Espazioetan errepresentazioak duen garrantzia berebizikoa dela ikusi dugu, espazio publikoan emakumeen lanari eta bizitzari buruzko erreferentziarik ez izateak esfera publiko eta pribatuaren arteko banaketa sexudunari eusten diola. Emakumeoi espazio publikoan dagokigun tokia sortzen ta geure buruak aintzat hartzeko erreferentziak topatzen lagunduko duela, presentzia sinbolikoa areagotzeak. Baina hau ez da berez suertatuko, sexismoaren zikloa etengabe erreproduzitzen da, eta erronkarik nagusienetako bat ikasle guztientzako berdintasunezko espazioak definitzea da, hezkuntzan ere.
Espazio horien segurtasun pertzepzioa, gurekin zerikusirik ez duten espazioak diren heinean, ez da emango, eta ez dugu leku atseginik izango eguneroko bizitzan behar sozialak garatzeko, sozializaziorako eta elkarbizitzarako.
Zentzu honetan, Ordiziako azokan (500 urte baino gehiago ditu), berriki emakume baserritarrari aitortza egin zaio.
Aitortza:
Azokara asteazkenero datozen emakume baserritarrari dago eskultura zuzenduta, beraiei eta euren ama, amona eta aurrekoei, haiek egindako lanaren errekonozimendu gisa. Azokara asteazkenero eta ostiralero eta Ordiziako Plazara egunero gerturatzen diren ordiziarrei baita, emakume baserritarrari zor zaion begirunea eta errespetua gogoan izan dezaten. Eta Ordiziako azoka eta herria ezagutzera datozen bisitariei, emakume baserritarrak izan duen garrantzia ezagutarazteko.
Baina espazioaren errepresentazioaz ari garela, espazio fisikoak harremanak baldintzatzen dituenez eta sexuaren araberako botere harremanak zein pribiliegioak finkatzen dituenez (baita adin eta aniztasun funtzionalaren arberakoak ere), zer gertatzen da hezkuntza-ermuetan? Nola banatzen da espazioa?
Bada begiratu bat ematea besterik ez da behar, erdigunean daudenez, patioa "mutilenak diren kirolak" jokatzeko diseinatuta dagoela ikusteko eta futbol eta sakibaloi zelaiak okupatzen dituztenak patioaren jabeak direla ohartzeko; ondorioz, neskek barneratuta daukate beraientzako esparruak beste batzuk direla, eta hitz egiteko edo dantza egiteko espazio berezi batzuk hartzen dituzte, erdigunetik at. Horrela, patioak, jendarteratzeko espazio publiko bat den heinean, gizarte patriarkalaren desberdinkeriak bistaratu eta erreproduzitu egiten ditu. Patioen konfigurazio tradizionalak hauen erabileran hierarkia zehatzak ezartzen ditu.
Zergatik ez ditugu beraz gure ikastetxeetako patioak eraldatzen?
Zergatik ez ditugu txikienentzako "parkeak" erdiguneratzen eta kiroletan jarduteko guneak bazterreratzen, adibidez?
Espazio fisikoetan bezalatxu, espazio birtualak ere aztertu ditugu aste honetan bertan, eta hauek eskaintzen dituzten aukerak ezagutzea ezinbestekoa dela azpimarratu nahi nuke soil-soilik. Eta honako artikulu hau gomendatu:
Agertoki berri, praktika zahar
Aldiz, ikus-entzunezko eta espazio literarioetan errepresentazioak duen garrantzia kontuan hartuz, hezkuntza sistemak dituen erronka bideragarri bi aipatu nahi nituzke:
-ikasleei ikus-entzunezkoetako sexu-genero estereotipoak zalantzan jarri eta deserikitzeko aukerak eskaintzea.
-eta, eredu berdinkideagoak, anitzagoak erakusten dituzten ikus-entzunezko ekoizpenak eta literarioak ezagutaraztea.
(horretarako aukera bikaina dugu, 1. jardueran foroan talde-lanean eskaini ditugun ereduekin)
Azkenik, bukatzeko, denboraren erabilera dela eta, Eustat-ek argitaratuko:
Euskal emakume okupatuek askoz denbora gehiago pasatzen dute adin txikikoak eta mendeko pertsonak zaintzen gizonek baino (2015/03/06) aipatu nahi nuke.
Badugu non lan egin beste behin ere!!
Beraz, aurrera guztiok!!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina