Urbanismoa historiaren materialtasuna da.
Aipatzen ez dena ez da existitzen, ez da errekonozitzen. Leku bat izendatzea,
monumentu bat diseinatzea edo oroitzapenezko plaka batekin seinaleztatzea
oroimen sozialaren parte da, jendartean garrantzitsutzat jotzen duguna
ahanzturatik berreskuratzea baita.
Hiri-, herri-, espazioen konfigurazioa, “oso
gutxitan pentsatzen dugu pentsamolde baten ondorioa denik, baina hala da".
"Hiria sexista da ekoizpen-ugalketa binomioaren arabera diseinatu den
heinean. Ekoizpenak, alegia, ekonomiarekin zerikusia daukanak, etxetik kanpo
egon behar du, eta ugalketak (hots, familia zaintzeak), berriz, etxe barruan
baino ez. Hori gezurra da ordea". Gezur horren ondorioz, ugalketarekin
zerikusia daukan oro ez dago hiriaren ariman txertatuta.
Jendarteratzeko prozesuan hezkuntzak duen
erronkarik nagusietariko bat ikasle guztientzako berdintasunezko espazioak
definitzea da, horrela bakoitza protagonista sentituz hazi eta hezteko aukerak
sustatuko baitira. Ikusi dugu jada, itxuran soilik berdinkidea den
hezkuntza-sisteman, hau ez dela berez suertatuko. Izan ere, esku hartze
hezkidetzaile kontzienterik definitu ezean, sexismoaren zikloa etengabe
erreproduzitzen baita.
Ikastetxe gehienetako patioak mutilenak dira,
baloia eta porteriak nagusitzen dira espazioaren kudeaketan eta neskak hitz
egiten jarduten dira patioaren ingurumarietan. Gure ikastetxeko patioa ere horrela diseinatuta zegoen; “mutilenak ziren kirolak” jokatzeko eta
futbol eta saskibaloi zelaiak okupatzen zituztenak patioaren jabeak ziren,
erdigunean baitzeuden, baina honetan ere adinak zerikusia zuen, mutil nagusienak
izanik lekua hartzen zutenak. Hala eta guztiz ere, neskek ez zuten bereziki
adierazten espazio gehiagoren beharra; izan ere ondo barneratuta zeukaten beraientzako
esparruak beste batzuk zirela, aipatu bezala, hitz egiteko elkartu zitezkeenak
hain zuzen.
Garbi dago espazio fisikoak harremanak
baldintzatzen dituela eta sexuaren araberako botere harremanak zein
pribilegioak finkatzen dituela, baita adin eta aniztasun funtzionalaren
araberakoak ere.
Hau guztia kontutan hartuta gure ikastetxean, Lehen Hezkuntzako jolastorduen
antolaketa berri bat planteatu genuen iazko ikasturtean, 2014-15ean hain zuzen ere. Gure Ikastetxea lerro bakarrekoa da eta hauxe da sortu genuen jolastorduen plangintza hezkidetzaile berria:
ASTEARTE ETA OSTEGUNETAKO PATIOAREN ANTOLAKETA ETA ARAUAK:
-ASTEARTE eta OSTEGUNETAN EZIN DA PATIORA BALOIRIK JEITSI.
MATERIALA IRAKASLEEK ATERAKO DUTE.
ASTEARTE ETA OSTEGUNETAKO PATIOAREN
ANTOLAKETA
Aurreko taulan, adibide gisa, iraileko egunak bakarrik ageri dira, baina
ikasturte osokoa dago antolatuta eta bai gela guztietan eta baita jolastokiko
ateetan ere dagokion orritxoa jartzen da umeen zein irakasleen
begi-bistan.
Esan beharra dago, hasiera batean, 1. taulanan agertzen den plangintza
bakarrik sortu genuela. Ikus daitekeen bezala, zikloka banatzen dira
jolas-guneak eta, hauek, errotatzen doaz hiru egunetan. Jolasak tutore
bakoitzak bere ikasleekin adostutakoak dira eta hauek bakarrik buru ahal dira
gune eta egun bakoitzean.
Esan beharra dago,
hasiera batean, batez ere 4. mailatik gorako ikasleek, neska zein mutilek, ez
zutela bat ere ongi hartu antolaketa berri hau eta protesta ugari
egon zirela. Honela guraso batzuk ere zuzendaritzara hurbildu ziren umeen
protestak helaraztera, mutilek ezin zutelako nahi beste futbolean ibili eta
neskek ezin zirelako nahi beste hitz egiten egon. Ikasleei azaldutako arrazoiak
eta azalpenak eman behar izan genizkien baina oso ongi jaso zituzten eta
guztion artean martxa egoki bat sortzen hasi ginen; hasiera batean egoera behartu bat bazen ere,
ikasle zein guraso eta irakasleak ere geroz eta gusturago sentitzen hasi ginen. Ikasleen
arteko haserreak ere dexente murriztu ziren.
Denborarekin astearte eta ostegunen antolaketa bat sortzeko beharra
izan genuen, bi egun horietan hasierako egoerara jotzen baitzuten ikasleek
(patioaren erdigunean mutilak futbolean, bazterrean neskak eta haserreak
erdigunearen jabe egin nahi zuten ikasleen artean,
beti ere, liskarren atzetik nagusienak garaile ateratzen zirelarik).
"Berdintasunaren
aldeko jarrerak, lehenik eta behin, gure mundu hau antolatzeko bestelako era
bat proposatzen du, banakoen garapen indibidualaren gainetik, gizarte guztiaren
aurrerapenaren alde egiten duena. Berdintasunaren bidetik, emakumeek nahiz
gizonek beren gaitasuna erabat garatzeko modua izango dute eta erabakiak
genero-rolen eta estereotipoen inongo eraginik gabe hartzeko; berdintasunak
aukera ematen digu den-denoi buruaski izateko bai gurekiko bai gizartearekiko,
eta norbera eta albokoa zaintzeko lana denen artean banatzen laguntzen du,
gutako bakoitzak erantzukizuna hartuz, jakina, baina baita erakunde eta
enpresen inplikazioarekin ere.”
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina