2017/10/30

NOLAKOA DA ZURE KAXA?

tu-no-tienes-caja.jpg
Isa Vázquez

Sexu genero sistemari behatuz igaro dugu astea, sailkapenak, dikotomiak dira gure gizartean nagusi. Sailkatzeko bi kaxa mota jartzen dizkigute, neska edo mutil eta batean edo bestean sartu behar duzu, horretarako zaren horren erdia kanpoan utzi behar baduzu ere. Hasi aurretik, La mitad de Juan ipuina irakurtzea gomendatzen dizuet, gaian kokatzeko primerako iruditzen zait.

Hasiera batean sexua, arra eta emea desberdintzen dituen ezaugarri biologikoen multzoa bezala, eta generoa, sexuaren gainean sortutako eraikuntza kultural gisa ulertzen hasi baziren ere. 80-90eko hamarkadetan hainbat korronte feminista hau zalantzan jartzen hasi ziren.  Egun, Euskal Herriko Bilgune feministaren Sexualitatearen eztabaida  txostenean jasotzen den moduan,  bai generoa baita sexua ere, eraikuntza soziokulturala direla esan daiteke eta honela azaltzen digute:  “Egungo jendarte eredu dikotomiko honen gainean eraikitzen goaz, eta jendartearen instituzio ezberdinek (zientzia, komunikabideak, hezkuntzak…) eredu dikotomiko hau erreproduzitzen dute diskurtso ezberdinen bitartez”.

Ideia hauek buruan, nire inguruari begira pasa dut astea. Ikusi dudana ongi laburbiltzen duen, Isa Vázquez ilustratzailearen irudia zintzilikatzen dizuet. Sarreran aipatzen nizkizuen kaxak ageri dira bertan: genero estereotipoz beteta dauden kaxak dira. Luixa Reizabal, Maialen Eldua eta Idoia Areizagaren Zergatik hezkidetza? artikuluan azaltzen den gisa, gizon emakumeei buruzko uste hedatuei esaten zaie estereotipoak: “(...)nortasun ezaugarriek, rolek, motibazioek, ezaugarri fisikoek, gaitasun kognitiboek, jokabideek eta bestek osatzen dituzte” eta ondorengo taulan dituzue beraz, kaxa batean edo besteak aurkituko ditugun ezaugarriak.
Iturria: Zergatik hezkidetza?? (2015)
Baina nork jantzi dizkigu kaxak?

Geroz eta errazago atzematen ditugu, publizitateak, telebistak, haur txikien urdin eta arrosa koloreen dikotomian erortzen direnak, haurren jostailuak, familia eredu tradizionaletako rolak… baina eskolak ere sexu-genero sistemak ezarri dizkigun estereotipoak erreproduzitzen jarraitzen duela jakina da eta noski, hor irakasleok ere badugu zer egina. Hona hemen aste honetan nire inguruan izan ditudan hiru egoera:
  • Sarri hitz egin da, ikasleen amantala arrosa eta urdinez, baina irakasleon artean elkarri begiratu al diogu?  Geroz eta modernoagoak diren amantalek sekulako arrakasta lortu dute. Emakume eta gizonentzako modelo ezberdinak eskaintzen dituzte etxerik gehienek. Baina nork erosten ditu gehien? Nork erabiltzen ditu gehienetan? Zein kolore ditu bakoitzak? Zein forma? Noren antza dute... Estereotipoz josita dagoen modaren munduan ikasgelara ekartzen ari gara ohartu gabe.

  • Irakasle gelara irakasle berri bat etorri da, mutila bera. Dantzaria dela esan digu eta laster esan diote inguruko kideek aurtengoan aurreskua badakigu nork irakatsiko dien. Ez, nik balleta egiten dut izan da bere erantzuna. Euskal Dantzan soilik aritu ote daitezke mutilak?...Galdetu dionaren aurpegiak hori pentsatzen zuela argi erakutsi dit.

  • Klaustroa 10 emakumek eta hiru gizonek osatzen dugu. Irakasle gelako mahaiaren erdia ia pasata, bi gizonezkoen materialek hartzen dute. Kasualitatea ote?

Haurrak, familiak, jendarteak guztiek izango dute zer hobetu baina has gaitezen, autokritikatik, has gaitezen gure kaxak apurtzen eta berriak egiten. Ikasleenak berritu nahi baditugu eredu ezberdinak ikustarazteko ezinbestekoa baita. Horretarako jarraian zenbait baliabide gomendatzen dizkizuet:

Laburmetraiak:

http://www.rainbowproject.eu orrialdeak laburmetraiekin lan egiteko hainbat jarduera gomendatzen ditu. Nik bertatik, Papa´s boy laburmetraia (jarduerak) eta BOB (5.ariketa) hautatuko nituzke. Genero estereotipoez zuzenean hitz egiten ez badu ere, estereotipoei buruko hausnarketa bultzatzeko MOBILE laburmetraia ere benetan ederra da (jarduerak).

Filmeak:

Ondorengo blogean, estereotiporik markatzen ez duten hainbat film eskaintzen dizkigute haurrekin ikusteko,eredu berriak ezagutzeko.. Cine infantil sin estereotipos de género.

Ipuinak:
Amelia Barquinek, bere blogean bost liburu aurkezten dizkigu, genero eta estereotipoen gaiaz gain, transexulitatearena lantzeko aukera ematen digularik.

-Nerea García; ilustratzailea: Ángel Mª Remirez de Ganuza (2016). Ni Nerea naiz. Bartzelona: Bellaterra.
-Jessica Herthel eta Jazz Jennings; ilustratzailea: Shelagh McNicholas (2016). Jazz naiz. Bartzelona: Bellaterra.
-Alba Barbé i Serra  eta Sara Carro Ibarra; Ilustratzailea: Joan Turu da (2016): Cola de Sirena. Bartzelona: Bellaterrra.
-Pello Añorga; ilustratzailea: Jokin Mitxelena (2016). Ispilutxo. Donostia: Elkar.
-Ana Jaka; ilustratzailea: Patxi Gallego (2016). Marimutila naiz, eta zer?, Donostia: Elkar.
Aurreko ikasturteetan kideen sarrerak irakurtzean beriz, Olatzek bere sarreran gomendatzen duen bideo honekin gelditzen naiz, bertan watsappean hain erabiliak ditugun emotikonoen azterketa egiten du eta erabilgarria iruditzen zait ikasleekin lantzeko, euren errealitatetik oso gertu duten zerbait baita.
Ilustracion-Vazquez-Transexualidades-Lucas-Platero_EDIIMA20150306_0160_14.jpg
Isa Vázquez

Beharko ditugu baliabideak, aliantzak… oinez hasi bagara ere oraindik ere kilometro ugari ditugu aurrean eredu bitar eta hierarkiko honen gainean eraikita dagoen sistemak sistema patriarkalari erantzuten dion sexualitate eredua, emakumeen gorputzen kontrola eta menpekotasuna mantentzea helburu baitu. Amaitzeko, Isaren beste irudi bat erabiliko dut, oztopoak aurrean izango baditugu ere, kaxak erantzi, estereotipoak irauli eta norbere identitateak sortzen, eraikitzen hasteko unea baita.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina