Sare sozialen gaia azken urteotan gero eta zabalduago dagoen zerbait da. Urteak
aurrera egin ahala, gero eta gehiago dira inguratzen gaituzten sareak eta onerako
edo txarrerako, asko dira egunean zehar hauetan murgildurik ematen ditugun
orduak.
Ni neuk esan beharra daukat, nolabait ere hauei lotuta edo hauen menpe
bizi naizela sentitzen dudala. Gaur egungo mugikorretan pantaila piztu orduko
sare sozialak bertan izateak, uneoro hauek erabiltzera bultzatzen gaituztela
iruditzen zait. Momentuan, gehien erabiltzen ditudanak, WhatsApp, Instagram,
Facebook eta YouTube dira eta orain ikastaroari esker aspaldiko partez Twitter
erabiltzeari ere ekin diot. Azken hau, aspaldian alde batera utzita nuen arren,
berriro erabiltzen hastean, honen baliagarritasunaz ohartu naiz, bertan hainbat
gauzez jabetzeko aukera dagoela behaturik.
Izugarriak dira sare sozialek ematen dizkiguten abantailak. Hala nola, munduko gertaeren berri minutu gutxiren
barruan helaraztea, edota gugandik urruti dauden senideekiko aldiuneko komunikazioa ahalbideratzea. Zer gertatuko litzaiguke ordea, bat batean sare hauek betirako desagertuko balira?
Egunerokotasunean gauzak asko errazten dizkiguten arren, egia da, sare sozial hauek
behar bezala erabiltzen ikastea ezinbestekoa dela. Izan ere, gure eskura
baliabide ugari dugun arren, askotan hauen erabilera txarraren ondorioz arazoak
suerta daitezke. Horregatik, hezitzaile garen aldetik, guk geuk hauek ondo erabiltzeaz gain, gure ingurukoei hauen
erabilera egokiaz helaraztea garrantzitsua izango dela uste dut. Batez ere, hezitzaileontzat, informazio
iturri bezala erabiltzeko oso baliagarriak izango dira, bai eta gure ekarpenak
besteekin partekatzeko ere, pixkanaka guztion artean gauza berriak eraiki ahal
izateko.
Ziberaktibismo hezkidetzailearen garrantziari dagokionez, argi dago gure
sareetan aipatzen eta partekatzen ditugun gauzak hezkidetzaileak izan behar
dutela, bai eta gizarteari hontaz jabetzen lagundu behar diogula ere. Modu
honetara partekatuz eraikitzeko aukera paregabea izango dugu. Beraz, ekin diezaiogun lanari!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina