Partaidetza parekidearen inguruan hausnarketarik
esanguratsuena berau bultzatzea, aholkulari gisa dinamizazio lanetan
dihardugunon funtziorik indartsuenetakoa dugula berretsi dut. Baita irakasleek
ere euren geletan, koordinatzaileek lan-taldeetan…
Partaidetza xedeetako bat baita, ez prozedura bat, batzuetan
nahasten bada ere. Errepikatu beharrik ez dago pertsona bakoitzaren garapenaz
ari garela, rol aktiboaz eta behar den protagonismoa hartzeaz dagokion
testuinguruetan.
Horregatik talde
dinamikak erabili behar direnean, lehenik, oinarri teorikoak ezagutzea
beharrezkoa da eta ziurrenik ohiko papera ere eraldatzea, rol tradizionalek
urruntzen baitute horrelako asmoa: giro armonikoa sortu taldekideen artean,
ideien zirkulazio librea eta begirunezkoa ahalbidetu eta erraztu, begirada
taldean eta partaideengan izan, ez ideia edo pentsamolde desberdinetan, eta
jaio daitezkeen ekimenei arreta jarri, partaideengandik datozenek indar
biziagoz onartu eta intentsitate handiagoz garatuko baitira.
Oso kontuan hartzekoak
taldearen tamaina eta espazio egokiak ere, dituen onura ugariak merezi baitute:
taldea norbanakoaren motibazio iturria bilakatzen da, ikuspegi heterogeneoa
eskaintzen du, sormena bultzatzeaz gain, prozesuaren parte izanez, irtenbideak
bilatzeko ardura baitakar. Diagoloari ateak irekitzen dizkio eta arazo zailenei
ere alternatibak aurkitzeko aukerak eman: sozialei, etikoei, ideologikoei…
Beraz SUSTA ETA GAUZA DEZAGUN PARTEHARTZEA ETA ERANTZUKIZUNA.
Gaur izan dudan
Elkarbizitza-Hezkidetza mintegi saioan ikastetxeetako ordezkariek ikasleen
parte-hartzeaz euren praktika azaltzeko aukera izan dute eta pozgarria izan da
entzutea Elkarbizitza Behatokietan Haur Hezkuntzako 5 urteko ikasle ordezkariek
ere parte hartzen dutela zuzenean ezagutzea. Eta gainerako partaideek zein
estrategia erabiltzen dituzten gelakideengandik dakartena eta jarraian eramango
dutena komunikatzen laguntzeko. Hori bai ahalduntze prozesua txikitatik
indarrean izatea!!
Aurreko edizioetako
posta Yolanda Artorena aukeratu dut, ikasleen
parte-hartzeaz eskaintzen digun Jolastokia amesten bideoarengatik. Adibide askoren
artean jolastokia da ikasleen parte-hartzea interes handiz piztu dezakeen
gaietako bat. Horregatik orain gutxi argitaratu den ESKOLAKO JOLASTOKIAK
ERALDATZEKO PROIEKTU PARTE-HARTZAILEAK EGITEKO GIDA ekarri nahi dut hona goian aipatutako
partaidetza sustatzeko erronken aurrean baliabide oparo suerta baitaiteke.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina