2021/01/31

HEZKIDETZAN HEZTEA DENON EGINKIZUNA DA

 

Curriculuma eta baliabide didaktikoen inguruan ikusitakoari buruzko hausnarketa egitean, burua etorri zait aspaldian dudan pertzepzioa. Baliteke nire burutazioa baino ez izatea, baina azken aldian iruditzen zait HHn eta LHn ia “edozein” alderdi jorratzea “errazagoa” dela. Esan nahi dudana da irakasle batek (tutoreak) ordu asko pasatzen dituela ikasle berberekin hainbat ikasgai irakasten, eta iruditzen zait horrek asko errazten duela Hezkidetza (eta beste edozein alor) noiz, nola, non… landuko duten erabakitzea. Gainera, irakasleak eurak ere taldean lan egiteko ohitura handiagoa dute (paraleloarekin, zikloka...).

DBHn, ostera, irakasle bakoitza bere ikasgaiaz arduratzen da; eta, mintegiaren babesa badu ere, haren ardura da programazioa osatzea. Eta programazio horretan Hezkidetza dagoen ala ez bigarren mailakoa da askotan (eguneroko presak, curriculumeko eduki jakin batzuk irakasteko beharra, ikastetxeak dituen bestelako proiektuak…). Gainera, ez dago beste ikasgaietako irakasleekin kontakturik; ondorioz, ezin liteke esan indarrik batzen dugunik.

Aipatutakoaz haratago, curriculum eta baliabide didaktiko hezkidetzaileak txertatzeko beste zailtasun batzuk ere ikusten ditut:

Aurrekoarekin jarraituta, DBHko irakasle askok pentsatzen dute zientzietako ikasgaiekin erkatuta hezkidetzaren edukiak letretako ikasgaietan baino ez direla lantzekoak. Ondo legoke haiek ere transmititzen dituzten edukiak eta erabiltzen dituzten materialak berrikusiko balituzte. Hasiera-pausoa litzateke.

Argi dago ezinbestekoa dela hezkidetzan komunitate osoa inplikatzea (gurasoak, ikasleak, gizartea… barne). Horren ondorio da nire leloa:

Gauzak horrela, DBHn proposatzen ditugun jarduera hezkidetzaile asko tutoretza-orduetara edota balio etikoen orduetara mugatzen dira. Hortaz, askotan jarduera isolatu eta anekdotikoak baino ez dira.

Horri guztiari irakasleen formazio-falta gehitu behar diogu (hori HHn, LHn, DBHn…, ni neu lehenengoa, ez pentsa!). 

Baliabideei dagokienez, antzeko kontua gertatzen dela iruditzen zait. Ikusi dudanagatik askoz gehiago dira HH eta LHrako daudenak (baliteke aurrekoak honekin lotura zuzena izatea). Irakasle ibili naizenean, gorriak ikusi ditut Hezkidetza lantzeko jarduerak aurkitzeko. Hori dela eta, gai honetan deskubritu ditudanak nire mintegikideei pasatuko dizkiet zalantza barik haiek ikastetxeetan gauza bera egin dezaten. Mundiala litzateke euskaraz dagoen baliabide-banku oparoa bagenu.

Horrekin lotuta, aurreko edizio bateko UxueUren posta gomendatuko dut. Bertan, curriculuma aldatzeko bideak aipatzen ditu eta baliabide bi eskaintzen ditu.


 


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina