2017/10/08

Nire aurkezpena

Arratsaldeon!! Ni Itxaso Perez Aranburu, 23 urteko, gaztea naiz. Zeberiokoa (Bizkaia) betidanik, baina abuztuan Bilbora etorri nintzen bizitzera, lana dela eta. Ekainean Gabriel Aresti euskaltegian lanean hasi nintzen eta Zeberiotik egunero joan-etorria egitea gehiegi zen. Beraz, momentuz San Frantzisko auzoan bizi naiz lagun batzuekin.
Izatez, Lehen Hezkuntzako Gradua ikasi nuen Leioan, honen ostean, iaz, alegia, Donostian Emakume eta gizonen arteko berdintasun teknikaria izateko masterra egin nuen, eta horren haritik, erabaki nuen ikastaro hau burutzea.
Horrez gain, iaz ere, sexu hezkuntzako ikastaro bat ere egin nuen, betidanik egon naizelako interesatuta sexua eta erotikaren munduarekin, eta hau nola eraman daitekeen hezkuntza arlora beti izan da nire egiteko ikasgaia.  Nire ustez, guztia lotzen da sexualitatearekin, eta bakoitzak txikitatik jasotzen duen hezkuntzaren ondorioz sortzen diren harremanek egiten gaituzte garen belakoak. Beraz, hezkidetzaren aldetik, alderdi hori ere lantzen da, heziketa afektibo sexuala ere integratuz hezkuntzan.
Egia esan, nahiko lanpetutan nabil azkenaldian, eta niretzako ezinezkoa zen saio presentzialetara joatea, are gutxiago Donostiara, beraz, online formatu honi esker, uste dut nire erritmora lan egin ahal izango dudala.
Hala ere, ni izatez, nahiko lotsatia naiz hasieran, edo hobeto esanda itxia eta barnerakoia naiz, eta harreman berriak sortzerako orduan traba handiak izaten ditut. Kolore bat banintz, berdea izango nintzateke, txikitatik mendi eta zuhaitzen artean bizi izan naizelako, eta itzeleko lasaitasuna eta segurtasuna ematen dit, eta horrez gain, nolabaiteko naturaren magia gordetzen du.
Ikastaro honekin espero dudana da hezkidetza hezkuntzako oinarria izateko materialak eta baliabide praktikoak ezagutzea eta martxan jartzen jakitea. Agian, astiro edo atzeratuta geratuko naiz noizbehinka, baina benetan, ezinbestekoa den gai honi buruz oinarri sendoak garatu nahi ditut, posible den momentuak aurrera eramateko.
Besterik gabe, ikaskideei agurtzen zaituztet, ez bainintzen aurreko asteko saioan egon, eta espero dut, guztien artean, ezagutzak eta iritzi ugari partekatzea.


Itxaso

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina