2017/11/02

GENERO INDARKERIA ARNASTUZ BIZI OTE GARA?

Aste honetan zehar hamaika burutapen eta hausnarketa egin ditut nire baitan. Genero indarkeria egunerokotasunean oso presente dugun zerbait da, presentzia handia du. Kasu batzuetan ikuserrazagoa egiten zaigu, beste batzuetan nahiko ezkutuan agertzen da. Dena den, hor dago, eta ikusi egin behar dugu. Ezin dugu ezikusiarena egin! Ikusi eta ikusarazi egin behar dugu. Dugun errealitatea eta gertatzen dena argitara atera behar dugu (nahiz eta batzuen intereserako ezkutuan gordetzea komeni, eta oztopoak jartzen dizkiguten argitara ateratzeko).
Gure kultura patriarkatuak markatutako egunerokotasuna dugu, gizonezkoak oraindik ere boterea duena. Eta genero indarkeria ere honen ondorio da.  Modu batera edo bestera emakumeak erasotuak sentitzen dira. Erasoaz hitz egitean sarritan burura  fisikoa soilik etortze bazaigu ere, genero indarkeria gauzatzeko beste hainbat modu daude. Hain bisualak ez direnak. Nire aburuz psikologikoa da egunerokotasunean gehien duguna. Bai familian, bai bikote harremanetan, bai lagunartean. Harremanak aztertzen hasiz, nabari daiteke emakumeak erasotuak izan direla. Ez dut esan nahi erasope konstantean daudenik, baina bai uneren batean edo bestean, moduren batean edo bestean erasotuak izan direla. Baina guztiok kontziente al gara eraso horretaz?  Geroz eta kontzienteago bizi garen arren, oraindik orain, badira eraso hauek detektatzeko gai ez diren emakumeak. Kulturalki horrela hezi garenez, ekintza naturaltzat hartzen dituzte hainbat eraso. Edo eta, euren buruak jotzen dituzte erasoaren jatorriaren errudun.  Kontuak kontu, emakumeok ahaldundu egin behar dugu. Bizi dugunaz kontziente izan behar dugu, eta horren aurrean hitz ahartu eta ekin egin behar dugu. Hamaika dira emakumeak pairatzen dituen presioak, eta erasoak. Hona hemen BEIRA taldearen “Sar dadila kalabazan” kanta; errealitatearen isla da bideoklipa. Entzun!


 GENERO INDARKERIA IKASIA DA
Nire aburuz genero indarkeria ikasia da. Etxeko egoera behatuz ere horren zertzeladak nabari daitezkeela esango nuke. 3 urteko mutikoa eta 5 urteko neskatoa adibide hartuz, biak dira panpina zaleak, bihar dira motor zaleak, biei gustatzen zaie ganberrokeriak egitea, etab. Baina tarteka honelako esaldiak esaten dizkit neskatilak “Neskak txintxoak dira eta ez dute jotzen”. Baina ondoren ekintzetan bera da haserretzean jotzeko joera duen aurrena. Bestalde, 3 urteko mutikoak ez du jotzeko joerarik, antzerkiak egitean eta, ordea, badu jarrera oldarkorra hartzeko joera. Askotan pentsatu izan dut nondik sortzen zaizkion ideia horiek, norbaiten imitaziotik aterako dituela pentsatzen dut. Kontuak kontu, beraien benetako izateko era eta ondoren esan eta antzezten dutena zearo ezberdina dela nabari dut.Hori ikusita, teorian sartzen digutena izaten ikasten dugula esango nuke.  Neskatilok txintxoak izan behar dugula ikasten dugu, eta mutikoek oldarkorrak izaten ikasten dute. Behatuz, imitazioz eta entzunez barneratzen dugu gure izateko era hori. Baina lehen urteetako zertzeladak behatuz joera naturala ez dela hori esango nuke.

IHAZKO ADIBIDEA
Ihazko adibide moduan Auroraren post hau hartu dut. Proposatu dituen bideoak, asko gustatu zaizkidalako aukeratu dut. . “En el mundo de niños no se pega” bideoaz gain beste bi bideo aipatzen  dizkigu. Horien artean  “Correr como una niña” aipatze du, bideoa ez du eskura jarri, beraz orain nik atxikituko dizuet. Ea gogoko duzuen!



HEZKUNTZA ESPARRUAN

Ni neu ez naiz hezkuntza formaleko irakasle,  dena den nire practicumetako esperientzietaz hitz egingo dut. Hezkuntzan genero-indarkeria landu den aldia azaroaren 25aren biran egin izan dela esango nuke. Urte osoan zehar hamaika gai lantzen ditugu, hilero bada egun seinalaturen bat, eta eskolan gisa honetako egunak ospatzeko joera dugunez, azaroaren 25ean emakumeenganako indarkeriaren nazioarteko eguna ospatzen dugu. Egun berezia benetan. Azken practicumean, eskola morez apaindu genuen eta langileok morez jantzita joan ginen ikastolara. Hunkigarria! Berezia izan zen eguna bai? Baina egun bakarrera mugatu behar al dugu gure aldarrikapena? Egunerokotasunean izan behar luke presentzia horrek, eta hori da kostatzen zaiguna.  Eeremu hezitzailean genero-indarkeria lantzeko modurik aproposena harremanak direla esango nuke. Haurren eskolako ereduak euren irakasleak dira, beraz irakasleak gizon eta emakumeak izanik eredu horiek elkarren artean duten jarreran eta haurrekin duten jarreran dago oinarria.  Andereñoa eta maisuak genero indarkeriarik gabeko harremana badute, aukera handiagoa izango dugu haurrek ere eskolan horrelako jarrerak deuseztatzeko. Egia da erreferente nagusienak gurasoak dira, eta haurrak etxean ikusi eta ikasia dakar soinean jantzita. Dena den,  ikasitako eredu horiek des-ikasi daitezkeela badakigunez, gure erronka eskoletan eredu berriak, erreferentzia berriak eskaintzea da. Nire aburuz ez da ekintza zehatzetan landu behar gai hau, egunerokotasuneko harremanetan barneratu behar dugu eta orduan emango dizkigu fruituak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina