Sexu- genero sistema oraindik ere gizartean oso
ezarrita ikusten dut. Zure sexuaren arabera, “horri dagokion” generokoa izan
behar zara (femeninoa alua baduzu, maskulinoa zakila eta barrabilak badituzu), eta
gainera, zure sexu bera ez dutenengatik erakarrita sentitu behar zara
(heterosexuala) baina.. orduan, non gertatzen dira gizona eta neska
identifikatzen ez direnak? Intersexualak? Transak? Homosexulak? Bisexualak?
Asexualak.. etab….
Argi dago mundu anitz honetan ez dagoela
denentzako aukera bera ezta lekua ematerik nahi ere. Asko geratzen da
horretarako, normalizazio baterako, norberak bere erara identifikatzeko aukera
eta erosotasuna sentitzeko. Honen harira, Uruguay-en duela eguntxo batzuk
onartu zuten Ley
Trans izenekoa. Herrialde honetan transexualen heriotza tasa 35
urte bitartean kokatzen dena, bizi behar izaten dituzten umilazio eta ezintasunak
direla medio. Ikasteko diskriminazioak eta ondorioz, ezin izaten dute LH ere
bukatu. Mediku eta osasun zentroetara joateko beldurra, etxetik joan egiteko
beharra familiaren diskriminazioa dela medio,… etab. Gehiengoa prostituzioan sartu
behar izaten du (%65a inguru), gizartetik baztertua geratzen da, populazio ahulenetarikoa
izatea iristen delarik.
Bestetik, aipatu behar dut gizartea ere
eroso dagoela gauden bezala, hau da, irakaskuntza munduan garenok bai mugitzen
garela pixka bat gehiago gai hauen inguruan; baina egia esateko, kontzientzia
sozialik nik ez dut ikusten hau aldatzeko, bigarren mailako arazo bezala
sentitzen dela ikusten dut. Erreproduzitzen jarraitzen dugun estereotipoak
dira. Nire lehengusina, ahizpa bezala dudana, laster izeba izango da, eta
haurraren sexua jakin zuten momentutik jada gela margotzen, izena pentsatzen, arropa
erosten etab. hasi ziren familiakoek, ordura arte ez. Akabo. Haur horri jada
hamaika espektatiba jarri dizkiote bizkar gainean, betetzen bukatu beharko
dituenak, noski. Victoria Sau- ren esaldi hau gustatu zait, honela dioena: “gizon-emakume ezberdintasun biologikoak
deterministak dira, naturak berak ematen ditu, baina gizaki kulturalak garen heinean,
biologia horrek ez ditu gure portaerak determinatzen” . Gure esku dago
honekin jarraitu edo hau eten.
Aipatu behar da, feminismoaren barruan ere, emakume guztien egoera ez dela
maila berdinean ematen. Gure inguruan, gehiengoa emakume txuriak, ikasteko
aukera dutenak, gizartearen parte eta integratuak daudenak, direla, garela.
Halere, ez gara ahaztu behar badaudela emakume askoren ahotsa entzuten ez dena,
egoera larrian bizi direnak, gizartetik at daudenak, lesbianak, trans-ak, beste
kultura eta jatorrietakoak, elbarrituak, gehienetan guk bezain aukera berak ez
dituztenak. Hau da, ez da egia
aipatutako emakume hauek guztiak maila berdinean daudela, eta feminismoaz ari
garenean eta emakume eta gizonezkoen parekidetasuna bilatzen dugula esaten
dugunean, bigarren multzoko emakume horiek oraindik ere zailtasun handiagoak
dituztela ohartu behar gara, izatez beren egoera bidegabeagoa delako, gizarteak
bidegabeagoa egiten die(gu)lako.
Aipatu behar da, gizakion aniztasun
honetan, ideologia aniztasuna ere badagoela, eta guk bide honetarantz egiten
dugun arren, gure ikasle edo haurren familiek desberdin pentsatu dezaketela
hartu behar dugu kontuan, eta hortaz, iritzi berdinak ez konpartitu. Hezkidetza
honekin ados ez egon edota beharrezkoa ez dela ikusi, berekin ez doan gaia dela.
Horregatik gure lana ere ez da erraza, eta haurrei pentsamendua inposatu gabe
(ez guk eta familiek ere) ikuspuntu kritikoa izaten lagundu behar diegu, eurek
beren ideiak erabaki, eta ikuspuntuak eta pentsamendua eraiki dezaten.
Halaber, gu ere sistema honen parte garen
heinean, ezin gara guztiz desbinkulatu eta gure ondorengo generazioak guztiz eredu
hauetatik libre hezi. Adibidez, neska den haur bat jolas sinbolikoan bere burua
makilatzen duela jolasten ari dela ikusten dugu eta “amatxo bezala” esaten
digu. Nahiz eta hori ikustea ez gustatu, nola ez du haurrak hori
erreproduzituko, etxean egunero ikusten badu? Izan ere, ama ere sistema honen
parte denez, patroi eta eredu batzuk jarraitzen ditu, eta hau ez da “inbisiblea”
haurrarentzat.
Azkenik, iazko postetatik bat aukeratuko
banu, Sandrarena
izango litzateke. Berak txertatutako bideoa oso interesgarria iruditu zait, egun
batean zehar beste sexuan gure burua kokatzea, eta hortaz, horrek nola
sentiarazten gaituen aztertzea. Chrisallys-en kanpainari buruz banuen
entzuna eta pozten nau iniziatiba hori hemen jaio eta oihartzuna duela jakiteak,
sortutako materiala hainbat hizkuntzetara itzultzeari ekin baitiote. Maialenen
bertsoen inguruan, hitzik ez, oilo ipurdiarekin uzten nau entzuten dudan
bakoitzean. Post guztietatik zaila egin zait bat bakarra aukeratzea, informazio
eta material berri pilarekin noa… badut nondik ikasten jarraitu!
Oso post interesgarria, baina Chisallys-en lanarekin badut zalantzaren bat. Egia da errealitate bat ezagutarazten eta bisibilizatzen lagundu dutela, baina bestetik oraindik dikotomian murgilduta daudela iruditzen zait, umeari behartu egiten zaio genero bat aukeratzera, eta ez du erdibideko aukerarik onartzen. Alde horretatik estekatu duzun Amelia Barkinen ipuinen bitartez posta askoz ere askatzeleagoa eta erakargarriagoa iruditzen zait
ErantzunEzabatu