2015/11/01

SEXU GENERO SISTEMA ESKOLA GARAIKO JARDUERA FISIKOETAN



Ikastetxean Gorputz Hezkuntza ikasgaiaren barruan bereziki, baina orokorrean jarduera fisikoarekiko guztietan sortzen diren harremanak behatzen saiatu naiz aste honetan, patio orduetan eta eskolaz kanpoko ekintzetan barne.

 









Denok uste dugu gure eskolan, inguruko beste guztietan bezala, parekidetasunean oinarritutako curriculuma  lantzen dugula, zer esanik ez ariketa fisikoari buruz ari garenean. Baina Gorputz Hezkuntzako arloan jartzen diren ebaluazio emaitzetan fijatu naiz bereziki, eta kuriosoa iruditu zait talde guztietan, lehen mailan hasi eta seigarren mailan bukatuz, neskek orokorrean mutilek baino nota baxuagoa daramatela. Lehen begiradan, proposatzen diren jarduerak ez direla bat ere neutroak ondorioztatzen dut  eta, bigarren irakurketan, ulertzekoa dela neskek urteak aurrera joan ahala, zoritxarrez, jarduera fisikotik urruntzeko duten joera.

Indarraren ahalmena eskatzen duten jarduerak, “oldarkor” puntua edo arriskuaren kutsua dutenak dira jaun eta jabe. “Jaun”, hala da. Askoz gutxiago ikusten ditugu elastikotasuna, malgutasuna edo koordinazioa eskatzen dituztenak. Nola ukatu genero adierazlez beteta dagoen proposamena denik? 

Genero etiketaz funtzionatzen jarraitzen dugu eskolan eta eskolaz kanpoko aktibitateetan, “betiko maskulinitate ereduaz” lotzen den konpetentzian oinarrituz, beste ezaugarri fisikoei begira inongo orekarik bilatu gabe. Espazio partekatua bai, baina beste hainbat arloetan gertatzen zaigun bezala, espazioa erabiltzeko proposamenak oso alde bateko gustuetara egokituak daude. 

Gorputz Hezkuntzako klaseei begira konturatu naiz estetika edo erritmoarekin zer ikusia duen zerbait landu nahi bada, irakasleek neskengana jotzen dutela, oso gutxitan gertatzen bada ere. Beste ezertarako ez da beraien iritzia kontutan hartzen. Patioan, jolas zuzenduak direnen bi egunetan ere, nabarmena da oraindik neskek eta mutilek aukeratzen dituzten jolasen arteko bereizketa.

Patioan ikusten denez, neskek baino jarduera fisiko gehiago egiten dute mutilek, askoz gehiago. Eta egite horretan, lekurik ez diote uzten “beraien” jolasteko moduarekin eta aukeratzen dituzten jolas motarekin bat ez datozen guztiei.  

Balones fuera! 

Inguruko presioaren ondorioz ere badira aukeraketa hauek, noski, ez bakarrik neskek ditxosozko futbolean aritu nahi direnean “mari-mutik” etiketa jartzen zaielako baizik eta, adibidez, eskolaz kanpoko ekintzetan kosta egin delako pila bat mutil bat onartzea erritmikoko gimnasian, eta onarpenak estereotipoaren etiketa dakar gainera atzetik, aurpegira botatzen zaiona batzuetan eta atzetik dabilen kontua gehienetan.

 

Nerabeei begira dela urte batzuk egin zen kanpaina etorri zait gogora, non hamabi urtetik gora ere aktibitate fisikoaz jarraitzera animatzen zitzaien neskei. Baina animatzeaz gain beste erabaki batzuk ere lehen bai lehen hartu beharko liratekela uste dudalako (maskulinoko ezaugarriaz gainezka dauden espazio guztiak orekatuz, adibidez)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina