2021/02/28

GIZON-EMAKUME KARTZELA GAINDITZEKO, HEZKIDETZA!!

 



Joan den astean identitatearen garapenaz aritu ginen. Aste honetan, identitatez eta aniztasun sexualaz. Batean zein bestean, injustizia eta sufrimendua etorri zaizkit burura. Injustizia, eredu dikotomikoaren gainean eraikitako jendarte batek gizon edo emakume izateko modu bakarra ezarri duelako. Sufrimendua, modu bakar horretaz aldentzen diren guztiek pairatzen dutena.

Honela deskribatzen du Xabi Sánchez Goronaetak bere esperientzia: “Edo ateratzen nintzen, edo eztanda egiten nuen”.

 

Zorionez, uste dut begirada zabaltzen ari garela. Gustatzen zaizkit Itxaro Bordaren hitzak Arrakala proiektuan:

 “Beste normalitate bat asmatzen ahal dugu… jende bakoitza bere sexuaz haratago izatea sozietate batean… hau da, jendea ez da baloratzen bere sexuaren arabera, gehiago ze leku nahi duen hartu jendarte batean. Batzuetan izaiten ahal dira emakume femeninoak bainan beren jarrera maskulinoa da eta alderantziz, baina denek ukan dezatela behar duten eta merezi duten lekua, arazorik gabe ”.

Pertsona bakoitza sentitzen dena izateko aske denean hitz egin ahal izanen dugu benetan jendarte justu batetaz. Sentsibilizazio beharrean gaudela argi dago. Bideo honetan esaldi benetan indartsuak esaten ditu Audreyk:

  • Generoa definitzeko hain mundo desesperatuan...
  • Zergatik inporta zaizue mutila edo neska naizen?
  • Deseroso sentitzen bazarete ere, zuek nire generoa zuen gain hartzeak ni deseroso sentiarazten nau egunero.
  • Neure buruaz dudan ikuspegia zalantzan jartzen dit egunero horrek.

Merezi du bideoari minutu batzuk eskaintzea…


Beste bideo honetan testigantza gehiago aurkitzen dugu:


Interesgarria iruditzen zait ere Amelia Barquinek egiten duen gogoeta: Umeak, generoa eta transexualitatea. Bost ipuin argitaratu berri… eta gogoeta bat post-ean: Arazoa GENEROA dela, demontre! Transexualitatea lantzeko ipuinak aztertzen ditu, eskolan erabiltzeko baliagarriak. 


Aurreko edizioetako ikastarokideen artean, Marivik egindakoa aukeratu dut.
Terminologia argitzeaz gain, Yogyakartaprintzipioen web orrira lotura egiten du. Funtsezkoa iruditzen zait Giza Eskubideen nazioarteko legeria sexu-orientazioari eta genero-identitateari aplikatzea. Izan ere, asko dago oraindik eremu horretan gainditzeko. Hona hemen homosexualitatearen egoera mundu mailan:

Bukatzeko, irakurgaian ematen zaigunari jarraiki honako hauek ikusten ditut hau guztia eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronka gisa:

  • Sexu-genero sistema salatzeko eta gainditzeko ekintzak garatzea.
  • Eskola komunitateak ikasle bakoitzaren errepikaezintasuna askatasunean garatzeko eskubidean sinistea.
  • Eskola heteronormatibitatetik aldentzea eta eredu anitzak eskaintzea.
  • Aniztasuna modu ez hierarkikoan, duintasunez eta errespetuz bistaratzea.
  • Sexu-genero rolak eta genero aginduak betetzen ez dituzten ikasleei inguru segurua eskaintzea. Genero bereizketarik gabeko komunak, tratu onen kulturaren sustapena…
  • Edozein aurreiritzien ondoriozko indarkeria-egoerekiko tolerantzia zero eta esku-hartze berehalakoa.
  • Aniztasun ororen alde eta elkarbizitza positiboaren alde lan egitea.
  • Heziketa afektibo-sexual ez heteronormatiboa sustatzea.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina