2015/11/05

GENERO INDARKERIAZ



Aste honetako irakurgaian ikusi dugun gisan, emakumeon aurkako indarkeriari dagozkion datuak alarma pizteko modukoak dira. Zer pentsatua ematen du jendartean indarkeriaz aho handiz hitz egiten dugun honetan, oraindik gazteen artean estereotipo sexistak nola garatzen diren ikusteak.
Indarkeriaz dugun imaginario soziala oso murritza eta estereotipatua dugu. Kosta egiten zaigu gure gazteen harremanetan indarkeria ematen dela irudikatzea eta onartzea. Gazteei eskatuz gero indarkeria nork jasaten duen eta nork eragiten duen marrazteko, pertsona adinekoak, pobreak, baliabide gutxikoak eta oso estereotipatuak irudikatzen dituzte. 
“Indarkeria gertatzen da, baina urruti, ez hemen bertan” pertzepzioa nagusitzen da jendarte guztietan. Gertu pasatzen denean harridura handia eragiten du. Kosta egiten zaigu onartzea hau guztia hemen bertan gertatzen dela, errealitatea ezikusi besterik ez dugu egiten, baina ondorioz ez ditugu behar diren neurriak hartzen.
Niretzako genero indarkeria, sistema patriarkala sostengatzeko tresna bat da. Horregatik, indarkeria sexistaz hitz egiten dugunean, iruditzen zait ezinbestean kokatu behar dugula sistema oso baten baitan, patriarkatuaren barnean, hain zuzen ere.
Euskal feminismoak gaiaren inguruan egiten duen interpretazioaren arabera, egungo sistema kapitalistan botere harremanak, klase, genero eta nazio-kultura terminoetan ezartzen direla ulertzen du. Patriarkatua, sexuen arteko botere harreman sozialen sistema gisa ulertuta, ezin da aztertu gainerako botere harremanetatik bereizita. Patriarkatua esplotazio ekonomiko, zapalkuntza politiko eta menperatze ideologikoa eragiteko modu bat dela ulertzen da.
Emakumeak gara indarkeriaren jo puntu nagusia eta emakumeen erailketak nahiz bortxaketak jendartean hedaturik daudela esan daiteke. Hala ere, adibide hauek izebergaren punta besterik ez dira, alegia, ikusgarrien diren eta indarkeria sexista bezala onartzen diren eraso motak, indarkeria zuzena. Indarkeri fisikoa edo sexuala eman dadin ezinbestekoak dira aurretik eta estrukturalki ematen diren izaera eta maila bateko erasoak. Erasook oso sotilak izan arren, gure osotasunaren aurka doaz, eta horregatik, eguneroko eraso hauetan erreparatzea da gure buruak errespetatuak izateko bidean lehenengo pausua.          
                                                                                 
Indarkeria zuzena izebergaren punta direla ulertzeko “hiruki zoroa” deritzona erabiltzen da askotan, indarkeria bere osotasunean ulertzeko aukera ematen digu. Triangelu honen tontorrean, indarkeria zuzena egongo litzateke, baina oinarrietan indarkeria estrukturala eta sinbolikoa dago, egoera hau ahalbidetzen dutenak.
Indarkeria sinbolikoa beste indarkeria guztiak ahalbidetzen dituen indarkeria da, dominazio eta botere harremanak naturalizatzen baititu. Indarkeria ikusezina ere deitzen zaio, boteredun subjektuek dominatuei mundua ikusteko era, gizarte rolak, kategoria kognitiboak eta estruktura mentalak inposatzen dizkiete. Beraz, indarkeria zuzena eman ahal izateko estruktura oso bat dagoela ikustarazten da “hiruki zoro” honen bitartez, bi indarkeria mota hauen gurutzaketak ahalbidetzen du gure sistemaren estruktura horrelako izatea eta horrela mantentzea, eta, era berean, hau onartzea. Indarkeria zuzena, indarkeria sexistaren azaleratzea da. 
Zentzu honetan, indarkeriaren adierazpen mota ezberdinak bereiz ditzakegu, hala nola, fisikoa, psikologikoa, sexuala, ekonomikoa, soziala, afektiboa, etab. Tratu txarrak, eremu eta intentsitate desberdinetan ematen dira. Denok jasaten ditugu erasoak gure egunerokotasunean, matxismoaren azaleratze txikien artean bizi gara, “mikromatxismoak”. Ikusi dugu indarkeria mila eratara eman daitekeela eta edozein eremutan bikotean, familian, lagun harremanetan, eskolan, e.a. 
 
Hau guztia nola landu ikastetxean?
Indarkeria sexistaren prebentzioa eginez.Genero estereotipoetatik haratago, pertsona batzuk bortizkeria eragitera bultzatzen, eta besteak bortizkeria jasateko prestatzen dituzten mekanismoak aztertuz.
Alegia, egiturazko bortizkeria ez da amaituko, pertsona eta harreman askeak oinarri dituen jendartea osatu arte. Jendarte eraldaketa hau emateko parekidetasuna eta heziketa afektibo sexualari eutsi behar zaiola iruditzen zait. Honekin lotuta, tratu onak indarkeriaren prebentzio gisa kokatuz.
Lan tresna asko ditugu: Euskal Herriko mugimendu feministaren lanketa autodefentsa feministaz, Beldur Barik, ikastetxeetako hezkidetza egitasmoak… 
Eraso sexistei aurre egitearen zilegitasunaz Hamaika Telebistako Ertzak saioan:






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina