2017/10/29

Apur ditzagun kateak


Sexu-genero sistemak inposatzen digun determinismo dikotomikoak, zalantzarik gabe, sekulako mina eragiten digu guztioi. Bi sexu eta bi genero huts, soil, eta kitto. Horrela sailkatzen du jendartea sistema honek, eta eredu horietan kabitzen ez den pertsonak, ez du aitortua, onartua eta errespetatua izateko eskubiderik, ez eta ezeren parte sentitzeko zilegitasunik ere. 

Coral Herrerak dioen bezala, mundua den bezalakoa da jaiotzen garen unetik, eta horrela onartzera bideratzen gaituzte zakila edo aluarekin jaiotzen garen unetik, bere arau eta barroteen artean mugitzeko heziak eta haziak gara; eta mundua den bezalako onartzea besterik ez dugu, ustez behintzat, zoriontsu izan nahi badugu.Ona eta txarra, normala eta arraroa, polita eta itsusia… den dena hertsiki definituta duen sistemaren parte gara, eta bere olatuen dantzan mugitzen denak bide erraza izan dezake… hori bai, prototipo eta helduleku horietatik urruntzen denarentzako ez dago barkaziorik, ezta lekurik ere. 

Apur ditzagun kateak.

Hezkuntzak eta kulturak garamatzate sexu-genero sistemaren baitan bizitzera. Eta hala bada, hezkuntza eta ohituretan eragin zein eraldatuz alda daitekeen zerbait da, ezta?
Pertsona bat amaren barnean ernaldu eta hazten den momentutik, bere ingurua izaki horren etorkizuna eraikitzen hasten da. Oraindik orain bere gorputz atalak definitu barik daudenean, etengabeko galderak eta jakin-minak sortzen dira jendearen artean sexua zein izango duen jakin nahirik… horri atxikitako rol eta espektatiba guztiak eraikitzen hasten dira une horretatik bertatik eta berarekin etorkizun batean egingo dituen ekintza eta planak amesten eta aurreikusten ditu jakin eta berehala. Zein izen jarri, zein arropa erosi, kotxetxoaren kolore eta ezaugarri teknikoak, logelaren dekorazioa, oporraldi eta aisialdi ekintza gustukoak, jostailuen aukeraketak… Genero eta estereotipoei ondo loturiko plan eta asmoak dira guztiak. Honen aurrean jarrera kontziente eta arduratsu batekin jokatzea ezinbestekoa da pertsonaren askatasuna zaintze aldera. Eta horretarako, inguruan duen sare egonkorrarekin hitz egin, eztabaidatu, iritziak trukatu eta eguneroko harreman eta ekintzak modu kritikoan aztertzea garrantzitsua iruditzen zait. Haurra heziko den komunitatean alarma piztuta izatea komeni da egoerari aurre egin nahi badiogu behintzat.

Sexu generoaren banaketatik ihes egitea, ordea, ez da horren erraza, jendarte zabalean, jolas parke eta eremu publikoetan, tabernetan, kiroldegietan…etab. banaketa binario determinatzaile hori jaun eta jabe bilakatzen bada. Horietan ere esku hartzeko ahalegina egin behar da; hizkuntzaren normalizazioan hizkuntza paisaia zaindu behar dugun legez, feminismoan eta sistema honen deseraikuntzarako inguratzen gaituen iruditegi eta hizkuntza paisaiak ere sekulako indarra eta eragina baitu gure egunerokoan.

Niri eskoletako errealitatea datorkit burura. Haur hezkuntzan salbu, 6 urtetik gorako haurrak zein irakasle eta langile helduok komun eta aldagela bereiziak ditugula ohartzea besterik ez dago horretarako. Edota, gaur egun ere, gorputzak eta gorputz atalak lantzen hasten garenean sistema binario horren baitan erakusten direla dauden aukera bakanak. Horren aurrean gorputz-anitzak argitara atera eta curriculumean zein gure irakaskuntza jardueretan errotiko aldaketak egitea ezinbestekoa da, pixkanaka, eredu zapaltzaile eta baztertzaile honi frenoa jartzen hasteko.

Adibide andana aurki ditzakegu egunerokoari helduta eta apur bat behatuta. Bestelako postak irakurrita ideia eta gogoeta interesgarriak aurkituko ditugu. 

Nik  Maiteren honakoa hautatu dut, taula argia izateaz gain, sexu-generoaren banaketa modu grafikoan ulertzeko irudi esanguratsua duelako.

*ezkerrean duzuen hau



Zorionez baliabideak badira egun honako gaiak lantzeko. Chrysallis erakundeak ikastetxeetan eskuhartzeko liburuxka atera zuen orain gutxi, hedabideetan ere haurren transexualitatearen gaia joarratzen duten hainbat dokumental, bideo, elkarrizketa… eskura ditzakegu, eta batez ere, gorputz anitzak eta pertsona guztiak errespetuz tratatzeko jokabideak eta mezuak zabaltzen ari dira azken urteetan. Nahi baino erritmo eta eduki maila eskasagoarekin, baina duela gutxi baino dezente gehiago. Berri ona da hori.

Urtxintxak Emaisiaren elkarlanaz bilduma hezkidetzailea osatu du urte luzez, tangrama, irribarreen ibilbidea, memory jolasak… eta azken urteetako batean gorputz anitzak lantzeko liburuxka ere kaleratu zuen XAKE MATE bilduman bertan.

Hamarnaka oztopo ditugu egunerokoan sistema honi aurre egiteko. Lehenik eta behin, jendartea bera, gure ingurua. Onarpenaren mundua, eroso eta sistemaren barnean pozik bizi den jendeak jartzen digu lehen murrua parean. Oharkabean euren zilborra soilik ikusten eta euren inguru hurbila soilik axola zaion jende multzo horrek jartzen dizkigu harri multzoak muturren aurrean. Hedabide eta mass-medien programazio ankerrak ditugu etsai, egunerokoan eredutzat ditugun horiek. Eta nola ez, ustez hezitzaileak diren gure ume eta gazteentzako programazioak (goazen eta gutagutarrak, adib) ere ezin ahaztu. Futbolak eta lehiaren kulturak eragiten digun indibidualtasunak, botere goseak, oldarkeriak… ez dira iraultzarako aliaturik onenak… eta bienbitartean, ekaitzaren erdian, hamaika inurri txiki… munduari beste zentzu eta norabide bat marraztu nahian.

Txikiak izan arren nekaezinak gara ordea, beraz, ekin diezaiogun lanari. 
Gogoko bidean aldaparik ez.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina