2015/11/01

Sexu-genero sistemari buruz hausnartzen


Aste honetan, sexu-genero sistemaz aritu gara. Sexu (ezaugarri biologikoen arabera gizon edo emakume) eta genero (maskulino/femenino estereotipoak) kontzeptuen definizioak argituta, sexu-genero sistema hau izango litzateke De Barbieri-ren arabera:

Sexu-Genero sistemak sexu ezberdintasunetik abiatuz gizarteek eratzen dituzten iharduera, sinbolo, irudikapen, arau eta balore sozialen multzoak dira”. (De Barbieri, 1992)

Sexu-genero sistema eraikuntza soziala dela azpimarratuko nuke; gure eguneroko bizitzan, emakume edo gizon jaio, paper desberdinak interpretatzea tokatzen zaizularik:



Emakume jaioz gero, besapean erratz bat duzula etorri zara mundura, arrosa kolorea maite duzu, edozeini entzuteko gai zara, “zure tokian” egoten dakizu, ama izatea zure ametsa da eta etxeko lanak egitea gauzarik gustukoena da ginasiora joatearekin batera, izan ere, gorputz perfektua izatea beharrezkoa da.

Gizon jaioz gero berriz, energia eta indar askoko pertsona zara, oso aktiboa, urdin kolorea gustatzen zaizu, futbola zure pasioa da, enpresa bateko zuzendari izatea da zure ametsa, ausarta zarela erakustea ezinbestekoa da eta irabaztera zoaz beti.

Sexu-genero sistema beraz, sexismoaren euskarria da, eta genero estereotipoek emakume eta gizonen garapen globala eragozten dute. 'Normala' izateko, genero-identitatea ondo garatuta izan behar duzu, tokatu zaizun papera eta arauak era egoki batean betez; geroz eta gehiago garatu, orduan eta onespen gehiago lortuko duzu ingurunetik.

Sexu-genero estereotipoak honela definituko nituzke: pertsonak bi taldetan banatzen dira, sexu biologikoaren arabera, hau da, emakumea edo gizona. Emakumea femeninoa izango da eta ezaugarri eta arau zehatz batzuk edukiko ditu (estereotipoak) eta mutila maskulinoa izango da eta beste ezaugarri eta arau batzuk izango ditu betetzeko.

Genero ikuspegia, patriarkatuan bizi garela ikustarazteko erabili daiteken ikuspegi bat dela iruditzen zait eta sexu-genero sistema hausteko beharrezkoa dena.

Jardueren inguruko datuak eta ondorioei dagokienez, Saioa Alkaiza Guallar-ek eginiko “Sexu banaketaren amildegia” izeneko artikuluan zentratu naiz:

  • Emakumeak gizonak baino prekarioago daude: %25 gutxiago kobratzen dute batez beste; kontratu eskasagoen jabe dira; eta goi kargu gutxiagoren arduradun.
  • Etxeko lanak eta zaintza oraindik emakumeen zereginak dira: lau ordu ematen dituzte egunean; gizonek, bi inguru.
  • Emakumeen kontratazioen ia %60 zerbitzu sektorean egin da. Eta hain zuzen ere hori da kalitate eskaseneko enplegua eskaintzen duena. Genero rol klasikoei lotuta ageri dira ofizioak.
  • Lanean dagoen emakumeen %28,8ak lanaldi partziala dauka Hego Euskal Herrian, eta gizonezkoen %5ak baino ez.
  • Seme-alabarik ez dutenen tasa %46,9 da: emakumeena %40,4koa; eta gizonena %53,4koa, 13 puntuko diferentziarekin. Seme-alaba bat duten emakumeen tasa, ordea, %55koa da eta gizonena %70ekoa, 15 puntuko aldearekin. Eta bi seme-alaba dauzkatenen kasuan, emakumeena %69,8koa da eta gizonena %87,6koa, 17 puntuko diferentziarekin. Lan erreproduktiboaren banaketa ezaren katebegietako beste bat da hau.
  • Kontraturik gabeko pertsonen kasuan ere aldea nabarmena da: %86,6 emakumea da, %13,4 gizona.
Datu hauek aztertuta, lan mundua sistema patriarkal baten aurpegietako beste bat baino ez dela ondoriozta dezakegu.

Ikastetxean lantzeko erronkak hauek izango lirateke:
  • Androzentrismoarekin bukatu eta genero-ikuspegia aplikatu.
  • Liburuetan agertzen ez diren emakume zientzialari, historialari, matematikari, etab.-en ekarpenak argitara ekarri eta daukaten garrantzia eman.
  • Jarrera sexistak ekidin.
  • Ikasleak genero estereotipoak kontutan hartu gabe hezi.   




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina