2015/11/06

GENERO INDARKERIA

Heteropatriarkatua egituratutako sistema oso bat da eta horren biziraupenerako egiturazkoak diren zapalketak sortu eta bultzatzen ditu.  Egitura dikotomikoen bidez, menpeko harremanak sortuz eta zapaltzaile zapaldu paperak banatuz, hau da, gizonei boterea emanez eta emakumezkoari kenduz. Genero sistemak emakumeak sistematikoki eta hauen bizitzetako esparru guztietan zapaltzea eragiten du. Batzuetan agerikoak dira erasoak eta eraso gisa identifikatzeko erraztasunak daude, baina bestetan identifikatzea kostatzen zaizkigu eta gainerakoei ikustaraztea ere kostatzen zaigu, baina beti izango dira estrukturalak. Emakume guztiak kolektibo gisa  zapalduak gara, sistemak duen tresneria osoa gu zapaltzeko diseinatuta dago eta horretarako gizonezkoari ematen dio boterea, gu zapaldu ahal izateko boterea. Zentzu horretan genero indarkeria emakumeon kontrako indarkeri mota oro dela esan dezakegu.


Esan bezala eraso batzuk agerikoagoak dira eta beste batzuk sotilagoak, esaterako indarkeria sinbolikoa dugu identifikatzen eta ikustarazten zailena, izan ere indarkeri mota ororen oinarrian dagoena baita, erroko indarkeria. Indarkeria sinbolikoaz ari garenean, sistema heteropatriarkarraren gauzapen sinbolikoaz ari gara.  Hor  doa adibide bat:



Berdintasun faltsuaren gizartean bizi garela esango nuke, eta horrek izugarri kezkatzen nau. Askotan entzuten dugu genero indarkeriari dagokionean asko aurreratu dugula eta egia da aurrera pausuak eman direla, baina diskurtso horrek beldurra ematen dit. Gaur egun politikoki egokia den diskurtsoa oso barneratua dugu “ emakumeon kontrako erasoak onartezinak dira“, eta badirudi posizio hori hartuta berdintasuneko gizartean bizi garela. Uste horrek indarkeria estrukturala edota sinbolikoa identifikatzeko zailtasunak eta oztopoak jar ditzakeela uste dut. Egun, inoiz baino gehiago, mikroskopioak jarri eta ezkutatu nahi dizkiguten eraso guzti horiek identifikatzeko lana geldiezina izan behar da. Eta guzti hori ikastetxeetan lantzeko erronka handiak ditugu, esaterako: 
  • ·  Emakumeon ahalduntze prozesurako tresna eta baliabideen eskaintza egitea, parte hartzerako espazioak sortuz, kolektibo zapaldu gisa agente aktibo bilakatuz etb.
  • ·   Gizonezkoei sistemak ematen dien botere horren erabilpena emateari uko egiteko tresna eta baliabideen eskaintza.
  • ·    Sistema heteropatriarkarraren logika kokatzea, sistema nola antolatzen eta zertarako antolatzen den ulertaraztea.

  • · Erasoak identifikatzeko mekanismoak jartzea, eraso mota ezberdinak aztertuz.
  • ·   Lehiakortasunetik elkarlanerako filosofian lan egitea.
  • ·   Genero indarkeriako kasuei erantzungo dien protokolo bat diseinatu eta aurrera eramatea. 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina