2021/03/06

ZUK, ETA ZUK BAKARRIK, AUKERATZEN DUZU ZURE SEXUALITATEAZ NOLA GOZATU

 



Uste dut lelo hori egon behar dela heziketa sexualaren oinarrian. Pertsona guztiek, gorputza dugun neurrian, adierazteko, komunikatzeko, gozatzeko, sentitzeko eta sentiarazteko gaitasuna dugu. Baina norberak aukeratu beharko luke, askatasunean, hori guztia nola egin. Eta hori izan beharko litzateke heziketa afektibo-sexual hezkidetzailearen helburu nagusia, nire ustez.

Baina, sexualitatea eraikuntza soziala den neurrian, ugalkortasunera zuzendutako sexualitate-eredua sustatzen eta indartzen du sistema patriarkalak. Horren ondorioak  denok pairatzen ditugu, eta sexualitatearen aukerak murrizten dizkigu.


Beti esaten dugu ikasleen garapen integrala dugula helburu. Eta, sexualitatez ulertzen baldin badugu hitzekin eta gorputzaren zentzumenekin bakoitzak espresatu, komunikatu, sentitu, intimatu, plazera eman eta jasotzeko modua dela, sexualitatearen garapen integrala eta atsegingarria bermatzea pertsonaren garapena osotasunean laguntzea da. Hortaz, hezkuntza afektibo-sexuala haurren eta gazteen hazkuntza integrala lortzeko alderdi garrantzitsua da

Haur eta gazteek osotasunean heziak izateko eskubidea dute maila guztietan, sexualitatea komunikazio-, osasun-, plazer- eta afektibitate-iturri bezala ulertuz. Emakumeak eta gizonak parekidetasunean eta diskriminaziorik gabe biziko garen jendartea lortu nahi badugu eta harreman komunikatzaile, atsegin, berdintasunezko, arduratsu eta askeak lortu nahi baditugu, haurrei kalitatezko heziketa afektibo sexuala eskaini beharko diegu (EUE: Hezkuntza afektibo sexuala lantzen Haur eta Lehen Hezkuntzan).

Atalaren irakurgaian esaten zaigun moduan, ordea, oraintxe azaldutako arrazoiengatik hain garrantzitsua den heziketa afektibo-sexuala ikastetxe eta irakasleen sentsibilitate eta boluntarismoaren eskuetan geratu ohi izan da. Kanpoko erakunde baten bitartez egiten da, gainera. irakasleok ez dugu gure gain hartzen; ez gara eroso sentitzen. Eta, horrlea baldin bada, ekintza puntual bat izateko arriskua dugu. Benetan utzi behar dugu heziketa afektibo-sexuala ekintza puntual moduan?? Honi buelta bat eman behar diogula uste dut, kontuan izanik zein garrantzitsua den sexualitatea pertsona ororen bizitzan zehar. Nolakoa beharko genuke heziketa afektibo-sexual hori? Irakurgaian ematen zaigu dekalogoa!


 Zer esanik ez, gainera, heteroarautik kanpo edo aniztasun funtzionala duen pertsonez ari garenean. Sexualitate osasuntsua eskubide bat da!


 Horren atzean borroka eta sufrimendua ere badaude. Hona hemen bi adibide, bata dibertsitate funtzionalarekin lotuta (sexu-laguntzari buruzko debatea benetan interesgarria iruditzen zait) eta bestea bisexualitatearen ikusezintasunarekin.



 

 Ikasleekin lantzeko material ugari partekatu ditugu. Nik Arremananitz lantaldeak eskaintzen duen ALU ULU antzerki FOROA proposatzen dizuet DBHko ikasleekin lantzeko.


Aurreko ikasturteetako ikastarokideek egindako posten artean Josuneren HEZIKETA AFEKTIBO-SEXUALA HEZKIDETZAILEA ETA KITTO¡¡ ekartzen dut. Pornografiaren gaia DBHko ikasleekin nola landu duten azaltzen duen bideoa du, besteak beste.

 

Erronkei dagokienez, ezinbesteko eskola-komunitate osoaren sentsibilizazioz eta prestakuntzaz gain (hori gabe, akabo!), hirurekin geratzen naiz pertsona guztiek haien sexualitatea askatasunez bizi ahal izateko desioan:

·         Sexualitatearen inguruko mitoak deseraikitzea.

·         Heziketa afektibo-sexuala aniztasunean heztea.

·         Sexualitate anitzen diskurtsoa normalizatzea.

 

Bukatzeko, Glaukoma taldearen “Gure kaiola” abestia uzten dizuet. Ongi izan! 


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina