da. Totiren “Nur” kolekzioak, neska bat du protagonista eta hau ere garrantzitsua iruditzen  zait, orain arte mutilak zirelako istorioen protagonista nagusienak. Esan bezala, neskek beste neska eta emakumeen erreferenteak izan behar dituzte.

Euskal emakume aitzindari bat aukeratzeko orduan, duela gutxi izandako elkarrizketa batera eraman nau. Kide batekin hitzegiten duela gutxi, deskubritu nuen nere auzoan dagoen plaza baten izena bere amonarengatik jarria zela: Maria Dolores Goya.
Honek eraman ninduen famatua izatearen zergatiak bilatzera, momentura arte ezagutzen ez nuelako. Honek beste erronka bat ekartzen dit burura: emakumeen ekarpenei buruz formatu behar gara, guk ezagutzen ez baditugu, nola erakutsiko dizkiegu beraiei buruzko gauzak gure ikasleei?

Beraz ondoren nire aportazioa:


MARIA DOLORES GOYA

Donostian jaio zen 1913ko otsailaren 19an eta irakaslea izan zen. Maistra titulua 1932an lortu zuen 19 urte zituela eta hezkuntza izan zen bere bizitzako ardatz nagusia.
Euskal irakaskuntzan lan  handia egin zuen eta ikastolen mugimenduaren hastapenetan koka dezakegu.
Gerra zibila piztear zela, andereño moduan hasi zen lanean Etxaide kaleko ikastolan, eta 1936ko irailean egin zuen eskola publikorako oposizioetako lehen azterketa. Oposizioko bigarren ariketa gisa, eskola batean urtebetez praktikak egin behar zituen. Praktikak Plentzian (Bizkaia) egin zituen. Itsasontziz ihes egin zuen udalerri hartara, irailaren 13an “erreketeak” Donostian sartu baitziren. Gernikako bonbardaketa ondoren eskolak itxi arte egin zituen han praktikak.
1937ko maiatzaren 22an, “La Habana” itsasontzian Erresuma Batura ihes egin zuen 95 irakaslerekin batera eta beste 3500 haurrekin. “La Habana” itsasontzia gerrako haurrek gerratik ihes egin zezaten Eusko Jaurlaritzak eskuragarri jarri zituen itsasontzietako bat zen. Southamptonera iritsi zirenean, herrialde osoan banandu zituzten eta Maria Dolores Wight uhartera eraman zuten.
Gerra amaitu zenean, Euskal Herrira itzuli zen 1941ean. Mugan, atxilotzen eta 10 urteko kartzela-zigorra ezartzen saiatu ziren gerrako haurrekin Ingalaterrara ihes egin zuelako, baina ez zuten halakorik egin. Hala ere, fitxa poliziala ireki zioten.
Berriro ere irakaskuntzara gerturatu, eta 1943an eskola ireki zuen Ergobian. Urte hartan bertan ezkondu eta lehen haurra izan zuen. 1946an lana utzi behar izan zuen bigarren alaba jaio zenean.
1951n hirugarren alaba jaio zenean, Gros auzoko Karkizano kalera joan zen bizitzera. Etxe hartan, Elisabete Maiztegik animatuta, ikastola irekitzea erabaki zuen. Garai hartan, ikastolak klandestinoak ziren eta etxe partikularretan irekitzen zituzten.  Ez zegoen ikastola asko eta ikasle gutxi zituzten. Klandestinitatea andereñoentzako eta seme-alabak hara eramaten zituzten familientzako izaten zen. Oso arriskutsua zen gainera. Urte haietan debekatuta zegoen euskaraz hitz egitea.
Maria Dolores bere etxeko gela batean 3-10 urte arteko 10 ikasleri eskolak ematen hasi zen, baina kopurua laster 20 ikasletara igo zen. Hasieran, ikasleak 2 orduz bakarrik joaten ziren.
Garai hartan ez zegoen ikasi ahal izateko euskarazko materialik, eta Maria Doloresek bilaketa-lan gogorra egin behar izan zuen material baliagarria topatzeko.
Erreferentzia gisa, Maria Doloresek bere ikasle-garaian ezagutu zuen “Centros de interés”eko metodo pedagogikoa erabili zuen. Ovide Decrolyk asmatu zuen metodo hura eta, adin bakoitzeko haurren interesen arabera, ikasketarako gaiak zentratzea zuen oinarri. Gainera, Euskal Herriko mapa ere bazuten Euskal Herriko udalerriak, ibaiak eta mendiak kokatzen ikasteko. Bere metodologiaren barruan, euskarazko abesti eta otoitzen irakaskuntza ere jasotzen zuen Maria Doloresek.
Ondorioz, Maria Dolores ikastolak bultzatzen eta sortzen erreferentea eta aitzindaria izan zela esan dezakegu. Hori guztia, ordea, arrisku handiak bere gain hartuta, baliabide gutxirekin eta desobedientzia zibilarekin lortu zuen.

Hona hemen irudi bat laburpentxo batekin:



Eta ondoren bere alaba Miren Egañaren bideo bat bere amari buruz hitzegiten:

Miren Egaña Maria Dolores Goyari buruz



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina