2017/10/10

NIRE AURKEZPENA

Arratsalde on guztioi!

Urte dexente behar izan ditut nire burua feministatzat ikusi eta aitortzeko. Hitz horren esanahiaz jabetu, kontziente izan eta neure egiteko ibilbide luzea egin dut. Akaso, norbaitek nire sentimenduei lehenago hitza jartzen lagundu izan banindu, oso gaztetatik definituko nuke nire burua feminista!

Irati naiz, 32 urteko laudioarra. Aiaraldean handik hona mila saltsatan aritua eta urte luzez hala segitzeko asmotan dabilen neska gaztea. Gazte sentitzen dut nire burua, indartsu, gogotsu, ikasteko gogoz, konpartitzeko desiatzen, taldean zein bakardadean hausnartu eta, nola ez, nire burua maitatzen, hezten eta eraldatzen joateko irrikaz nago!

Gaztetxotatik lan egin izan dut hezkuntza ez formalean, eta urteak aurrera joan ahala, baita hezkuntza formalean ere. Ikusentzunezko komunikazioa ikasi nuen, lehenik, eta Haur Hezkuntza, ondoren. Aisialdiaren eremuan komunikazio teknikari gisa aritu nintzen bolada batean, eta egun, haur hezkuntzan ordezkapenak egiten aritzen naiz hemendik-hona.


Bertsozaletasunak, jolasak, komunikazioak, irratigintzak, euskarak, musikak, antzerkiak... eremu anitzetan  esperientzia ugari bizitzeak lagundu dit egun naizen hori izaten; eta egia esan, oso eskertuta nago bidean topatu ditudan lagun, kide eta bidaide guztiekin. Nire barneko txikitasuna handitzen laguntzen didaten altxor puska batzuk ditut inguruan... eta ondoko umearen gisa sentitzen naiz: zorionekoa!

Hezkidetzarekin topo egin nuen Bizkaiko Urtxintxa Eskolari esker eta ikastaroa egin ahala jabetu nintzen mundu aldrebes honi buelta ematen laguntzeko arma paregabea dela. Hezkuntzak gure nortasunaren eraikuntzan eta ingurunearen erlazionatzeko moduan duen eraginaz ohartzen gara haurrekin lanean ari garenean. Beren etorkizuna betaurreko moreekin ikus dezaten bizitzako hasierako urteetatik lanketa eraginkorra eta erabat kontzientea egitea ezinbestekoa iruditzen zait. Etorkizuneko jendartzea osatuko duten belaunaldi berrietan eragitea gure esku dago eta irakasleok sekulako ardura dugu erronka horretan.

Gerora ez dut aparteko formazio mardulik jaso gaiaren inguruan, eta gogotsu nabil hezkidetzan sakondu eta tresna berriak arakatzeko. Eguneroko lanerako zein pertsonalki nire deseraikitze eta berreraikitze prozesurako oso interesgarria iruditzen zait elkarrekin hornituko dugun ikastaro honetan parte hartzea. Plazer handia izango da zuek ezagutu eta zuengandik ere edatea!

Kolore bat hautatzea zaila egiten zait, kamaleoniko xamarra baita nire burua. Berdea, fuxia, horia... oso gustuko ditut kolore biziak baina baita beltza ere. Une bakoitzerako bat hautatuko nuke. Zuek ez?

Animalien artean tximeletak sentiarazten nau aske, dantzari, bizi. 

Eta azkenaldian artista honen kantu askorekin maitemintzen nabil. Bi hauek izugarri gustatzen zaizkit, barrenak nahasten dizkidate. Silvia Perez Cruz:

Gallo Rojo




No hay tanto pan




Uste dut nahikoa idatzi dudala dagoeneko, beraz, kantuak zuen gustukoak izango direlakoan utziko zaituztet, beste bat arte.

Zuek irakurri eta deskubritzeko prest!

Aste ederra izan!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina