2015/10/24

HEZKIDETZA, zer da?


Hezkidetza, zer da? 
Aniztasunaren trataera dela esango nuke, edo txanpon bereko beste aurpegia.


Hezkidetza hezkuntza da, eta ikaskuntza, eta eredua, eta bizitzeko modu bat. Muinean,  azaleko ezaugarriei begiratu gabe garatzen den mundua ulertzeko modua sustatzen duena. Ez bakarrik sexua edo generoa baizik eta itxurarekin zer ikusia duen edozein alderdi baztertuz edo gaindituz aritzen dena.
Ulertzen dut berdintasunean heztea harremanetan aritzeko forma bat dela, desberdintasunetik abiatuz edo diferentzia baloratuz bakoitzari behar duen espazioa eta aukerak eskaintzea, menpekotasun arrastorik gabeko harremanak garatuz. 

Hezkidetza hezitzeko modua den heinean, parekidetasuna edo partekatutako espazioa baino haratago doan pentsaera dela uste dut, kontzeptu bera interpretatzeko modua barne. Horregatik gure ikastetxeetan helduok gure hausnarketa propioa, indibiduala, bakarkakoa egiten dugun bitartean,  gogoeta kolektiboa ere bultzatu beharreko ideia aldarrikatzen dut, ez bagara ikasle, beste langile edo senideen eredu bilakatzen, ez garelako urrutira joango, oso gutxi aurreratuko dugulako metodologia “ez sexista” edo “hezkidetzarako curriculuma” abian jartze arren.
Hezkidetza nola planteatu baino heziketa bera nola pentsatu argitu beharko genuela uste dut, eskola errealitatera nola batzen diren testuinguruko heterogeneotasunak aztertu beharrekoan gaudela, eskola praktikak berak (eskolatze kontzeptutik hasita) ze ohituretan murgiltzea dakarren ikertuz. Ahaztu gabe, noski, hezkuntza ez dela ikastetxeetan bakarrik garatzen alde batetik, eta “kultura pedagogikoak” indar handia hartzen ari dela gizarte mailan bestetik.

Ez da “lekua” egitea ikastetxean hezkidetzari, ez denez bezala txokoa eskaintzea kultur-arteko harremanari edo hesi arkitektonikoak suntsitzen hastea gurpildun aulkia behar duen ikaslea gelara sar dadin. Hauek ezinbesteko baldintzak izango lirateke, baina eraikina gauzatzeko lehen harria besterik ez direla uste dut, luma bat airean ez badu konpromisu zehatz bat atzetik, nolabait ikastetxe eskema zurruna desegin eta denon, inongo adjektiborik gabe, guztion etxea izan daitekeen kabia sortzeko konpromisoarekin.

Gizartean konpondu beharreko “arazo” edo “erronka” nagusien aurre egiteko beharra eskoletara esleitzen da oso erraz, ikastetxeetan estu eta larri ibiltzen garelarik baliabide gisa erronkarekin batera esleitzen diguten oihal zati apur horiekin trajea nola josi ez dakigula. Eta agian ez dugula traje bat josi behar planteatu gabe, zergatik ez mantala edo turbantea?. Ez al da dena, azken finean, pentsamendu kritikoa garatzeko beharra, gure bizitzaz eta inguratzen gaituen naturaz zein gizartez kontziente izaten ikasteko beharra?

Iruditzen zait sakonago begiratzen ez dugun bitartean, hau da, HEZIKETA zer den eta HEZIKETAZ zer ulertzen dugun aztertu arte, han eta hemen petatxuak jartzea besterik ez dugula egiten gure ikastetxeetan.

Eta, bukatzeko, formazioari leku garrantzitsua eskaini beharko geniokeela ere uste dut. Irakurri honetaz aspalditik ikertzen ari direnak argitaratutako dokumentuak, historia berrikusiz, errealitateaz jabetzeko antenak erne izanez. Ikasi, formatu, “betaurreko moreak” egoki erabiltzen trebatu ahalik eta etekin handiena ateratzeko inguruak eskaintzen digun edozein  baliabideri.

Gure artean informazioa jaso, aztertu, eredu egokiak bilatu, martxan jarri, proposamen berritzaileak idatzi hezkuntza proiektuan, … dena dagoela ondo eta dena dela baliagarria defendatzen dut, baina oso pobre gelditzen dela guztia ez badugu ekintzetarako pausuak ematen ere garbi dut. Hitzak, gogoetak, plangintzak, ebaluazio irizpideak, denak egon daitezke ondo eta denak baliagarriak izan, baina benetan  lagunduko duena hezkidetzan ere, aniztasunaren barruan sartzen den beste edozein arlotan bezala, ekintzetarako prest egotea eta gure bizitzako alderdi guztietan nolabaiteko “militanteak” izatea dela iruditzen zait.
Ahal den guztietan, gainera, umorez, gure buruaz farre sanoa eginez, bizitza gozatuz, alaitasunean murgilduz. Ironia ere altxor baliotsua bilaka daitekeela ikusi dut behin baino gehiagotan…






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina