2017/10/08

NIRE AURKEZPENA

Kaixo!

Patricia Oregi naiz, 23 (laster 24) urteko azkoitiarra. Txikitatik irakasleenganako izan dudan begirunea eta hauek burutzen duten lanaren miresmenaren ondorioz, neuk ere bide hori hartu eta irakasle izateko ikasketak egitea erabaki nuen. Duela bi urte Lehen Hezkuntzako gradua  (Hezkuntza Bereziko aipamenarekin) amaitu nuen eta horren ostean, Haur Hezkuntzako gradua burutzeari ekin nion, aurreko uztailera arte.

Dagoeneko unibertsitateko ikasketak amaitu ditudan arren, beti ikasteko zerbait berria egon ohi denaren ustekoa naiz. Profesional guztien etengabeko formakuntza garrantzitsua bada, zer esanik ez irakasleena; hauek eduki berrien, teknologien eta abarrez gain, belaunaldi berrien ezaugarri eta beharrak ere bildu behar baitituzte.

Honako hau jakinik, ikasturte honetan hainbat ikastaro ezberdin egitea pentsatuta neukan, etengabeko formakuntza horretan murgiltzeko asmoz. Ideia hori buruan jira biraka nuela, lagun batek ikastaro honen berri eman zidan. Gaur egunean pil-pilean dagoen gaia izateaz gain, interes handikoa egiten zaidanez, bi aldiz pentsatu gabe izena ematea erabaki nuen.

Ildo horretan, hezkidetzaren gaia askotan entzun baina gehiegirik sakondu ez dudan gaia dela esango nuke. Hala ere, azken hiru hilabeteak Peruko hainbat eskoletan pasatu ditut boluntario gisa eta egia esan, harrituta geratu naiz bertako gizartean aurki daiteken normalizatutako matxismoarekin. Horren aurrean, hainbat hizketaldi eta eztabaida izan ditut emakume eta gizonezkoek gizartean duten rol edo paperaren inguruan eta lantzeko benetan gai interesgarria iruditzen zait.

Hori dela eta, ikastaroko materialez gain, gainerako ikaskideen iritzi zein zalantzak mahaigaineratu eta hauen inguruan mintzatuz, hezkidetzaren inguruko jakituriak neureganatu eta horietan sakontzeko gogo bizia dudala ezin uka nezake.

Bestalde, nire burua aurkezteko asmoz, ameslaria eta pixka bat burugogorra naizela esango nuke. Beti erronka ezberdinei aurre egiteko gura izan ohi dut, “ezina ekinez egina” delarik nire bizitzako filosofia. Arduratsua eta langile fina naizen arren, gauzak azken momentuan egiteko ohitura izugarria dut eta denbora pasa ahala, aldatzen ez dudan zerbait da. Ea denbora pixkatxo bat gehiagorekin…

Gehiegi ez luzatzearren, betidanik gustuko izan dudan abesti honekin uzten zaituztet:



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina