2017/10/09

NIRE AURKEZPENA

Arratsalde on guztioi!

Nork esango zidan niri blogger-a izaten bukatuko nuela... ikastaro honek hori ere lortu du!

Amaia naiz eta 26 urte ditut. Bizitzan hainbat bide jarraitu ondoren, azkenean duela 2 urte haur hezkuntzako goi mailako zikloan izena eman nuen eta benetan betidanik gustatu izan zaidana egitera ausartu nintzen: umeekin lan egitea. Ezin pozago nago hartu nuen erabakiarekin eta pilo bat ikasi nuen lanbide heziketan, hein handi batean izan nituen irakasleei esker. Gaur egun haur hezkuntzako gradua egiten hasi naiz Euskal Herriko Unibertsitatean, formakuntza hori osatzeko asmoz.

Hezkidetzarekin lehenengo kontaktua ikasketa horietan izan nuen, irakasle batek gai hori mahai gainean jarri zuenean. Oso interesgarria iruditu zitzaidan eta banekien aurrerago horretan sakondu nahi izango nuela, izan ere, asko kezkatzen nau bizi garen gizarteak pairatzen duen eredu matxista eta atzerakoiak. Sinetsi nahi dut hau alda dezakegula eta horretarako eskura ditugun baliabideak erabili behar ditugu, umeak eta pertsonak hezitzeko modu hau kasu.

Holakoa naiz ni, kezkatia, kementsua, kaskagogorra, naturazalea, musikazalea... eta abar eta abar. Behin deskribapen bat irakurri nuen eta identifikatua sentitu nintzen, nire burua bi hitzetan laburbildu beharko banu hauxe izango nintzateke: pesimista aktiboa. Badakit ez dagoela modan pesimista izatea eta gauzei alde ona ikustea hobe dela... landu beharreko ikasgaia da niretzat! Eta horretan nabil.

Kolore bat izango banintz urdina izango nintzateke, zalantza barik. Betidanik maite izan dudan kolorea da, dena nahi nuen urdina, eta oraindik ere horrela da, ez galdetu zergatik ezin baitut azaldu.

Animalia izan beharko banintz, topiko batean eroriko naiz, baina txori bat izatea gustatuko litzaidake, hegan egin ahal izateko. Aske hegan egin, korrontearen kontra hegaz joan, edo haize-korronteen mende nire burua eramaten uzteko.

Azken aspaldian burutik kendu ezin dudan abesti bat aipatuko dizuet: Willis Drummond-en JOAN IKUSTERA. Abesti honek sekulako indarra ematen dit eta letrak errealitatean oinak mantenduz nire burua eta nire ingurua ezagutu eta erronkak botatzera bultzatzen nau.

https://www.youtube.com/watch?v=SLkTgpscRY4

Amaitzeko, ikastaro honekin asko ikastea eta nere bizitzan ikasitakoa aplikatzeko gai izatea espero dut. Argi daukat hemen gaudenok gaiari buruzko kontzientzia badugula, eta kanpoan ere jende asko dagoela gauzak modu ezberdin batean egin daitezkeela sinesten duena, ea mezua zabaltzea lortzen dugun!

Plazer bat zuekin espazio hau konpartitzea :)


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina