2021/02/05

ORIENTAZIO ETA AUKERA AKADEMIKOA BERDINTASUNEAN GAUZATUZ...

 Orientazio mailan oraindik egiteke eta egiteko dagoena asko da. 



Hasteko “genero arraila” deritzona desagertzea edo ixten joatea izan behar du lehentasunezko helburu bat, emaitza eta aukeraketa akademikoan genero desoreka nabarmena delako. Bigarren hezkuntzan, esaterako modalitate zientifiko-teknikoan mutilak dira nagusi, eta gizarte- eta giza-zientzietan, neskak.

Lan merkatuan emakume eta gizon enplegudunen datuak ez dira parekideak. Lan beragatik, oraindik, emakumeen soldata txikiagoa izaten da zenbait eremutan. Etxekoen zaintzagatik, lanaldi murrizketa ere emakumeek eskatzen dute askoz ere gehiago gizonek baino.

Goi mailako ardura postuetan, emakumeek oso portzentaje txikia betetzen dute (%13), nahiz eta goi mailako ikasketak dituztenen artean %60 emakumezkoak izan. Argi dago banaketa sexualak indarrean dagoela.


Hezkuntzari dagokionez, datuek genero desoreka adierazten dute. Gure kasuan, genero estereotipoak elikatu, hezi eta erreproduzitzen ditugu, bai esplizitoki (curriculum esplizitu androzentrikoa), baita inplizitoki (curriculum ezkutu sexista).


Eta nahiz eta diskurtso teorikoak eta hezkidetza teoriak nondik nora jotzen duen jakin, errealitatea, momentuz, kontraesanez beteta daukagu: diskurtso ez-diskriminatzailea orokortu barik, espazio banaketa desproportzionatua, partaidetza ez-parekidea, arreta kuantitatiboan eta kualitatiboan mutilen alde, ikasketen eta lanbideen aurrean espektatiba ezberdinak, enplegu-aukeraketan genero-estereotipoz beteta, etxeko lanen banaketa ez parekidea …


Uste dut, nire eremutik, hezkuntzatik, tutoretza eta orientazio planifikazioa oso tresna interesgarriak direla, proiektu hezkidetzailea ikasle guztiengan heltzeko, eta ikasturte bakoitzean helburu hezkidetzaileak tutoretza-programan mailakatuta txertatuz genero-arraila gero eta txikiagoa egiteko.


2.  Gaien inguruko ikerketa edo proposamen baten aipamena:

 Pilar Aristizabal LLorenteren tesia aipatuko dut inbidiaz beteta. Finlandian etxeko lanekin lotuta dauden ikasgaiei ematen dieten garrantzia eta oinarrizko irakaskuntzan asteko hiru orduko ikasgai praktikoa dutela gogoratzeagatik.

3. Hau guztia ikastetxean lantzeko erronkak:


Gure ikastetxean datorren ikasturteari begira erronka bi markatuko nituzke:  

Hezkuntza Proiektuaren barruan hezkidetza konpromezu zehatzak txertatu eta onartu; eta tutoretza-planean, ikas maila bakoitzari egokitutako material berriak sortu edo egokitu eta orientazio akademikoaren barruan, esplizitoki genero ikuspegia txertatu. Aurten Beldur barik programa garatzen ari gara, eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako “beldur barik jarrera” zabaltzeko tutoretzetan unitate didaktiko batzuk erabiliko ditugu. 

Datorren ikasturtean, lehenengo hiruhilabetean zehar, maila guztietan programatuko da unitateren bat beldur barik jarrera hori lantzen jarraitzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina