2021/10/29

Genero-indarkeriari erantzun morea

 

GENERO-INDARKERIARI ERANTZUN MOREA

Genero-indarkeriaren inguruan ikusitako oro interesgarria bezain kezkagarria iruditu zait. Batetik, uste baino indarkeria-mota gehiagoren berri izan dudalako; hain zuzen ere, indarkeria sinbolikoa, egiturazkoa, psikologikoa, ekonomikoa, digitala, sexuala, fisikoa eta mikromatxismoak zertan diren ikasi dut. Bestetik, indarkeria kasuei dagokienez, izutzeko moduko datuak ditugula berretsi dut:

 


 

Datu beldurgarrion inguruan jardun dute, hain justu ere, https://www.ivoox.com/genero-indarkeria-audios-mp3_rf_41948996_1.html solasean Amaia Urrejola sexu-hezitzaile eta -aholkulariak, Eibarko Gehituko Jessika Otsek, militante feminista den Uxue Igartzak eta 18 urteko Jurgen Landa gazteak.

Urrejolaren hitzetan, memoriarik gabeko herria gara; izan ere, iraganean emakumeen kontra egindako bortizkeria ez da ezagutarazi. Historia gizonezkoen ikuspuntutik kontatu da; ez dira emakumeen ekarpenak aintzat hartu etb. Horrek guztiak iraganean iltzatuta eta kondenatuta egotera eraman gaitu. Indarkeria erreproduzitzeari utzi nahi bazaio, ezinbestekoa da berau ezagutzera ematea.

Borroka feministaren indarra lagun, ordea, salaketa kopurua nabarmen hazi da (nahiz eta gehienak isilpean gordetzen diren); horrek esan nahi du erasoak identifikatzen direla.

Hain zuzen ere, ildo horretatiko blog-sarrera aukeratu dut: https://hezkeh0506.blogspot.com/search/label/Genero-indarkeria

 #kontaezazu traola erabilita,  emakume askok eta askok salatatu zuten sare sozialetan eraso matxistak pairatu izana. Baliabide eraginkorra oso genero-indarkeria ezagutzera emateko. 

Ekarpen horrekin batera, Ur handitan saioko beste hau partekatu nahi nuke: https://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/ur-handitan/mikromatxismoak-eraso-matxistak/bideoak/  Testigantza latza ematen du argitara emakume ausart eta kementsu batek.

Aurrera bagoaz ere, bide luzea dugu aurretik oraindik; izan ere, gaztetxoenen artean gero eta ohikoagoa da indarkeria, eta horretan ikaragarri eragiten dute heteropatriarkatuan ondo errotutako genero-rolek, maitasun erromantikoaren mitoak… erreferente toxikoetan oinarritutako orok, alegia. Eta ez dugu ahaztu behar: genero-indarkeria helduen artean dagoelako dago gazteen artean, gazteek helduak imitatzen baitituzte.

 Horren aurrean, ezagutzera ematearekin batera, erreferente berriei heldu behar diegu, aukera dugu eta.

Zer diozue?


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina