Gizartearen ohiturak, sinesmenak, rolak zein ideologiak islatzen dituzten
irudiez inguratuta bizi garela argi dago, eta hauek gure identitatean eragiten
dutela baita ere. Alegia, gure gizartean geroz eta eremu zabalagoa hartzen
duten irudi hauek eskaintzen diguten esperientzia, ezin dugu esperientzia
emozional edo estetiko batera mugatu; irudiak, kontzienteki edo ez,
kontsumitzen dituzten pertsonen identitatearen garapenean ere eragiten baitute;
hala, esan genezake sare sozialek ere pisu handia dutela gertaera guzti
honetan. Izan ere, urteak daramatzat sare sozialen munduan murgilduta eta ezinbestekoa
iruditzen zait jasotzen
dugun informazio bonbardeaketa horren aurrean hausnartzen ikastea eta ikuspegi
kritikoa eraldatzailea sustatzea.
Gaur egungo eskolaren deskribapena
egingo bagenu, litekeena da orain dela urte batzuetako berbera egitea. Azken
batean, salbuespenak salbuespen, nire esperientziaren arabera eskola batzuek
antzera jarraitzen dute. IKTak baita sare-sozialak gure eskoletan txertatu
behar ditugu, batetik, ikasleak aktiboago egoteko aukera ematen dutelako. Bestetik, teknologia esanguratsuki baliatzea garrantzitsua da ikasleen talde
lana sakontzeko; ildo beretik, diziplinartekotasuna bultzatzeko eta,
horrenbestez, ikasleek gai ezberdinak lotzeko. Are gehiago, beste arrazoi bat
da eskolaz kanpoko errealitatearekin bat egiteko modua ematen digutela; hau da,
gelatik at erabiltzen dituzten tresnak naturalagoak direlako eta kanpoko
errealitatea gela barrura ekartzeko egokiak direlako.
Beraz, sare sozialek harremantzeko espazio berriak irekitzen dituen tresna dela
esan genezake, besteak beste; sozializatzeko, elkarbanatzeko, baita jakintza
aberasteko ere. Belaunaldi desberdinek baliabide honen erabilpena egin arren,
egia da heldu ugari arduratuta ageri direla euren gazte zein nerabeek egiten
duten erabilpenarekiko. Bada IKT-etan presentzia fisikoa alde batera gelditzen
da eta ondorioz identitate baten elementu identifikagarriak baita ere; honek
kutsu erakargarria izan ohi du nerabeengan, izan ere, bakoitzak azalaratzen
duen identitatea kontrolatzeko eta aldatzeko aukera ematen du; guzti honek
eragin zuzena du genero rol-en eraikuntzan eta esteriopatzean.
Hori dela eta, geure geletan ere gaia mahai gainean jarri eta genero eta
sexu diskurtso tradizionalak zalantzan jartzeko espazioak bilatu behar dira,
identitate eta sexualitate desberdinen inguruan hausnartzeko. Aipatutako guztia
dela eta, ikasgai desberdinetan transbertsalki hezkuntza afektibo-sexualaren
esparruko gaiak lantzearen garrantzia azpimarratu nahi da, sare sozialeetan
zein geletan sarri gertatzen diren diskriminazioak (sexismoa, homofobia,
lesbofobia eta transfobia, esaterako) sahiesten laguntzeko. Saio mota hauen bidez
gazteen diskurtsoa alda daitekeela sinestu nahi da, errespetuzko jarrerak sustatzeko
eta, era berean, gizabanakoaren erabakitzeko askatasuna praktikara eramateko. Horregatik,
ziberaktibismo hezkidetzaileak berebiziko garrantzia du geure gizartean, izan ere, lurralde desberdinetako proiektu, baliabide edota egoerak aztetzeko, ulertzeko eta lantzeko aukera ematen baitute.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina