2017/10/08

NIRE AURKEZPENA


Kaixo denoi,

Goretti naiz, 33 urteko Laudioarra. Zintzoa banaiz, ez zait erraza suertatzen izaera publikoa duen horrelako leku batean nire burua aurkeztea, baina tira, gauzak horrela erronka berriei aurre egin beharko zaio.
 Arte Ederretan lizentziatua naiz eta Haur Hezkuntzan diplomatua. Egun, Haur Hezkuntzako 3 urteko gela batean lanean ari naiz nire errealitatetik urrun dagoen eta aniztasun handia duen Arabar Errioxako eskola batean. Hezkuntzan (formalean zein ez formalean) urte batzuk daramatzat dagoeneko eta jendartearen eraldaketan benetan eragiteko txokorik aproposenetarikoa dela iruditzen zait.
Konpromezu maila handia eskatzen duen ofizio eta afizio bihurtu dudan honetan, hezkidetzaren garrantziaz ohartu nintzen, feminismoa ezagutu nuen une berean. Bizipen pertsonaletik abiatuta, sentitzeko, pentsatzeko, izateko eta ekiteko moduak irakatsi eta ikasiak zirela ulertu nuenean, barne eta kanpo kontraesanak, gatazkak, krisi eta katarsiak kudeatzeko tresna lagungarria izan dut. Carol Hanisch, militante feminista erradikalak, 1969.urtean argitaratu zuen "Pertsonala Politikoa da" saiakera eta Emakumeen Askapenaren Aldeko Mugimenduaren ikur bilakatu zen leloa ekarri nahiko nuke gogora.


Askotan neure buruari galdetu diot zergatik inork ez zidan bide hau aurretik zabaldu eta aurrerantzean nire ikasle izango den batek galdera bera egin behar ez dezan nago hemen. Gaurko haurrak biharko helduak izango direla konsziente izanik, nire ardura ere badelako mundu zoro eta ulertezin hau, justuago eta parekideago bihurtzeko saiakera. Akaso jaiotzen garen momentu beretik hezkuntza hezkidetzailea jasoko bagenu, buruhauste eta kezka askoz gutxiago izango genituzkeelako...
Pertsona kritiko eta enpatikotzat dut nire burua eta horregatik zintzotasun osoz eta epaiketarik egin gabe, elkarlana eta gardentasuna partekatzea eta aldi berean jasotzea gustatuko litzaidake.
Kolore bat banintz, beltza litzateke, gustoko izateaz aparte beste edozein kolorerekin, ondo ematen duelako. Beltza berez, argirik eza baldin bada ere, anarik "Desnúdame Desdúdame" kantan, argia itzaltzean zenbait gauza ikusten den lez, esaten du, eta zea mays-ek, "Ilunetan", hobeto ikusten dela dio. Bat nator biekin. Eta hara! harrapatu nauzue, horiek baitirelako azkenengo boladan kotxean behin eta berriz bueltan ditudan bidaietako soinu bandak.

Animalia banintz, ziurrena arraina nintzateke uretan aritzeak lasaitasuna ematen didalako. Baina berriz ere, Anariren kanta bat burura datorkit, oreinak izenekoa. Nire abesti maitatuenetako bat dut, letra esanguratsua egiten zaidalako eta agian zenbaitetan identifikatuta sentitzen naizelako. Horra ba, zuek ere, nik bezainbeste goza dezazuen. On egin!

Ikastaro honetan, elkarlanean arituz gutako bakoitzak emateko ditugun baliabide berriez bete nahiko nuke motxila, ikasi eta desikasteko hautua egin nahiko nuke. Ederra delako hezkidetzaren inguruan interesa eta gogoa dugun talde batekin elkartzeko aukera izatea eta ditudan gabeziak zuetako bakoitzak egindako ekarpenekin, nirekin eramango dudan puzzlea osatu ahal izatea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina