2015/11/01

HEZKIDETZARI BURUZ HAUSNARTZEN


HEZKIDETZARI BURUZ HAUSNARTZEN

Hezkidetzak “Gizonen kulturatzat eta emakumeen kulturatzat jotzen direnetatik alderdi on guztiak berreskuratu eta neska-mutilen izga garapena bultzatzeko portaera erreferente bihurtu nahi ditu”, “pertsonaren garapen integrala”, “pertsona eta nortasunaren garapena erreferentzia hartzen dituen eskola”, “pertsona eta gizarte eredu berria eratzeko hezkuntza ahalegina”...moduko esaldiak hezkidetzak bere baitan jasotzen dituela ikusi dugu. Baina, nire hitzekin esan beharko banu, “Hezkidetza”: pertsonen heziketa ulertzeko modua da, pertsona ororen garapena, generotik at, gaur egungo balio, rol eta estereotipoak gaindituz, bultzatzen duena; norberaren nortasuna eraikitzeko ikuspegi ezberdina.
Eta zergatik landu horrelako hezkuntza modu bat?
Lehenik begira dezagun, heziketa eta hezkuntzari buruz zer ulertzen dugun:
Hezi: Gizakia, bere ahalmen fisiko eta intelektualak garatuz eta gizabidea erakutsiz, gizartean bizitzeko prestatu eta gaitu. (harluxet hiztegi entziklopedikoa)
Hezkuntza: gizakiak bere ahalmenak garatuz eta gizabidea erakutsiz, gizartean bizitzeko prestatzea eta gaitzea, eta horretarako erabiltzen diren bideak edo sistemak. (entziklopedia laburra)
Eskolaren egitekoa, definizio hauetan agertzen den moduan, gizartean bizitzeko pertsonak prestatzea eta gaitzea bada, bere horretan ez gara gaizki ari. Gizartearen islada garbi ikus baitaiteke eskolan. Baina funtsean, zer nolako gizartea nahi dugu?
Eskola, gizartea eraldatzeko tresna moduan ulertzen badugu, eta gure helburua, bere ahalmen guztiak garatuko dituen pertsonen ibilbidean laguntza ematea bada, argi dago, gaur egungo eskola sistemak, baduela zer hobeturik. Gure gizartean ematen diren egoerak gainditu ahal izateko lanean arituko baikara, hezkidetza landuz:
-emakume-gizonen arteko ezberdintasunak gaindituz, soldata mailan, ardura-mailetan...
-emakumea, emakume izate hutsagatik, babesik gabe uzten duen gizarte eredua atzen utziz
-ohiko emakume-gizon estereotipoak betetzen ez dituztenentzako lekua eginez
-benetako aukera-berdintasuna eskainiz pertsona orori bere aukerak egitean
-etab.
Momentu honetan indarrean dagoen Haur Hezkuntzako Curriculum-a zehazteko dekretutik, honako hau aukeratuko nuke, hezkidetza islatzen duen esaldi gisa:
12/2009 DEKRETUA, urtarrilaren 20koa, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ikaskuntza horiek ezartzen dituena.
7. artikulua.
Helburuak.
Haur Hezkuntzak haurrengan zenbait gaitasun garatzen lagunduko du. Gaitasun horiek aukera eman behar diote haurrari:
a) Bere gorputza ezagutzeko, gorputzak ematen dituen aukerak zein diren eta desberdintasunak errespetatzen ikas dezan.
Baina hau hau bete ahal izateko, hezitzaileok geureak ezagutzen ditugula eta berauen aukerak zein diren, eta batez ere, errespetatzen hezitzaile zein eskola komunitateko heldu guztiok jakin behar dugu. Horrela ez bada, beste behin ere curriculum ezkutuaren indarra azaleratuko baita, curriculum ofizialaren gainetik.
Egia da hala ere, duela urte batzuetatik hona, aurrerapen batzuk egin ditugula, gizarte bezala, eta beraz, eskola bezala ere. Gaur egun, aurki ditzakegu familia eredu ezberdinak agertzen dituzten liburuak, emakumeen presentzia bermatzen duten liburuak, emakume horiei, zein gizonei lanbide ezberdinak esleitzen dizkieten liburuak..., aurrerapauso txikiak, baina aurrera egiten laguntzen dutenak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina