2021/03/05

HEZKUNTZA AFEKTIBO-SEXUALA, TABUAK GAINDITUZ

 


Historian zehar, sexualitatea modu askotan bizi izan da. Nolabaiteko askapen sexualeko aldiak egon dira, baita puritanoak ere. Baina, oro har, sexualitatea tabu bat izan da eta izaten jarraitzen du, gai debekatua edo deserosoa zenbait testuingurutan.

Hurrengo paragrafoak oso ondo deskribatzen du hainbat familiatan gertatutakoa: "Nire etxean ez da inoiz sexualitatearekin lotutako ezer aipatu. Behin galdera bat egitea bururatu zitzaidan, eta aita gorritu egin zen eta gaia aldatu zuen."

Familia askotan sexu-informazioa horrelakoa izan da, baina ikastetxean ere ez da oso desberdina izan. Hainbat kasutan, ikasleek jaso duten hezkuntza afektibo-sexuala zientzia-klaseetako ugalketa-aparatuaren funtzionamendura mugatu da.

Hezkuntza afektibo-sexualik ez izateak ondorio larriak ekar ditzake: nerabeen haurdunaldiak, sexu-transmisiozko gaixotasunak, pornografiarekiko mendekotasuna, arriskuko sexu-praktikak, indarkeria, diskriminazio-jarrerak, harremanetan errespeturik eza…

UNESCOk, “Orientaciones técnicas internacionales sobre educación en sexualidad: un enfoque basado en la evidencia” izeneko azterlanean, sexualitatean hezkuntza integralak duen garrantzia adierazten du.

"Sexualitateari buruzko hezkuntza integrala sexualitatearen alderdi kognitibo, emozional, fisiko eta sozialei buruz irakasteko eta ikasteko curriculumean oinarritzen den prozesua da. Helburua da haurrak eta gazteak prestatzea, ezagutza, trebetasun, jarrera eta balioekin, ahalduntzeko: osasuna, ongizatea eta duintasuna gauzatzea; errespetuzko harreman sozialak eta sexualak garatzea; beren aukerek beren ongizateari eta gainerakoei nola eragiten dieten kontuan hartzea; eta bizitzan zehar dituzten eskubideak zein diren ulertzea eta horiek babesten direla ziurtatzea.”

Azterlan horrek defendatzen ditu, besteak beste, sexualitateari buruzko hezkuntza integralak curriculumaren parte izan behar duela, zorroztasun zientifikoa izan behar duela, adin eta garapen-etapa bakoitzerako egokia izan behar duela eta giza eskubideak eta genero-berdintasuna izan behar dituela oinarri.

Halaber, Cristina Sanjuán Vázquezek, Save the Children taldekoak, bere artikuluan dioenez, “hezkuntza afektibo-sexuala etorkizuneko inbertsioa da. Hezkuntza afektibo-sexuala dirudienetik askoz haratago doa, behar diren tresnak ematen dizkigu haurrei irakasteko beren burua eta ingurukoak ezagutzen eta errespetatzen, beren gorputzaren eta emozioen autonomia eta kudeaketa izaten."

Hezkuntza afektibo-sexualak ondorio positiboak ditu ikasleengan:

  • Berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua bultzatzen laguntzen du.
  • Ikasleei abusuak identifikatzeko eta saihesteko aukera ematen die.
  • Sexu-transmisiozko gaixotasunak saihesten irakasten die ikasleei.
  • Genero-indarkeria prebenitzen du.
  • Sexualitate osasungarria garatzen laguntzen du.
  • Ikasleen autoestimua eta beren buruarekiko konfiantza garatzen ditu.
Hala ere, badira haratago doazen hainbat ekimen eta horietako batzuk maila guztietan irakasten dira, Skolae Berdin Bidean-Creciendo en Igualdad eta Coeduca't, esaterako. Bi horiek hezkidetzan oinarritutako proiektuak dira.




Hezkuntza afectivo-sexualak polemika sortu du populazioaren sektore batzuetan. Horietako bi aipatuko ditut:
  • Zenbait gurasok, alderdi politiko batzuen laguntzarekin, Gurasoen PINa eskatzeko plataforma sortu dute.
Egin klik irudian, webgunera joan ahal izateko.
Gurasoen PINaren bidez, familiek balioekin zerikusia duten jarduera batzuen berri emateko eskatzen diote ikastetxearen zuzendaritzari, seme-alabek parte har dezaten baimentzeko edo ez. Gurasoak kezkatzen dituena jarduera zehatz batzuk dira, seme-alabei zuzenean eragiten dien zenbait balio transmititzen dutenak, esaterako, genero-identitatearekin eta -adierazpenarekin, sexu- eta afektibitate- aniztasunarekin edo familia-eredu desberdinekin lotutakoak.


  • Kontrako beste mugimendu bat Nafarroako Skolae programak jasan duena izan da. Familia batzuek eraman dute hezkidetza-programa hori justizia-auzitegietara.

Bi kasu horietan, gurasoek hezkuntza afektibo-sexuala doktrinamendu gisa bizi dute. Eta uste dute seme-alabak zein baliotan hezi behar diren erabakitzeko eskubidea defendatu behar dutela. Kontrakoa pentsatzen dutenek argudiatzen dute urratu egiten direla haurrek hezteko dituzten eskubideak, ikastetxeek curriculum-erabakiak hartzeko duten eskumena eta aniztasunean, berdintasunean eta pertsona guztien errespetuan oinarritutako hezkuntza eskaintzeko beharra.

Baina argi dago hezkuntza afektibo-sexuala nola gauzatu eta zer balore transmititu oraindik oso gai polemikoak direla.

Gure sexualitateak konformatu egiten gaitu, ez da gure nahierara janzten eta eranzten, arropa izango balitz bezala. Sexualitatea gorputz sexuatu batean bizi garen heinean agertzen da; gorputz horrek sentitu, adierazi, hunkitu, esperimentatu, pentsatu... egiten du, eta beste gorputz sexuatu batzuekin erlazionatzen da hainbat testuingurutan, besteak beste, hezkuntza-testuinguruan.

Oihana Sanchezek bere ekarpenean esaten dioenez: “Gorputz sexuatuak gara eta gure sexualitatea beti presente dagoenez, etengabe ari gara heziketa afektibo-sexuala egiten, modu esplizitu edo inplizituan. Sexualitatea ere eraikuntza soziokultural bezala ulertu daiteekenez, gaur egun dirauen eredu heterosexista ugalkor hegemonikoa kolokan jartzea ezinbestekoa da, sexualitatearen diskurtsoa bere espresio anitzekin normalizatu ahal izateko. Afektibitatea eta sexualitatea estuki erlazionaturik daude eta afektibitatearen garapen berdinkidea lortzea funtsezkoa da, sexualitate sano bat garatzeko. Sexualitatea jaio eta hil bitarteko laguna denez, elkarrekiko errespetuan, nahian, adostasunean, oinarritutako edozein sexu adierazpen zilegi izatea litzateke helburua eta honela existitzen den aniztasuna, bai eskolan, familian, herrian, auzoan, inguruan… islatu.”

Asko gustatu zait Oihanaren paragrafo hori, erabat ados nago berak esandakoarekin eta horregatik bere ekarpena gomendatu nahi dut.

Aste honetako gaiaren inguruko baliabide hauek proposatu nahi ditut:
  • Carme Sanchezen "Del tabú a la educación" izeneko bideoa. Carme Sanchezek, sexologoak, ondorengo bideoan oso ideia argia ematen du hezkuntza afektibo-sexualaren garrantziaz. Bideoa oso interesgarria iruditzen zait DBHko ikasleekin ikusteko eta horiekin eztabaida eta hausnarketa egiteko.

  • UNESCOk “Orientaciones técnicas internacionales sobre educación en sexualidad: un enfoque basado en la evidencia” egindako azterlana. Asko gustatu zait proposatutako hezkuntza afektibo-sexualaren markoa. Gainera, nire ustez, gaiari buruz oso azterketa osatua egin du. Hezkuntza afektibo-sexualean ikasteko funtsezko kontzeptuak, gaiak eta helburuak aztertu eta proposatzen ditu.
  • "Sexumuxu" heziketa afektibo-sexualari buruzko programa, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatua. Teknologia berrietan oinarrituta dago, eta DBHko hirugarren eta laugarren mailetako ikasleentzat da. Helburu nagusia da nerabeei laguntzea dituzten premia afektiboak eta sexualak gobernatzeko gaitasunak barneratzen. Horretaz gainera, materiala eskaintzen du, bai irakasleentzat, bai gurasoentzat.

Nire ustez, hezkuntza afektibo-sexualaren erronkak hauek dira:
  • Hezkuntza afektibo-sexuala curriculumean ezartzea, nahitaez egin dadin. Hezkuntza mota hau zeharkakoa denez (hezkuntza afektibo-sexuala, berdintasuna, bizikidetza, hezkidetza, etab.) ez du aparteko lekurik izan hezkuntza-curriculumaren barruan, hainbat gairekin erlazionatzen delako.
  • Irakasleen prestakuntza espezializatu handiagoa eta administrazioaren laguntza izatea. Irakasleak ez dira seguru sentitzen. Prestakuntza falta da, baina ez hori bakarrik, baita administrazioen laguntza sendo eta irmoa ere, sexualitatea gai tabua baita, eta oraindik ere irauten dute behar bezala gauzatzea eragozten duten mito eta beldurrek.
  • Baliabide didaktikoak zehaztasun zientifikoz eskaintzea eta horietan sexu- eta genero-identitate desberdinak islatzea.
  • Ikasleen espiritu kritikoa garatzea, sexualitatearen mitoak deseraiki ditzaten.
  • Giza eskubideetan eta genero-berdintasunean oinarritutako hezkuntza afektibo-sexuala bideratzea.
  • Hezkuntza afektibo-sexual inklusiboa bermatzea.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina