Oraingo honetan genero-indarkeria
dugu hizpide, gai interesgarri eta zaila aldi berean. Gaur egun, oraindik
tamalez maiz entzuten dira irrati eta telebistan honen inguruko albisteak. Hori
honela izanik, gai honen inguruan aurrerapauso handiegirik ez dela eman ikus
daiteke. Harrituta laga naute, honen inguruko datuek, hala nola, emakumeen
%35ari indarkeria honek eragiten diola irakurtzeak.
Hori ikustean, datu
gehiagoren bila hasi eta Espainiako gobernuak gai honen inguruko datu eguneratuak dituen orrialdearekin egin dut topo. Benetan beldurgarriak iruditu zaizkit bertan aurkitu ditudan zifrak. Ondorengo bi tauletan esaterako, azken urteotan, genero indarkeriaren ondorioz gertatutako heriotza kopuruak eta genero indarkeria pairatu duten pertsonen dei kopuruak ikus daitezke.
Datuen ariari jarraituz, aste honetan, irratian,
Miss Peruko partaideek, beraien buruak aurkezterakoan beren neurriak esan
beharrean indarkeriaren datuak eman dituztela entzun eta interneten honen
inguruko informazioa eta bideoa bilatzeari ekin diot. Bertan,
neskek genero indarkeria mota ezberdinen datuak eman dituzte, gizarteari honen
berri eman ahal izateko.
Izan ere, aipatu beharra dago, genero-indarkeriaz hitz egiten dugunean, burura datorkigun lehenengo gauza tratu txar fisikoak direla, baina hau ez da
indarkeriak duen aurpegi bakarra. Fisikoaz gain, mota askotako indarkeriak
daude (psikologikoa, ekonomikoa, sexuala, mikromatxismoa). Gaztezuloko artikulu batean irakurri bezala, genero indarkeria minbizia da emakumearentzat eta horrekin
amaitzea ezinbestekoa da. Horregatik...
Indarkeria ikasia den zerbait da. Gure inguruari arretaz erreparatuz, uneoro
genero estereotipoen ideia ugari jasotzen ditugu eta horren ondorioz, genero
indarkeriaren ideiak ere zuzenean transmititzen zaizkigu. Esaterako, gazteen
telesailetan, neskak normalean mutil indartsu eta gaiztoez maitemintzen dira,
hauek nolabaiteko biolentziaz jokatu ohi dutelarik. Hori honela izanik,
errealitatean, neskatoak berdina egitera jotzen dute. Horregatik, nesken %28a “gizon oldarkorrak erakargarriagoak dira” esaldiarekin
bat ageri da. Benetan penagarria!
Beraz, argi dago, txikitatik gure ingurukoa behatuz ikasten
dugula. Horren ondorioz, haurrek genero indarkeriaren ideiak bistaratzen badituzte, ondoren
horiek gauza bera egingo dute. Ondorengo bideo hau, genero indarkeriarekin
lotuta ez dagoen arren, haurrak ikusten dutena egiten dutela garbi erakusten
du.
Gai honekin lotuta, aurreko edizioetako sarreren artean, Alasnerena gomendatzea gustatuko litzaidake. Partekatu dituen bi
bideoak interesgarriak iruditu zaizkit; bai eta, haur txikienekin genero indarkeriaren gai hau lantzeko proposatu duen
ipuina ere, “Derrigorrez, musurik ez!”.
Hezkuntza formalaren esparruari erreparatuz, gaur egun ikastetxe
batean lanean ari ez naizenez, ez dakit ziur bertan ikasleek gai honen inguruan
zenbaterainoko informazioa jasotzen duten. Hala ere, uste dut, zenbait ikastetxek, azaroaren
25ean honen inguruko ekintzak gauzatzen dituzten arren, urtean zehar ezer gutxi
egiten dutela.
Hori honela izanik, honen inguruan gauza gehiago egin beharko liratekeela iruditzen zait. Honako hauek dira, guzti hau eremu
hezitzailean lantzeko erronkak:
- Aliatuak aurkitzea, gure inguruan arreta jarri eta genero indarkeriaren ideia defendatzen duten edozein adierazpen ezabatu ahal izateko.
- Haurrak gai honen inguruan ikasia daukatenaz jabetzea, ondoren horiek desikas ditzaten jarduerak antolatzeko.
- Genero ikuspegia, gizartean zabaltzea, denon artean ekintza hezkidetzaileagoak gauzatzeko; betiere genero estereotipoetan oinarritutako ideiak alde batera utziz.
- Eredu patriarkaleren aurka borrokatzea, elkarrekiko errespetuan oinarritutako berdintasunezko harremanak sustatzen duen jendartea eraikitzeko.
Amaitzeko, genero indarkeriaren gaiarekin lotutako laburmetraia usten dizuet, zer hausnartu ematen baitu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina